LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ekainaren 28an ospatuko da (larunbata), eta hori dela-eta, Iruñeko Udalak elkarretaratze bat egin du udaletxearen aurrean: Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Udalbatzako kideek eta LGTBI+ taldeen ordezkariek parte hartu dute. Udalak adierazi du ”pertsona guztien artean berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko konpromiso tinkoa duela, alde batera utzita haien sexu-orientazio, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitatea.”
Noelia García Rueda eta Edurne Pérez Unanua Dekumas LBT emakume lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteko bi ordezkariek Herritarren Aferen Batzordean asteartean onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Adierazpenean LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren jatorria azaldu dute: 1969an sortu zen mugimendua, New Yorken, trans, lesbiana, gay eta bisexualen aurkako bazterkeriari aurre egiteko. Ordutik, lege eta planei esker, aurrera egin du mugimenduak, baina adierazpenean ohartarazten den moduan, “ezin da autokonplatzentzian erori.”
Halaber, Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotziak Udalaren konpromisoen berri eman du. Hain zuzen ere, Udalak azpimarratu du “LGTBI+ taldeen eskubideen defentsaren aldeko konpromisoa sendotuko duela, sexu-orientazioagatiko, genero-adierazpenagatiko eta sexu- eta genero-identitateagatiko diskriminazio, gorroto eta indarkeria orori aktiboki aurre eginez.” Gainera, konpromisoa hartu du “hirian politika publikoak bultzatzeko, Iruñeko Udalaren Sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI+ berdintasunaren I. Udal Plana martxan jartzeari esker.”
Adierazpenaren beste atal baten arabera, Udalaren asmoa hauxe da: “LGTBI+ elkarte eta taldeekin aktiboki elkarlanean aritzea, historian zehar egin duten lana eta gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen izan duten funtsezko rola aitortuz.” Azkenik, Udalak “herritar guztiak hauspotu ditu LGTBI+ taldeen aldarrikapenen parte izan daitezen eta LGTBI+ Harrotasunaren Eguneko ekitaldiekin bat egin dezaten.”
Ekitaldian Enklabe Dantza taldeak dantza-emanaldi bat eskaini du: Ainhoa Carrerak eta Miguel Nuñok Harrotasoinua lana interpretatu dute, gaur goizeko ekitaldirako berariaz sortua.