
Tokiko Gobernu Batzarrak Iruña eta Burlata lotuko dituen oinezkoendako eta ziklistendako ibilbidearen obra-zuzendaritza lizitatzea onetsi du. Lan hori Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan finantzatuko da, Next Generation EU funtsen bidez. Lizitazioaren zenbatekoa 163.596,67 eurokoa da; horietatik 148.267,66 euro 2024rako izanen dira eta 15.329,01 euro 2025erako.
2024an eta 2025ean eginen da obra-zuzendaritzaren kontratuaren adjudikazio eraginkorra, obra esleitzen den unean, hain zuzen ere. Obra hori lizitazioan dago gaur egun, ingurumen- eta paisaia-hobekuntzak txertatu ondoren. Jarduketaren helburua da txirrindulariendako eta oinezkoendako pasabide berriaren lanak behar bezala egitea, hiri-mugikortasuna hobetzeko.
Proposamen teknikoaren (50 puntu), eskaintza ekonomikoaren (40 puntu) eta irizpide sozialaren (10 puntu) arabera kalitate-prezio erlaziorik onena duen eskaintzari esleituko zaio kontratua. Proposamen teknikoan kontuan hartuko dira proiektuaren azterketa (25 puntu gehienez), prozesuaren eta metodologiaren deskribapena (20 puntu) eta obraren berme-eperako aurreikusitako arreta-plana (5 puntu).
Obra-zuzendaritza eta bizikleta eta oinezkoendako ibilbide berriaren obra bera Iruñeko Udalak, Burlatako Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza dira. Obren lizitazioa eta adjudikazioa Iruñeko Udalari badagokio ere, apirilaren 5ean alderdiek sinatutako hitzarmenaren arabera, zenbatekorik handiena, 4.082.327,83 euro, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak Nafarroako Gobernuaren bitartez transferitzen dituen Next Generation EU funtsei dagokie. Iruñeko Udalak 824.239,42 euro jarriko ditu, eta Burlatakoak, 27.546,50 euro.
Bidegorri berriak 1.188 metroko luzera izanen du Beloso aldapak eta Burlatako Kale Nagusiak eta Bizkarmendia kaleak bat egiten duten biribilgunetik Nafarroa Behereko etorbideko bidegurutzera, eta hortik Media Luna parkera. Helburua da espazioak berrantolatzea, hiru metroko zabalera izanen duen bi noranzkoko bidegorri bat lortzeko, galtzadatik eta oinezkoentzako espaloitik bereizita. Aurreikuspenen arabera, obrak 2024ko otsailean hasiko dira.
