Lezkairuko haur-eskolaren diseinuak solairu bakarreko eraikina proposatzen du, energiari dagokionez buruaskia, zenbait egiturarekin eta bi isurialdeko teilatuekin

Lezkairuko haur-eskolaren diseinuak solairu bakarreko eraikina proposatzen du, energiari dagokionez buruaskia, zenbait egiturarekin eta bi isurialdeko teilatuekin
Zentroak 0 eta 3 urte bitarteko 114 haurrendako lekua izanen du, eta egonaldi oso eta erdiko zerbitzuak eta familiendako espazioa eskainiko ditu

Lezkairuko haur-eskolak Berdintasun plazaren lurzati baten ondoan izanen du kokalekua. 2.000 metro koadroko eraikina izanen da, estai bakarrekoa, zenbait egituratakoa, bi isurialdeko teilatuduna eta buruaskia energiari dagokionez. Aurreikusita dagoen edukierarekin bat, 0 eta 3 urte bitarteko 114 haur hartzen ahalko ditu. Hurrengo urratsa proiektuaren beraren erredakzioa izanen da, 60 eguneko epean egin beharrekoa; hortaz, urtearen  amaierarako prest egonen da. Hurrengo faseak –obra gauzatzeari eta eraikitzeari lotuak– haiei esleitzen ahal zaizkien aurrekontu-partiden araberakoak izanen dira. Aurreikusita dago obren hasiera 2020ko aurrekontu-proiektuan sartzea.
 

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak eraikitze-proiektua erredaktatzeko kontratuaren esleipena onetsi du, eta, halakorik eginez gero, Lezkairuko Haur Eskola eraikitzeko obraren zuzendaritza ere. Esleipena AA Mutilva, Arquitectos Asociados enpresari eman zaio, guztira 152.999,66 euroan (76.499,83, proiektuaren erredakzioa egiteko, eta 76.499,83, balizko obra zuzentzeko), lizitazio-preziotik % 15 gutxiagoan. Fermin Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta José Ignacio Alfonso Proiektuetako buruak azaldu dituzte hautatutako diseinuaren zehaztapenak, non enpresa esleipendunak 2.973.821 euroko aurrekontua egin duen.
 

Lezkairuko haur-eskola hezkuntza-ikastetxe publiko berritzaile gisa gorpuztu da, eta bertan hiru zerbitzu osagarri eta aldiberekoak batuko dira: egonaldi osoa, egonaldi erdia eta familiendako espazioa. Aurreikusita dagoenaren arabera, 0 eta 3 urte bitarteko 71 haur hartuko ditu egonaldi osoko hiru modulutan (2-3 urte, 1-2 urte eta 0-1 urte) eta 43 haur, egonaldi erdiko bi ikasgelatan (2-3 urte eta 0-1 urte). Guztira 0 eta 3 urte bitarteko 114 haur hartzen ahalko ditu. Gainera, familiendako espazioan 102 familia hartzen ahalko ditu txandaka. Bertan, familiak seme-alabekin egoten ahalko dira eta proposamenak aurkitu haziera modu egokian gauzatzeko.

 

Proyecto escuela Lezkairu



Gune zentralaren eta kanpoko guneen garrantzia

Eraikinak, berez, lurzatiaren % 43 beteko du. Eguesibar kaletik harrera-berdegune batera sartuko da, eta hortik haur-eskolara. Eraikinaren sarreran pergola bat dago hura babestu eta nabarmentzeko. Zerbitzu-sarrera (langileak, hornidura, elikagaiak) beste toki batean egonen da, Eguesibar kalearen aldean. Eskola osoa kota berean dago, arkitektura-oztoporik gabe, nahiz eta lurzatian 3 metroko desnibela izan. Administrazio-zerbitzuen aldean dago desnibel hori, bereizita baina arrapala baten bidez eraikinean integraturik dagoen bolumen batean.
 

Behin eskolara sartuta erdigune batera iristen da, burdin-langako gune bat zeharkatuz, non kotxe-aulkitxoen gordelekua eta barne biltegi bat –material pedagogikoa gordetzeko– kokatuko baitira. Erdigune horrek lantegi zirkularreko aldea hartzen du, eta barne-loturako eginkizuna betetzen du, bertatik eskuragarri baitira eskolako espazio gehienak. Erdigune horren eredua errepikatu egiten da bigarren mailakoen moduko bi atondo-gunetan, bertatik irakaskuntza-espazio ezberdinetarako sarrera (ikasgelak, familiendako espazioa, sukaldea, jantokia, administrazio-gunea) antolatzeari begira. Guneak elementu ireki eta garden gisara antolatuta daude, eta bideraturik daude, baita ere, patiorantz eta kanpoko lorategirantz.
 

Erdigunea kanpoko aldera luzatzen da, patiora irteteko portxea jarraipen-gunea osatuz. Portxeari atxikirik materiala gordetzeko biltegi txiki bat dago, kanpoko gune estalirako. Eraikina inguratzen duen kanpoko gunea ere funtsezkoa zen diseinuan, lotzeko, horrela, haur-eskolen proiektu pedagogikoari. Maila eta material ezberdinetako terrazen segida gisara diseinatu da, lurzoruaren sestrei egokitzeko eta, sekretuen lorategiaren kontzeptu metaforikoarekin bat, ikasgelak eta kanpoko moduluak harremanetan jartzeko, proiektuaren oinarrietan islaturik zegoen bezala. 
 

Diseinuak izkin egin dio ikasgelak linea-zirkulu bati itsatsita baterian modu zurrun batean antolatzeko egiturari, eta erdigune baten inguruan mugitzen den eraikin baten alde egin du, non izaera perimetral eta organikoko harremana ezarri baita kanpoko guneekin. Hautatutako diseinuak bazter utzi du protagonismo arkitektonikoa eta haurrendako eremu aberats eta pedagogiko baten alde egin du. Sortuta dago, halaber, ia kontsumo nuluko eraikin gisara, egur laminatuko panelen eraikuntza-sistema batez, non erantsita baitago egiturazko eta itxiturazko sistema jasangarria eta gaitasun bioklimatiko handikoa.

 

Proyecto Escuela Infantil

 

¿Te ha sido útil esta página?