Let´s Opera ikuskizuna Iruñera helduko da otsailaren 29an, gazteak operazale bihurtzeko asmoz, horretarako teknologia berriak eta aplikazio digitalak baliatuta

Let´s Opera ikuskizuna Iruñera helduko da otsailaren 29an, gazteak operazale bihurtzeko asmoz, horretarako teknologia berriak eta aplikazio digitalak baliatuta
Ekitaldia Baluarten izanen da, eta Opera Out of Opera proiektu europarraren barruan dago, zeinetan Nafarroako Ganbera Operak parte hartzen baitu
lets opera

 

Opera agertoki handi eta kultuetatik ateratzea, eta kalera, ikusle gazteengana eta hiriko arteetara hurbiltzea, horra hilaren 29an Iruñera iritsiko den Let’s Opera ikuskizunaren xedea. Ekimen apurtzaile bat da, dimentsio anitzetik opera beste arte-adierazpide batzuekin harremanetan jartzen duena, hala nola dantza, rap, gazte-musika, argiztapen, soinu eta irudiarekin.  Ekitaldia, doan eta adin guztietako publikoari zuzendua, 20:00etan hasiko da, eta bertan Iruñeko zenbait musika zein arte-entitatek parte hartuko dute, Nafarroako Ganbera Operak koordinatuta. Horixe iragarri dute gaur María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak, Txema Lacunza Nafarroako Ganbera Operako gerenteak eta Pablo Ramos ikuskizunaren zuzendari artistikoak Kondestablearen jauregian eginiko prentsaurrekoan.
 

Arte-ikuskizun hori Opera Out of Opera izeneko proiektu europarraren barruan dago, zeinak teknologia berriak operaren zerbitzura jarri nahi baititu. Europa Sortzailea-Kultura programak finantzatzen du, eta Nafarroako Ganbera Operaz gain honako hauek ere parte hartzen dute: Erromako Santa Cecilia Kontserbatorioa (Italia), Salzburgoko Mozarteum Unibertsitatea (Austria), Bruselako AEC-Europako Kontserbatorioen Elkartea (Belgika) eta Atenasko Art-On Petit Opera du Monde (Grezia). Bost entitate horiek 2018ko irailetik ari dira publiko gaztea erakartzeko ekimenak lantzen. Ildo horretan, 2019an ‘flashmob’ bat antolatu zuten Erromako aireportuan, eta antzezpen bat hiriaren erdialdean. Atenasen ere zenbait emanaldi egin zituzten. Orain Iruñearen txanda da, eta martxoan, Austriako Salzburgo hiriak hartuko du lekukoa.
 

Musika-programa bozkatzeko APP bat

Proiektuak telefono adimentsuetarako ‘Opera Out of Opera’ izeneko aplikazio interaktibo bat jarri du abian, Google Play zein Apple Store bidez deskarga daitekeena. Haren bidez, Iruñeko ikuskizunera bertaratzeko asmoa dutenek programako obrak zein ordenatan ikusi nahiko lituzketen bozkatzeko aukera izanen dute. Proposamen artistikoaren asmoa da ibilbide bat egitea opera garrantzitsuenetako aria ospetsuenetan barna, hala nola Carmen, Figaroren ezteiak, Turandot, La Traviata, Rigoletto, Cavaleria Rusticana, Tancredi edo Txirula Magikoa. Publikoak gaurtik (otsailak 20) otsailaren 29ko 12:00ak arte (larunbata) bidali ahal izanen ditu obrak interpretatzeko ordenaren inguruko botoak.
 

Aplikazioa AEC-Europako Kontserbatorioen Elkartearen bulegoak eta Santa Cecilia Kontserbatorioak diseinatu dute proiektuaren gainerako bazkideen laguntzarekin. Bozkatzeaz gain agertokira eramandako arien libretoak eta sinopsiak eskuratzea ahalbidetzen du, baita ikus-entzuleen iruzkinak biltzea ere.
 

