Emakume erronkariarren jantzi tradizionala arte hutsa da berez. Jantzia osatzen duten atal guztiak. Artea da bere sorkuntzan, eta historia eta tradizioa bere interpretazioan. Leyre Arraizak horretan guztian sakondu du eta Muskoko instalazio artistikoan berrasmatu du: Ziudadelako Labean bisitatzen ahalko da ekainaren 28ra arte. Artistak eta Íñigo Gómez Eguíluz Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zuzendariak gaur (asteazkena) aurkeztu dute erakusketa. Leyre Arraizak jantzien zati baten izena hartu du erakusketari zentzua emateko.
Izan ere Muskoko da erronkariar jantzia osatzen duen mantelinaren erdigunea markatzen duen borlaren izena. Artistak mantelinari uko egin dio, tradizioaren pisuari entzungor eginez, “besoak libre izan behar dituelako”; sortzeko, dantzatzeko, izateko libre. “Mantelina ez eramatea dantzan egin nahi izatea da beti”, aitortu du, jantziaren beraren hizkuntzari kontrajarrita, non jantzi bakoitzak esanahi bat duen eta bakoitzaren kokapenak eta erabilerak zentzu konkretu bat. Hain zuzen ere, Arraizak Muskokoarekin jolasten du, ispilua saihesteko elementua eta erdigunea aurkitzeko lengoaia; baina, horrez gain, begiratzeko eta zeharkatzeko beste modu bat ere bada, berak deskribatzen duen moduan.
Esanahi eta tradizio horretan guztian oinarrituta, Leyre Arraizak ehun sotil eta arinak erabili beharrean zura aukeratzen du bere instalazio artistikoan. Zuloz beteriko zura da, eta erdigunea markatzeaz ez ezik, espazioa eta begiratzeko, zeharkatzeko eta dantzatzeko beste modu hori nabarmentzen du.
Izabako artistak tradizio horiek guztiak bizi izan ditu, eta horiek berrinterpretatzea erabaki du. Artean graduatua eta Ikerketa eta Sorkuntzako masterduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, arkitektura-kutsua duen eskulturaren aldeko apustua egin du, bere jakin-min artistikoa erakuste aldera. Artistaren jardunak paisaiaren egunerokotasunetik esploratzen ditu espazio eta gorputzaren arteko harremanak.
Bere obra talde eta bakarkako erakusketetan egon dira ikusgai Huarte Zentroan, Rekalde aretoan eta Montehermoso Kultur Zentroan, besteak beste. Halaber, hainbat sari eta beka jaso ditu, hala nola Ertibil Bizkaia, Nafarroako Artista Gaztearen Saria eta BilbaoArte Fundazioan egonaldia. Heretica(s) kolektiboko kidea da, eta performance eta ikerketa eszenikoko proiektuak garatzen ditu 2023tik, jaialdi eta espazio batzuetan kolaboratuz, hala nola Bulegoa z/b, Rekalde Lanean, Eremuak eta Inmersiones Gasteiz.