Liceo Monjardíneko ikasleek beren ikastetxearen inguruko oinezkoen pasabideetan sortutako gune berriak margotu dituzte, hiriko lehen eskola-igarobide segurua egiteko

Liceo Monjardíneko ikasleek beren ikastetxearen inguruko oinezkoen pasabideetan sortutako gune berriak margotu dituzte, hiriko lehen eskola-igarobide segurua egiteko
Eskola Ingurune Seguruen Planak hartzen du barne, eta Sagrado Corazón, Jesulagunen, Karlos III.a eta Ninia Etxea ikastetxeek ere hartu dute parte

Aste honetan, Liceo Monjardín, Sagrado Corazón eta Jesulagunen ikastetxeko eta Karlos III.a ikastetxe teknikoko ikasleak elkarrekin ari dira Eskola Ingurune Seguruen proiektuari lotutako jarduera bat egiten. Oinezkoen pasabideen aurreko eremuak handitzeko eta ibilgailu motordunen kopurua murrizteko, hirigintza-jarduketa bat egin da jada; eta horren osagarri izango da ikasleak gune berri haiek era librean margotuz egiten ari diren esku-hartzea. Horrela sortuko da hiriko lehen eskola-igarobide segurua.

Guztira, 120 bat ikaslek hartuko dute parte ekimenean, Monjardín Eskola Ingurunea izenekoan. Asteartean Liceo Monjardíneko ikasleen txanda izan da, eta irudi geometriko koloredunez apaindu dituzte gune berriak. Horrela, ikasleek esku-hartzea bere gain hartzen dute, eta gunea berreskuratzen. Ez da lan makala; izan ere, ikastetxeek eta ikasleek hala bidegurutze berrien diseinuan nola oinezkoen pasabideen margoketan –jarduketa honi esker– parte hartu dute. Halaber, proiektu hau garatu bitartean, ikasgelan honako gai hauek landu dira: jasangarritasuna, ingurumena, berdintasuna, begirunea, elkarbizitza... Gai horiek diseinuetan islatu eta eskola-igarobide seguru berria apaintzeko erabiliko dituzte.

Mugikortasun jasangarri eta segururako egindako jarduketei esker, zenbait eremu irabazi zaizkio galtzadari Larrabide, Zangoza, Joan Paulo II.a, Agoitz, Paulino Caballero, Aralar, Media Luna, Eguesibar eta Monjardín bideetan, eta eremu horiek margotuko dira, hain zuzen. Irudi geometrikoekin batera, buru-hausgarri piezak edo zeruaren eta txorien, zuhaitzen eta animalia txikien irudikapenak ere aurkitu ahalko dira, baita parke, lorategi eta loreena ere. 

Ninia Etxea haur-eskolak (Agoitz kalean) ere proiektuan parte hartzen du, baina ikasleen adina dela eta, eskolaren inguruneko oinezkoen pasabidearen margoketa ez da bertatik bertara egin. Hori horrela, Karlos III.a ikastetxe teknikoko ikasleak prest agertu dira haur-eskolako inguruko oinezkoen pasabideak irudi geometrikoez eta edozein izan litekeen hiri baten zerumuga-irudiez margotzeko. 

Jarduera hau egiteko, astelehenetik ostiralera, goizez, Iruñeko Udaltzaingoak  zirkulazioa moztuko du zer eremutan lanean ari diren eta horietan, salbu eta Iruñerriko hiri-garraiorako, larrialdietako ibilgailuetarako, garajetan sartzeko eta bestelakoetarako. Iruñeko Udalak jarduera hau egiten ari diren ikasleei margotzeko zein babeserako materialak eman dizkie, betaurrekoak, eskularruak, lohihartzekoa eta altxagarriak, besteak beste, lana segurtasun- eta iraunkortasun-berme guztiak izanik egin dezaten. 

Hirigintza-jarduketak, margoz eta mutiloiz
Monjardín Eskola Ingurunea proiektuan, nagusiki, eremu horretako oinezkoen pasabideak eraldatzen dira, horietatik ibiltzen direnen ikusgaitasuna eta segurtasuna hobetzeko. Era berean, ibilgailu pribatuaren eremua murrizten da, bidearen zati bat oinezkoen joan-etorrietarako berreskuratuz, eta ibilgailu motordunen zirkulazio-abiadura murrizten duten osagaiak ere paratzen dira. Esku-hartze zehatzak azken asteotan gauzatu dira, oinezkoentzat sortutako gune berriak zedarritzen dituzten mutiloiak jarriz eta eremuak zein osagaiak margotuz eta seinaleztatuz. 

Azkar egindako jarduketa izan da, seinaleztatze-enpresa batek burutua, eta aurrekontuaren aldetik onargarria. Iruñeko Udalaren asmoa honelako jarduketa motak auzoetara hedatzea da. Izan ere, esku-hartzea espaloiak zabalduz eta zintarrien beheraguneak eta horrelakoak eginez izango balitz, hirian lauzpabost zebrabidetan bakarrik egin liteke. 

Ekainaren 24tik aurrera, behin eskolak eta ikasturtea amaituta, jarduketa gehiago egingo dira ikastetxe hauen inguruan. Hori horrela, beste jarduketa bat egingo da kalean, Bergamín eta Taxoare kaleetako espaloiak eraldatuz, Jesulagunen ikastetxearen inguruan. Gainera, oinezkoen hiru pasabide goratu sortuko dira Monjardín kalean, Sagrado Corazón eta Liceo Monjardín ikastetxeetako sarrera-irteeretan. 
 

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia