Lezkairuko Civivox berria gasolindegiaren ondoko udal-lurzati batean kokatuko da, auzotarren baloraziorik onena jaso baitu kokaleku horrek

Lezkairuko Civivox berria gasolindegiaren ondoko udal-lurzati batean kokatuko da, auzotarren baloraziorik onena jaso baitu kokaleku horrek
Udalak arkitektura-lehiaketa bat antolatu du eraikina diseinatzeko, eta 2027ko azken hiruhilekoan has litezke eraikina eraikitzen
Parcela Civivox Lezkairu

 

Lezkairuko Civivox berria auzoko gasolindegiaren ondoko udal-lurzati batean kokatuko da, Joan Paulo II.aren etorbidetik gertu. Iruñeko Udalak aukera hori hautatu du Lezkairuko bizilagunen baloraziorik onena jaso duelako, kokapen hori proposatutako beste lurzatia –Maravillas Lamberto plazan– baino irisgarriagoa baita. Halaber, balioesten dute civivox berriari esker gune hori Lezkairuko haurrendako eta adinekoendako topaketa- eta aisialdi-gune bihurtuko dela.

Abenduaren 16an Iruñeko Udalak parte hartzeko saio bat antolatu zuen Lezkairun, auzotarrek civivoxaren kokapen onenari buruz zuten iritzia jasotzeko. Hauxe zen xede nagusia: Lezkairun bizi diren pertsonen bizipenetan, pertzepzioetan eta gizarte-dinamiketan oinarritutako ikuspegi bat eskuratzea.

Behin auzotarren ekarpenak jasota, hurrengo urratsa eraikina diseinatzeko arkitektura-lehiaketa deitzea da. Lezkairuko Civivoxa eraikiko den udal-lurzatia Carlos Sanz Biurrun kalearen eta Joan Paulo II.aren etorbidearen artean dago, eta Alberto Toca Echevarría eta María Lacunza kaleek mugatzen dute. Udalaren asmoa da 2027ko azken hiruhilekoan eraikitzen hastea. 

Parte hartzeko prozesua
Iruñeko Udalak Lezkairuko Civivox berriari buruzko erabakiak hartzeko prozesuan aurrera egiteko saio ireki bat antolatu zuen abenduan: auzotarren iritzia entzuteko aukera paregabea izan zen, haiek baitira auzoko gizarte-bizitzako jardueren protagonistak. Civivox berria kokatzeko hautagai diren bi udal-lurzatiek zer abantaila eta desabantaila zituzten ezagutzea zen helburua, hau da, Maravillas Lamberto plazarenak, eta Joan Paulo II.aren beste aldean dagoen udal-lurzatiarenak (gasolindegiaren ondoan). 

Hirurogei auzotarrek parte hartu zuten saioan, eta bi lurzatiak bi ikuspegi hauetatik baloratu behar izan zituzten: alde batetik, adinekoen ikuspegitik, eta bestetik, haurren eta nerabeen ikuspegitik. Udal-teknikariek dinamizatu zuten parte hartzeko topaketa, eta lurzati bakoitzaren abantailei eta desabantailei buruz hausnartzea eskatu zieten parte-hartzaileei: zein dinamika positibo indartuko lituzke civivoxak kokapen bakoitzean, zein topaketa, gizarte-bizitza eta harreman piztu zitezkeen, inguruko zein alderdik mugatu edo ahultzen ahal zuten zentroaren gizarte-ekarpena, eta zein gizarte-arrisku sortzen ahal zuen kokaleku bakoitzak. 

Parte-hartzaileak (25 emakume eta 35 gizon) bat etorri ziren, eta askoz abantaila gehiago aurkitu zizkioten Lezkairu Civivox berria gasolindegiaren ondoko lurzatian egiteari. Honako alderdi hauek nabarmendu zituzten: etxebizitza-eremuan hobeto kokatuta egotea; zuzkidurak hobeto banatuta egotea, Maravillas Lamberto plazan pilatuta egon gabe; eta eremuko merkataritzan izan lezakeen eragin positiboa. Halaber, aintzat hartu zuten pertsonak egoteko beste plaza bat sortzeko aukera, baita bistak eta berdegune eta eremu irisgarri gehiago sortzea ere.

Auzoko haur eta nerabeak kontuan hartuta hainbat abantaila ikusi zizkioten aukera horri: ikastetxetik eta haur-eskolatik gertu egotea, liburutegiarendako eremu lasaiagoa izatea eta ikasle-egoitzatik gertuago egotea. Kokaleku horri esker auzoko topaguneak bikoiztuko zirela ere nabarmendu zen.

Eragozpenei zegokienez, honako hauek aipatu zituzten: gasolindegia ikusiko zela, zirkulazioaren abiadura, eremu irisgarri eta seguruak sortzeko beharra eta Maravillas Lamberto plazarekin oinezkoendako konektibititatea hobetzeko beharra. 

Maravillas Lamberto plazan kokatzeari buruzko gogoetak
Aipatu moduan, Udalak Lezkairuko Civivoxa kokatzeko beste lurzati bat hartu zuen kontuan, Maravillas Lamberto plazan: oraindik garatu gabeko espazio bat da, eta bertan hainbat etxebizitza-bloke eta merkataritza-lokal eraikitzea aurreikusten da. Lurzatia Joan Paulo II.aren etorbideak eta Isabel Garbayo Aldaya, Mutiloagoiti eta María Lacunza kaleek mugatzen dute. 

Horri buruz, auzotarrek honakoa nabarmendu zuten: civivoxak plaza dinamizatuko zuela, adinekoek eremu hori erabiltzea erraztuko zuela, bai eta haurrendako irisgarriagoa izanen zela, parketik hurbil baitago eta errepiderik igaro beharrik ez baitute. Gainera, kokapen hori saltokietatik hurbilago dago, eta proposatutako beste lurzatia beste zuzkidura batzuetarako erabil liteke.

Hala ere, eragozpen gisa adierazi zuten civivoxa lurzati horretan eraikitzekotan auzoko merkataritza- eta zuzkidura-jarduera plaza berean pilatuko zela, eta horrek auzoa bereiziko zuela. Auzokideak, halaber, kezkatuta zeuden plazaren inguruan dagoen trafiko kopuruarekin eta irisgarritasun-faltarekin, bai eta villavesen geralekutik urrunago egoteagatik ere.
 

¿Te ha sido útil esta página?