Lola Fernándezek gaztelaniazko modalitatean eta Maialen Díazek euskarazkoan irabazi dute Iruñeko Udalak eta NAEk antolatutako Haurrendako antzerki-testuen XXVIII. Lehiaketa

Lola Fernándezek gaztelaniazko modalitatean eta Maialen Díazek euskarazkoan irabazi dute Iruñeko Udalak eta NAEk antolatutako Haurrendako antzerki-testuen XXVIII. Lehiaketa
Aurten 58 lan aurkeztu dira, iaz baino 10 gehiago, eta testugile irabazleek 2.500 euro jasoko dituzte, eta lanak ekoiztu eta estreinatzeko aukera izanen dute

Lola Fernández de Sevilla idazleak –Irse de casa -Mapa-Poema para niñas que se portan mal lanarekin gaztelaniazko modalitatean– eta Maialen Díaz egileak –Ilargiaren atzean lanarekin euskarazkoan– irabazi dute Iruñeko Udalak eta NAEk antolatutako Haurrendako antzerki-testuen XXVIII. Lehiaketa. Bakoitzak 2.500 euroko saria jasoko du, eta datorren urtean lana ekoiztu eta taularatzeko aukera izanen dute. Aurten 58 lan jaso dira, iaz baino 10 gehiago. Irabazleak aurkeztu eta lehiaketaren xehetasun guztiak eman dituzte gaur prentsaurrekoan María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko Zinegotzi Ordezkariak, Laura Villanueva euskarazko lanetako epaimahaiaren ordezkariak, eta Ramón Sarrías gaztelaniazkoen epaimahaikoak.

Jasotako 58 testuetatik, 49 gaztelaniaz ziren –horietako batzuk Latinoamerikatik bidaliak–, eta 9, euskaraz. Iazko edizioan 48 lan aurkeztu ziren, 41 gaztelaniaz eta 7 euskaraz; 2017an, aldiz, 55 aurkeztu ziren, 47 gaztelaniaz eta 8 euskaraz. Lehiaketaren helburuak dira haurrei zuzendutako dramaturgia sustatzea, antzerki garaikidea sendotzen eta bultzatzen laguntzea eta haurtzarotik antzerkigintzaren aberastasun kultural eta artistikoa handitzea. Epaimahaiak aurkeztutako lanen interesa nabarmendu du oro har, baita horietako batzuen maila altua ere.

Lola Fernández de Sevilla, batez ere narrazioak idazten dituen egilea
 

Lola Fernández escritora

 

Lola Fernández de Sevilla (Madril, 1982) dramaturgoa eta Filosofian doktorea da. Batez ere narrazioak idazten ditu, besteak beste, honako obra hauek: Cosas que hace Lucía, El señor de las experiencias y otros relatos, Tubérculos, La tormenta eta Desayuno. Aldian behin, bere ikuskizunetan zuzendari-lanak egiten ditu, hala nola Leonor debe morir edo Ballerina izenekoen kasuan. Ikertzailea ere bada, kolaborazioak egiten ditu hainbat argitalpenetan eta idazketa-eskolak ematen ditu. Helvéticas Idazketa Eskolako koordinatzailea da. 2018an Juan Cervera Saria irabazi zuen Ogros, espinacas y demás… Cómo contar lo terrible a niñas y niños en el teatro saiakerarekin.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, Irse de casa -Mapa-Poema para niñas que se portan mal lana antzerki- eta poesia-kalitate handiko testua da, zeinetan helduen eta haurren ahotsak entzuten baitira. Era berean, aipatu du proposamenak aukera handiak ematen dituela taularatzeari dagokionez, bere molde dramatikoaren originaltasuna dela-eta.

Maialen Díaz, NAEn ikasi duen aktorea eta dramaturgoa
 

Maialen Díaz escritora


Maialen Díaz aktorea da, dramaturgoa eta Lehen Hezkuntzako irakaslea, eta gaur egun Madrilen bizi da. Interpretazioa ikasi zuen Nafarroako Antzerki Eskolan, eta gero ingeleseko espezialitateko Lehen Hezkuntzako Irakasle-ikasketa gradua lortu zuen, baita Goi mailako Antzerki-ikasketetako masterra ere. Gainera, genero-perspektiba duen idazketa-performatiboan diplomaduna da, antzerkian prestakuntza akademikoa jaso du William Layton antzerki-laborategian.  Arte-esparruan duen esperientziari dagokionez, aktorea izan da hainbat obratan: All cats are beautiful, Se me ha quedado un cuento enredado en la boca, El embrujado eta El placer es nuestro/Plazera gurea da. Dramaturgo-lanak ere egin ditu (La casa más pequeña, Herrimin eta Greta liburuzaina). Bestalde, DBH eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako hainbat antzerki-lantegi eman ditu.

Lehiaketara aurkeztu diren bederatzi testuetatik epaimahaiak Ilargiaren atzean izenekoa saritu nahi izan du: “idazketa aberatsa du, istorioa oso ongi garatuta dago, eta emandako bukaerak oso ongi borobiltzen du testua. Bilbea bera oso ongi ulertzen da, eta ederki garatuta eta adierazita dago.” Hala, literatura-kalitatea agerikoa da, baita sormena ere. Azkenik, epaimahaiak aintzat hartu eta nabarmendu du ez dela zaila lana taularatzea.

Antzerkiaren munduko adituekin osatutako epaimahaia
Gaztelaniazko testuak baloratzeko epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolako zuzendari eta irakasle Fuensanta Onrubiak eta Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi duen zuzendari eta irakasle Ramón Vidalek osatu dute. Angela Monleón –Kazetaritzan lizentziaduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean– ere aritu da epaimahaian; bere ibilbide profesionala Primer Acto antzerki-aldizkarian hasi zuen, hasiera batean erredakzio-idazkari lanetan, eta gero, erredaktoreburu; RNEko América está cerca eta América 92 saioetan gidoilaria ere bada.

Euskarazko modalitatean Borja Ruiz, Estíbaliz Curiel eta Laura Villanueva aritu dira epaimahaian. Borja Ruiz –ikertzailea eta antzerki-zuzendaria– 2006an sortutako Kabia Teatro euskal konpainiako fundatzaileetako bat da. Konpainia hainbat agertokitan aritu da Espainian, Italian, Frantzian, Portugalen, Brasilen, Argentinan eta Estatu Batuetan. 2009az geroztik, Borja Ruízek iritzi-zutabeak idazten ditu Artezblai.com aldizkariaren bertsio elektronikoan “Mirada de Zebra” izenarekin. Estíbaliz Curiel sortzailea, irakaslea eta ilusio-sortzailea da; Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi zuen, Laura Villanueva aktore eta irakasleak bezala.

16 urtetik gorakoek parte har zezaketen lehiaketan, eta gehienez ere hiru lan aurkeztu, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak. Testuek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar zuten (testu bera ezin zen bi modalitateetan aurkeztu), beste ezein lehiaketatan saritu gabeak, eta ezein konpainiak (profesionala edo amateurra) estreinatu ez izanak. Gainera, iraupenak haurrendako antzezlan batek zenbat iraun ohi duen eta horren adinakoa izan behar zuen.