Iruñeko Udalaren Lorezaintzako Lantegi-eskolako ikasleek konpostatze eta hondakinei buruzko berariazko prestakuntza batean parte hartu dute NUPen, non ezagutza teorikoetan sakontzeko eta unibertsitateko campusean hondakinen kudeaketa ezagutzeko aukera izan baitute. Prestakuntza hori Udalaren Jasangarritasun Eskolaren hondakinei eta klima-aldaketari buruzko ikastaroaren barruan dago, eta Agenda 21 Udal zerbitzuarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean garatu da. Ikastaroa NUPeko Ikaskuntza eta Zerbitzuko Katedraren barruan sartzen da.
Jardueran Arantzadi Enplegurako Prestakuntza Zentroko Lorezaintzako Lantegi-eskolako 17 ikaslek parte hartu dute, eta haiei NUPeko Lorezaintza taldeko beste bi lagun batu zaizkie, Ilundain Fundaziokoak. Prestakuntza Natxo Irigoien irakasleak eta Ingurumen Agrobiologiako masterreko ikasleek eman dute, eta hondakinek eragiten duten mundu mailako zein tokiko arazoei buruzko hitzaldi bat eta konpostatzeari buruzko eskola batzuk ere barne hartzen zituen. Gainera, parte-hartzaileek unibertsitateko eraikinetako eta kaleko edukiontzi eta paperontzietako hondakinak jaso eta bereizi zituzten.
Prestakuntza lantegiaren barnean sartzen zen halaber, jarduera praktiko bat egitea Nafarroako Unibertsitate Publikoko jantokietako konpostatze-eremuan, non ikasleek konposta egiteko prozesuaren fase ezberdinak ikasi baitzituzten eta heldu dagoenean bahetzen.
‘Kanpustatze’ proiektua
Konpostatze-eremua ‘Arrosadia Living Lab’ unibertsitate-proiektuaren parte da; 2019an jarri zen abian eta jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari buruzko ikaskuntza eta ikerketa sustatzea du xede, herritarrendako zientzia-jardueren eta ingurumen arloko boluntariotzaren bitartez.
Gehien nabarmentzen den jardueretako bat ‘Kanpustatze’ proiektua da, non campusetik atera gabe ikasleek jantokiko hondakin organikoak zein NUPeko lorategietako inausketen hondarrak konpost erabilgarri bihurtzen dituzten. Lorezaintzako Lantegi-eskolako ikasleek bertatik bertara egiaztatu zuten egun horretako gosari eta hamaiketakoen hondakinak ez zirela bosgarren edukiontzira botatzen, hiru metro eskasera baizik, eta bertan beste egun batzuetako hondakinekin nahasten lagundu zuten.
Jarduera horrez gain, lantegi-eskolako ikasleek Unibertsitate Publikoko praktiketako lursaila bisitatu zuten eta bertan ziazerbak landatu zituzten osagai ezberdinak zituzten hiru lorontzitan (% 100 hondarra, % 50 hondarra % 50 konposta eta % 100 konposta) nola hazten ziren aztertzeko. Hiru edo lau asteko epean ziazerbak hazteko osagairik onena zein den jakiteko aukera izanen dute. Gainera, beren lanerako erabilgarriak diren lur-osaerei eta -nahastei buruzko azalpenak jaso zituzten (putzuz betetako lurretarako, lur elkorrak medeatzeko, loreendako lurrak eta abar).
Xedea da ikasitakoa egunerokoan jartzea praktikan lorezaintzako lanetan.