Los Bengala Zaragozako taldea igoko da asteazkenean Basotxoko aire zabaleko agertokira, Musika-aretoak kalean zikloaren barruan. Ekimen horren bidez, Udalak edukiera txikia zein handia duten aretoei babesa ematea du xede, baita koordinazioaren bidez espazio publikoetan ekitaldiak antolatzea ere. Oraingoan, Txintxarri aretoaren eskutik dator Los Bengala taldea: rocka, popa eta indiea uztartzen ditu, eta agertokietan hamar urteko ibilbidea du.
Los Bengala taldea Zaragozan sortu zen 2014an, Guillermannen eta Borja Téllezen eskutik. Pixkanaka, taldeak bere tokia aurkitu du Espainiako rockaren panoraman, bere estudioko hiru albumei esker. Incluso Festivos, Año Selvático eta Peligro de Extinción diskoei esker, jaialdi handietan eta mota guztietako areto eta ekitaldietan barna etengabe biratzen aritu dira. Hainbat jaialditan parte hartu dute, hala nola BBK Live, LOW, VIDA, Montgorock, SOS eta Noroesten, nazioarteko taldeekin agertokia partekatuta.
Halaber, hainbat sari jaso dituzte, esaterako Bartzelonako Cara B Jaialdiarena, New Delhiko Dada Saheb Phalkerena eta Aragoiko Musikaren Saria, Jodidamente loco abestiaren bideokliparengatik. Los Angeleseko Music Video Underground lehiaketan ere finalista izan zen.
Taldea duo gisa sortu zen, eta 2021ean baxu eta teklatu bana gehitu zizkioten, soinu sendo eta dinamikoagoa lortzeko. Horri guztiari esker, zuzeneko onenaren saria lortu dute aurten Aragoiko Musikaren Sarietan.
Udala eta Navarra Music Commission / NICDO lankidetzan ari dira Musika-aretoak kalean zikloko kontzertuak antolatzeko. Zikloa irailaren 17ra arte eginen da, eta askotariko musika-estiloak entzuteko aukera egonen da, hala nola rocka, punka, indiea, reggae esperimentala eta heavya.
Los Bengala taldearen ondoren, irailaren 3an, Basotxoan, Black Beltz taldearen txanda izanen da, Terminal aretoaren eskutik.
MUSIKA-ARETOAK KALEAN, 2025
Basotxo kalean, 20:00etan
Abuztuak 20, asteazkena: Los Bengala, Txintxarriren eskutik. Rock and Rolla / Indiea
Irailak 3, asteazkena: Black Beltz, Terminalen eskutik. Heavya
Irailak 10, asteazkena: Patxa, Krawillen eskutik. Heavya
Irailak 17, asteazkena: Chulería Joder, Zentralen eskutik. Punk rocka