Los Sirex taldeak kontzertu berezia emanen du bihar, ostiral arratsaldean, Gurutzeko plazan, Zaharren egunaren kariaz antolatuta

Los Sirex taldeak kontzertu berezia emanen du bihar, ostiral arratsaldean, Gurutzeko plazan, Zaharren egunaren kariaz antolatuta
Kontzertua 20:30ean hasiko da, eta abesti mitikoak izanen dira entzungai, Si yo tuviera una escoba eta Que se mueran los feos esaterako

Ostiralean, Gurutzeko plaza berriro ere gaztetuko da, bertan gogora ekarriko baitira aspaldiko artista eta taldeak, sanferminetan, urtero, musikari buruzko atzera begirakoa egitera gonbidatzen gaituztenak. Aurten, Los Sirex izanen da Zaharren egunaren kontzertuaren protagonista. Bost hamarkadatik gora eman dituzte agertokien gainean, Si yo tuviera una escoba eta horrelako beste kanta mitiko askorekin, eta horiek berriro ere izanen dira entzungai zuzenean, 20:30etik aurrera.

Los Sirex taldea 60ko hamarkada hasieran jaio zen. 1964 eta 1968 artean arrakasta nabarmena lortu zuen, bere single eta EPak Estatuko salmenta-zerrenden lehen postuetara iritsita. Gaur egun ere Espainiako rock talde handi eta historikotzat jotzen da. Taldearen musikaren bereizgarriak beti izan dira rock and roll puruaren eragina eta bere garaian izugarri ausartak ziren hitzak, zeinen ondorioz arazo bat edo beste izan baitzuten, zentsura zela eta.

1965ean Si yo tuviera una escoba abestia editatu zuen, gaur egun ere zenbait belaunaldik ahapetik abesten duten kanta, musika-ibilbidean gorakada erabatekoa ekarri ziona. Bere ibilbide artistikoaren beste une gogoangarrietako bat 1965eko uztailaren 3koa izan zen, The Beatles taldeak Espainian eman zuen bigarren kontzertuaren hasieran aritu baitzen. 1968 eta 1971 bitarte Latinoamerikan barnako bira hasi zuten, eta bertara eraman zituzten erritmoez ere arrakasta handia lortu zuten.

Gaur egun, jardunean dirau oraindik Los Sirex taldeak, duela jada bost hamarkada ospetsu egin zuen errepertorioa eskainiz. Ematen dituzten kontzertuetan ez dira falta haien ikur diren kantak: Si yo tuviera una escoba, Que se mueran los feos, Muchacha bonita, Solo en la playa, Tu nombre en las paredes eta abar. Emanaldi honen bidez gogora ekarriko da aspaldi sanferminetan dantzatzen zen musika, jatorrizko protagonisten eskutik, gainera.

Zaharren eguna
Los Sirexen kontzertuak biribilduko du zaharrei eskainitako sanferminetako eguna. Aurten egun hori ostirala da, eta badira festen programan zenbait ekitaldi berezi. 10:45ean, San Lorentzo elizako San Fermin Kaperan zaharren omenezko meza eginen da.

Mezaren ostean, 12:00etan, Sarasate pasealekuan egin ohi den jota-kantaldian haiendako eskaintza berezia eginen da. Yoar eta Jus la Rocha errondailak girotuko dute eguerdiko tartetxo hori, beren musikaz, jotez eta biribilketez. Ordu berean, 12:00etan, egitekoa da Iruñeko Udalak ehun urtetik gorakoei egiten dien harrera tradizionala, mende bat bizi izanaren ospakizun. Ekitaldia Udaletxeko harrera-aretoan izanen da, eta bertan egonen dira Iruñeko alkatea eta Udalbatzako kideak.