Literatura-ibilbideak, ginkanak, bisita gidatuak eta ihes joko bat, horra Iruñeko jarduera turistikoen eskaintza, hiriburuaren potentziala erakusteko

Literatura-ibilbideak, ginkanak, bisita gidatuak eta ihes joko bat, horra Iruñeko jarduera turistikoen eskaintza, hiriburuaren potentziala erakusteko
Udan zehar San Bartolome gotorlekua zabalik egonen da, eta turistei arreta emateko udal-zentroen ordutegiak luzatuko dira

Iruñeko Udalaren uda honetarako turismo-eskaintzak jomuga ditu harresiek eta Done Jakue Bideak hiriari eskaintzen dizkioten erakargarritasunak, eta datorren irailera arte literatura-ibilbideak, ginkanak eta gaien araberako hiriko bisita gidatuak eskaintzen ditu, baita doako ihes-joko bat ere. Horrez gain, handitu egin da hilabete hauetan zehar turistentzako erreferentziazko udal-puntuetako arreta eta edukiera: Iruñeko Turismo Bulegoak eta Ultreia–Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroak luzatu dituzte ordutegiak, eta Harresien Interpretazio Zentroa (San Bartolome gotorlekua) berriz ere egonen da zabalik uda partean.

Uda iristearekin batera, Iruñeko Udalaren Turismo bulegoak jendaurreko ordutegiak luzatu ditu eta 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara zabalik egonen da asteko egun guztietan, irailaren 15era arte. Halaber, osasun-murriztapenetan izan diren aldaketek edukiera handitzea eta arreta-postu bat gehitzea ahalbidetu dute. Ultreia–Donejakue bidearen interpretazio-zentroak (kale Nagusia, 20) ere luzatu ditu ordutegiak uda partean zehar. Irailaren 15era arte, egunero irekiko dute 10:00etatik 14:00etara, goizez, eta 16:00etatik 20:00etara, arratsaldez, 12 lagunentzako gehienez baimendutako edukieraz. Done Jakue urte honetarako, udal zentro hau erromesei harrera egiten espezializatu da, eta informazio espezializatua eskaintzen du Donejakue Bide frantses guztiaren gainean, bai eta aholkularitza ere bideari ekin nahi diotenei.
Oporraldiarekin batera, berriz ere zabaldu ditu ateak San Bartolome gotorlekuko Harresien Interpretazio Zentroak. Bisitak doan egin daitezke abuztuaren amaierara arte, 11:00etatik 14:00etara, goizez, eta 17:00etaitk 20:00etara, arratsaldez, astelehenetik larunbatera, eta 11:00etatik 14:00etara, igandeetan. Udal-zentroak behar besteko informazioa ematen du harresiak eta haien osagarriak ezagutzeko.

Literatura-ibilbideak eta bisita gidatuak, Iruña ikuspegi ezberdinetatik ezagutzeko

Iruñeko Udalak uztailaren 6tik 14ra bitarte proposatutako literatur ibilbideen arrakasta ikusita, jarduera hau udan zehar ere eginen da, literatur lanen pasarteetan abiapuntu duten ibilbide gidatuen bitartez. Kasu honetan, ibilbidea aldatu da: irteera Zaldi Zuritik Entzierroaren monumenturantz, NAPIn, Mercaderes kalean, Udaletxe plazan, Zapateria kalean, San Nikolas kalean eta Gazteluko plazan barna. Sarrerak https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/  webgunean eskuratu daitezke, bi euroan, eta 1,50ean Pamplona Iruña Card txartela dutenentzat. 12 urtetik beherakoek ez dute ordaindu behar parte hartzeko. 

