Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Iruñeko Udalaren Plantilla Organikoaren proiektua 2021erako. Aldaketa nagusiak Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrean eginen dira, Lezkairuko auzo-unitatea sortu eta Udalak bere gain hartu dituelako Haurtzaroa babesteko zerbitzuak. Nolanahi ere, proiektuak jasotzen dituen aldaketek ez dute apenas gastu berririk sortuko langileriaren esparruan.
Lanpostuak 2020an sortutako antolamenduzko errealitate berriaren eta heldu den urterako aurreikusitakoaren arabera aitortu eta egokitzea da plantilla organikoaren proposamenaren abiapuntua. Garrantzi berezia ematen zaio Gizarte Zerbitzuetako eta Komunitate Ekintzako alorren zerbitzuak indartzeari, egungo pandemiak eta haren ondorio ekonomiko eta sozialek areagotzen ahal dituzten babesgabetasun-defizitei aurre egiteari begira. Halaber, proiektuan sindikatuekin onetsi eta udal-gobernuko organoekin berretsitako Baldintzen Akordioen azken konpromisoak islatzen dira, sustapen, kategoria eta ordainsariak homologatzeko akordioei dagokienez, Udaltzaingoarena kasu.
Proiektuan, lanpostuak ez amortizatzen eta beste berriak ez sortzen saiatzen da, eta horren ordez, jada dauden lanpostuak birmoldatzeko bitartekoa erabiltzen da, oro har langileria-gastuak ia-ia bere horretan mantenduz. Proposamenak, hortaz, aldaketa gutxi ditu, eta gutxi horiek Udalaren giza baliabideak modu ordenatuan kudeatzera zuzenduta daude, eta ez hainbeste alorretan ematen diren zerbitzuetan hazkunde edo aldaketa garrantzitsuak bere gain hartzera.
Gobernu Batzarrak onetsitako plantilla organikoak barne hartzen ditu Lezkairuko auzo-unitateko lanpostuak finkatzea; izan ere, kontratazioak premiaz egin ziren 2020. urtean. Gizarte Laneko hiru tituludun eta administrari laguntzaile osagarridun bat dira. Haurtzaroa eta Familia babesteko Programan 17 lanpostu daude: Gizarteratzeko goi mailako 14 teknikari, Psikologiako 1, Pedagogiako 1 eta Haurtzaro eta Familia babesteko programako burutza 1, izendapen librekoa.
Beste zenbait aldaketa ere egin dira, hauei lotuta: profil-aldaketa, Community Manager lanpostuan, Udaltzaingoko lanpostu batzuk betetzeko sistema-aldaketak edota bateraezintasuna duen Erdi-mailako tituludun lanpostu bat Etxez Etxeko Lantaldean berrezartzea. Halaber, lau lanpostu izenez aldatu dira haien eginkizunen deskribapenetara hobeki egokitzeko, mailak aldatu dira, dela hitzarmen kolektiboetan hitzartutako sustapenengatik, dela erretiroak direla bide banakako sustapenak amaitzeagatik, eta, amaitzeko, hamabi lanpostu baino gehiago birmoldatu dira antolaketa-beharrengatik.