Iruñeko Udalak Lekuko proiektuaren beste edizio bat jarri du abian, hirian merkataritza-ekintzailetza bultzatzeko. Proiektuak Iruñeko saltoki txikien egoera banan-banan hautematea du helburu, belaunaldi-aldaketa prozesuak aurreratu, merkatariei eskualdatze-prozesuan lagundu eta hirian historikoak diren saltokien nahi gabeko itxierak gutxitzeko.
Ixtear dauden saltokien merkatariek, eskualdatze-prozesuarekin lotutako izapideak hasi behar dituzten horiek, alerta goiztiarreko tresna teknologiko bat izanen dute eskura, salmenta-koadernoa prestatu eta belaunaldi-aldaketa errazteko. Proiektuaren inprimakia bete eta gero, bildutako datuen bidez eskualdatuko den saltokia hauteman eta interesa izaten ahal duten ekintzaileei jakinaraziko zaie, eskualdatze ordenatua egiteko: laguntza eta aholkuak emateko egutegi bat baliatzen da, eta hori behar-beharrezkoa da eskualdatze-prozesua arrakastaz gauzatzeko.
Saltokiei eta ekintzaileei arreta pertsonalizatua emateko zerbitzu hori lekuko@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez eskatzen ahal da. Hala, behar duten informazio guztia helaraziko zaie negozio-ideia bat duten, saltokia eskualdatzeko lokalak behar dituzten eta eskualdatze- edo salmenta-prozesua abian duten edo abian jartzeko asmoa duten ekintzaileei, eta kasuen arabera, zerbitzu jakin batzuk ematen dituzten entitateekin jarriko zaie harremanetan.
Belaunaldi-aldaketa sustatzeko Lekuko programa aurrez aurre egiten da Iruñeko Merkataritza lokalean (Mercaderes kalea 11). Udal-programak modu koordinatuan lan egiten du merkatarien elkarteekin, Merkataritza Ganberarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, eta hain zuzen ere, azken horrek dirulaguntza baten bidez finantzatzen du programa.