‘Iruña ezinbestekoa’ bisitak gai batzuk hurbiltzen dizkie bisitariei: hiriko historia, sanferminak, Donejakue bidearen garrantzia, parke eta lorategiena, gastronomiarena. Ibilbide gidatu hau egunero abiatzen da Turismo bulegoaren aterpeetatik goizeko hamaiketan. 7 euro balio du helduentzat; 5,50, Pamplona Iruña Card txartela dutenentzat; 3 euro, 12tik 14ra artekoentzat, eta doan, hamabi urtetik beherakoentzat.
Horrez gain, asteartetik larunbatera, arratsaldez, berariazko bisitak antolatu dira hiria ikuspegi ezberdinetatik erakusteko, hala bertakoei nola turistei, adin guztiei zuzenduta. ‘Hemingway eta bere Iruñearekiko grina’ bisitak toki esanguratsunenetan barnako ibilbidea eskaintzen du, kazetari estatubatuarraren bizipenetatik abiatuta, eta ‘Istorio ezezagunak toki ezezagunetan’ ibilbideak Iruñeak eta bertako kaleek eta plazek gordetzen dituzten sekretu batzuen berri ematen dute. Beste bi bisitak harresiak eta haien eginkizuna hirian eta tradizioetan hartzen dute jomuga. Haietako bat ‘Iruña, gotor-hiria’ Artxibo Nagusitik abiatzen da eta zenbait gune bisitatzen ditu, hala nola Guadalupeko Bastioia eta Labriteko pasabidea; bestea, ‘Ziudadela, gure izarrik hoberena’, harresien barrutian barnako ibilbide gidatua da. Bisitek 7 euro balio dute helduentzat; 5,50, Pamplona Iruña Card txartela dutenentzat; 3 euro, 12tik 14ra artekoentzat, eta doan dira, hamabi urtetik beherakoentzat. Sarrerak https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ webgunean har daitezke. 

Bi ginkana eta ihes-joko bat Iruñearen sekretuak sakon ezagutzeko

Harresien Interpretazio Zentroa izanen da abiapuntua ‘Iruñearen blokeoa’ ihes-jokorako,  eta harresietan barna eginen du gero, behaketa- eta bitxikeria-proba batzuen bidez. Doakoa da eta guztira ordu eta erdi inguruko iraupena dauka. Edozein pertsonak egin dezake, bakarrik edo taldeka. Jokoa eskuratzeko, https://www.escapemurallas.es/ esteka erabil daiteke, edo San Bartolome gotorlekuko sarreran dagoen QRa eskaneatu. Jokoak 18 asmakizun jartzen ditu mahai gainean, hala gaztelaniaz nola euskaraz, eta jokalariek beren gailu mugikorrak erabilita bilatu behar dituzte emaitzak. Parte hartzeko baldintza bakarra da internet-konexioa edukitzea, posta elektroniko bat ematea eta lokalizazioa aktibaturik izatea.

Uda honetan berriz ere ginkanak egonen dira familientzat; haien bidez hiriaren erakargarritasunak emanen zaizkie ezagutzera hala bisitariei nola iruindarrei beraiei ere. Bi proposamen doako eta paregabe dira, Donejakue Bidea eta harresiak ardatz dituztenak. ‘Bidean lehena’ ginkanak Iruñearen balioa azpimarratzen du Donejakue Bideko lehen hiri gisara. Horrez gain, Bideak hiriarentzat duen balioaz ohartarazten gaitu, eta Ultreia Bidearen Interpretazio Zentroaren eskaintza ezagutarazten du. Uztailaren 13, 21 eta 29an, eta abuztuaren 6, 14, 17 y 25ean izanen da, 19:00etan, eta Turismo Bulegotik abiatuta. ‘Taconerako sekretuak’ ginkana 4 eta 10 bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendua da, ordu eta erdiz dirau, eta Taconerako Portaletik abiatuko da uztailaren 17, 20 eta 28an eta abuztuaren 13, 21 eta 24an, 19:00etan. Edukiera kontrolatzeko asmoz, aurrez izena eman behar da, https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ webgunean, bi ginkanetan parte hartzeko.

 

Gaikako bisita gidatuen datak eta irteera-tokiak

  • Hemingway eta Iruñearekiko bere zaletasuna: Uztailak 6,14, 22 eta 30. Abuztuak 7,10,18 eta 26, 19:30ean. Irteera Turismo Bulegotik.
  • Istorio ezezagunak toki ezezagunetan: Uztailak 9, 16, 24 eta 27. Abuztuak 4, 12, 20 eta 28, 19:30ean. Irteera Turismo Bulegotik.

Iruña, gotor-hiria: Uztailak 7 eta 23. Abuztuak 3 eta 19, 19:00etan. Irteera Nafarroako Artxibo Nagusitik.

  • Ziudadela, gure izarrik hoberena: Uztailak 15 eta 31. Abuztuak 11 eta 27, 19:00etan. Irteera Ziudadelako atetik, Armada etorbidean.
¿Te ha sido útil esta página?