Erroma, Salzburgo eta Atenasko bederatzi promesa liriko gazteren ahotsek osatzen dute Let’s Opera. Iruñeko ikuskizunean, horiez gain hiriko zenbait musika- eta arte-entitatek ere parte hartuko dute. Zehatz-mehatz, ekitaldiko musika-instrumentazioaz Iruñeko Gazte Orkestra arduratuko da, Michelangelo Galeati maisuaren zuzendaritzapean. Bestetik, Nafarroako Unibertsitateko Abesbatzak eta Nafarroako Ganbera Operako abesbatzak opera hauen koru ospetsuak abestuko dituzte:  Pucciniren Durandoteko Nessun Dorma, Verdiren Traviatako Brindisi, Verdiren Nabucco operako Va pensiero eta Bizeten Carmen operako Habanera.
 

Proposamen berritzaileenetariko bat Isusko rapzale nafarrak ikuskizunean izanen duen parte hartzea izanen da; haren musikak opera bere ohiko testuingurutik ateratzen lagunduko du eta raparekin eta krumparekin –dantza-diziplina moderno bat– harremanean jartzen. KRUMP Iruña eta Nafarroako Ganbera Operako dantza taldea arduratuko dira dantzaz. Eta Iruñeko Joaquín Maya Musika Eskolako Perkusio taldeak zenbait pieza labur joko ditu Salva Tarazona irakasleak gidatuta.
 

Nafarren aztarna proiektu europarrean

Nafarroako Ganbera Opera Europako Opera Out of Opera proiektuko partaide izateari esker gozatu ahal izanen dugu Iruñean opera ikuskizun moderno eta gaurkotu honetaz.  Nafarroako konpainia batek Europa Sortzailea programako proiektuan parte hartzen duen lehen aldia da. Ganbera Operak adierazi bezala, sormena berritzearen eta nazioartekotzearen aldeko apustua sendotzeko aukera bat da.
 

Nafarroako Ganbera Opera 2003an sortu zen, ikuskizun ezberdin eta eszenaratze berritzaileen bidez lirika heldu eta haurrengana  hurbiltzeko asmoz. Espiritu hori bera eraman du orain Let’s Opera ikuskizunera, non hura sortzen ez ezik, agertoki berritzaile eta digitalak sortzeko artista digitalak aurkitzen ere lagundu duen, proiektuko beste lau bazkideekin batera. 
 

Let’s Opera ikuskizuna
  • Eguna eta tokia: Otsailak 29, 18:00etan, Baluarte Auditoriumeko Mezanina aretoan
     
  • Sarrerak: Sarrera doan eta adin guztietako publikoarentzat
     
  • Fitxa artistikoa
    • Orkestrak: Iruñeko Gazte Orkestra
    • Musika-zuzendaria: Michelangelo Galeati.
    • Casting-eko zuzendaria eta ahots-irakaslea: Mario Antonio Díaz Varas.
    • Let’s Opera Iruñako zuzendari artistikoa: Pablo Ramos.
    • Artista bisuala: Charalampos Sevozlidis.
    • Interpretatzaileak: Ayşe Şenogul, Nutthaporn Thammathi, Désirée Giove, Giacomo Nanni , Sang Jin Jang, Chihiro Hachiya , Christos Delizonas eta Marita Paparizou.
    • Artista gonbidatuak: Joaquín Maya Musika Eskolako Perkusio Taldea, Isusko DJ, Nafarroako Ganbera Operako Abesbatza eta dantza-taldea, Nafarroako Unibertsitateko Abesbatza eta Krump Iruña.
       
  • Musika-programa
    • MOZART  - Txirula Magikoa: “Zu Hilfe, zu Hilfe“ “Until „Ich, ich, ich!“
    • BIZET – Carmen: “Je vais danser” – “Habanera“
    • VERDI – Rigoletto: “Bella figlia dell'amore”
    • MASCAGNI – Cavalleria rusticana: “Tu qui Santuzza”, “Ah, lo vedi, che hai tu detto“ 
    • VERDI – La Traviata: “Brindisi”
    •  NEW! ROSSINI – Tancredi: O patria!... …Tu che accendi questo core…Di tanti palpiti
    • PUCCINI – Turandot: “Nessun dorma”        
    • MOZART – Figaroren ezteiak: “Gente, gente, all'armi, all'armi!”
    • VERDI. “Va pensiero
    • G. ROSSINI: Duetto buffo di 2 gatti