Lezkairuko Haur Eskolako kanpoko diseinua ikus daiteke dagoeneko, eta zurezko egituraren % 90 jarrita dago jada

Lezkairuko Haur Eskolako kanpoko diseinua ikus daiteke dagoeneko, eta zurezko egituraren % 90 jarrita dago jada
Lanek orain zinkeko estalkia, instalazioen arteko loturak eta barnealdeko banaketak dituzte ardatz
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Lezkairuko Haur Eskola izanen dena itxura hartzen eta bere diseinu bereizgarria zehazten ari da. Jarri dute jada zurezko egituraren % 90, gutxi gorabehera, eta beraz, dagoeneko hautematen dira zentroak azkenean izanen dituen formak eta dimentsioak. Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak gaur goizean bisitatu du haur-eskola lanen bilakaera ezagutzeko eta gaur egun egiten ari diren lanak egiaztatzeko, bereziki, estalkia eraikitzeari eta instalazioak konektatzeari dagozkionak.

Dagoeneko hautematen dira zurezko nerbioak dituzten bi isurialdeko teilatuak, haur-eskola berriaren identitate-zeinuetako bat, eta baita fatxadaren konfigurazioa eta sarrerako pergola ere, zeinaren bidez 0 eta 3 urte bitarteko adingabeak eta beren familiak barrutira sartuko baitira. Zurezko egitura ia guztiz jarri ondoren, haur-eskolak bere espazioa, luzetarako nabeak eta zeharkako bi lerroak zedarritu ditu jada. Orain egiten ari diren lanak lotuta daude 0 km-ko zelulosaz egindako estalkiaren isolamenduarekin, eta baita zurezko egiturarekin, zinkeko estalkiarekin eta horien akaberekin (ia % 70 inguru egina dago).

Barruko guneetan pladurreko hormak jartzeari ekin diote, hainbat gela sortzeko. Gaur egun lehenengo bi moduluetan ari dira lanean, egonaldi erdiko zein osoko bularrekoei zuzendutako eremuei dagozkienak. Halaber, zentroan jarduera egiteko beharrezkoak diren hainbat instalazio konektatzen ari dira, hala nola aireztapena, argiztapena eta saneamendua. Ekainean amaitu ziren instalazioak lur azpitik eramateko lanak, eta orain dagozkien harguneetara konektatu behar dira. Datozen asteetan isolamendua jarriko da, ondoren zoru erradiatzailea jartzeko.

Obra-amaiera, 2022ko otsailerako aurreikusita

Lanak aurreikusitako epean gauzatzen ari dira, eta otsailerako amaituko direla aurreikusi da. Horrela, haur-eskola 2022-2023ko ikasturterako egon liteke zabalik. Zentroak barne hartuko ditu haur-eskola bat –egonaldi osokoa eta erdikoa– eta familiendako gune bat.

Haur-eskola batez ere beheko solairuan eginen da, eta hainbat modulu izanen ditu bertan eginen diren funtzio ezberdinetarako: ikasgela, logela-lantegia, bainugela, jantokia eta biltegia duten 0 eta 3 urte bitarteko haurrendako moduluak; familia-espazioa ikasgelekin, lantegiarekin, bainugelarekin, komunarekin eta sukalde-bilera gunearekin; zerbitzu-gunea bilera-aretoarekin eta zuzendaritza-bulegoekin, sukaldea jantokiarekin, bulegoak, biltegiak, garbitegia, aldagelak eta komunak, eta kanpoko guneak, estaliak eta aire librean.

Hain zuzen, kanpoko guneen diseinua proiektuaren ezaugarrietako bat da. Kanpoko espazio perimetral hori terraza-segida baten moduan diseinatu da, maila eta material ezberdinetan, lurzoruaren sestrei egokitzeko moduan, sekretuen lorategiaren kontzeptu metaforikoari egokitzen saiatuta. Magalean, dagoeneko sortu dira ibilbide horietarako bideak eta instalatu da jada naturguneetarako tantakako ureztatze-sistema.

¿Te ha sido útil esta página?