Iruñeko Udalaren Gazteendako XXX. Literatur Lehiaketak ere bere aletxoa jarri nahi du COVIDak eskatzen dituen isolamendu-neurriak direla-eta dekretatutako itxialdia hobeki eramaten laguntzeko. Horretarako, oinarriak aldatu dituzte, eta gaurtik aitzina entrega-prozedura berri bat gaitu da, erabat digitala, etorkizuneko idazleak animatzeko sormena askatzera aisialdiko egun hauetan.
Apirilaren 30a da epemuga 14 eta 18 urte bitarteko gazteek narrazio laburreko eta poesiako jatorrizko lanak entregatzeko, hala gaztelaniaz nola euskaraz. Dagoeneko ez da lanak fisikoki entregatu behar; horren ordez certamenliterario@casajuventud.com posta-helbidera bidaltzen ahalko dira lanak, mezu elektroniko arrunt batean, “gaia” atalean hauxe jarrita: Iruñeko Udalaren GAZTEENDAKO Literatur Lehiaketa. Mezu elektronikoaren gorputzean beste datu hauek adierazi beharko dira: hizkuntza, modalitatea (narrazioa edo poesia), lanaren izenburua, egilearen adina 2020ko apirilaren 30ean eta ikasturte honetan zein ikastetxetan dagoen matrikulaturik.
Horrez gain, sortzaileek narrazioa edo poema zein izenorderekin aurkeztu duten jarri beharko dute Lana testu-fitxategi gisa erantsiko da. Bi fitxategi erantsi beharko dira: bat lana izanen da, zein izenbururekin aurkezten den eta horrekin izendatuta, eta bestea, plika gisa balioko duen fitxategia. Hori izenordeaz izendatuko da (kanpo-izena), eta fitxategiaren barruan datu hauek eman beharko dira: egilearen izena, bi abizen, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.
Oinarriak www.letrajoven.com / www.letragaztea.com helbideetan kontsultatu daitezke, eta hor daude ikusgai, baita ere, aurreko edizioko lan irabazle guztiak. Izan ere, edizio honetatik aurrera ez dira paperean argitaratuko saritutako kontakizun eta poemak; aldiz, biltegi moduko batean “eskegiko” dira, eta horrela etengabe hedatuko dira, ia mugarik gabeko publikoa izanen dutelarik. Saritutako lanak maketatu eta internautendako eskuragarri jarriko dira, pdf formatuan, eta deskargatzen ahalko dira, hedapen librea izan dezaten.
4.400 euro sarietan
Urte hauetan guztietan parte-hartze zifrak ezberdinak izan diren arren, 3.800 lan inguru aurkeztu dira guztira. Oinarriek hiru sari ezartzen dituzte modalitate eta kategoria bakoitzeko, hiru lanik onenendako. Lehen sariak 300 eurokoak izanen dira, bigarrenak 200 eurokoak eta hirugarrenak 150 eurokoak. Halaber, epaimahaikideek modalitate eta hizkuntza bakoitzeko bina accesit ematea proposatzen ahalko dute, bakoitza 100 eurokoa.
Gaztelaniazko epaimahaian zinegotzi ordezkaria arituko da buru, eta hauek izanen dira epaimahaikideak: Carmen Catalán eta Itziar Aragüés Hizkuntza eta Literaturako irakasleak; Margarita Leoz, Literaturan aditu gisa, bere garaian saridun izan eta orain epaimahaikide aritzen den lehen gaztea, hiru lan argitaratuta dituelarik, eta Gazteriako udal-teknikari bat. Epaimahaiko idazkari-lanetan Ana Parody arituko da, Gaztediaren Etxeko arduraduna. Euskarazko modalitateetarako epaimahaia oraindik izendatu behar dute.
Oinarrien laburpena
Hiru hamarkadako ibilbidea egin duen lehiaketa honetan parte har dezakete bizitokia edo ikastetxea orain Iruñean duten gazteek, 14 urte beteta eta 19 urte baino gutxiago badituzte lanak aurkezteko mugaegunean. Bi kategoria ezarri dira adinaren arabera: lehenbizikoan sartzen dira 14tik 16 urte bitarteko gazteak, eta bigarrenean, 17tik 18 urtera bitartekoak.
Egile bakoitzak lan bakarra aurkezten ahalko du modalitate bakoitzean; idazlanek gai librea izan behar dute, eta gaztelaniaz edo euskaraz idatziak izan. Halaber, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Ezin izanen da lan bera bi hizkuntzetan aurkeztu. Poesia modalitatean, lanen luzerak 14 bertsokoa izan beharko du gutxienez, eta 40koa, gehienez ere. Narrazio laburrek, berriz, 2 orri izan beharko dituzte gutxienez, eta 5 gehienez, alde bakar batez idatziak eta lerro artean tarte bikoitza utzirik.
Lehiaketan parte hartzeak berekin ekarriko du sarrera libreko argitalpenak egiteko eskubideen lagapena onartzea, Creative Commons lizentziapean, saririk jasoz gero. Lizentzia horrek lana erabiltzeko aukera emanen du, betiere egiletza aitortzen bada, merkaturatzen ez bada eta lan horretatik bestelako lanik eratortzen ez bada.