Leitzako Jeiki Abesbatzak hasiko du Abesbatzak sarean kontzertu-zikloa, Mendillorriko Civivoxean

Leitzako Jeiki Abesbatzak hasiko du Abesbatzak sarean kontzertu-zikloa, Mendillorriko Civivoxean
Zikloa Nafarroako Abesbatzen elkartearekin batera antolatu da, eta zortzi emanaldi izanen dira urtarrila bitarte, hiriko bost civivoxetan
coros red jeiki leitza

 

Abesbatzak sarean zikloa larunbatean hasiko da Mendillorriko Civivoxean, Leitzako Jeiki Abesbatzaren emanaldiarekin. Urtarrilera bitarte bost civivoxetan egitekoak diren zazpi kontzertuetatik lehena izanen da. Kontzertu horiei gehitu behar zaie Kondestablen urriaren 13an eginen den III. Otxote Jaialdia. Horietan guztietan sarrera librea da. Zikloa Nafarroako Abesbatzen Elkartearekin elkarlanean antolatu da.

Leitzako Jeiki Abesbatza 1974an sortu zen, Leitzako Abesbatza Taldearen errautsen gainean sortu ere. Azpimarratu beharreko kontzertu batzuk eman ditu, hala nola XVI. mendeko polifoniakoa, Kontserbatorioko zuzendaria eta musikari nafar distiratsuenetako bat izandako Fernando Remacharen omenezkoa eta Sinfonietta Académica Orkestrarekin batera emandakoak, sona handiko egileen (Haendel, Bach, Schubert, Mozart eta abar) obrak interpretatuz. Nekane Piñuelak zuzentzen du abesbatza. Kontzertua Mendillorriko Civivoxean izanen da, 19:30ean, eta sarrera librea da aurrez gonbidapena hartuta. 

Bestalde, heldu den astean, urriaren 13ko igandean, 12:30etik aitzina, Kondestablearen Jauregiak Nafarroako Abesbatzen Federazioaren III. Otxote Jaialdia hartuko du. Lau talde arituko dira, horietako bi emakumeek osatuak –Bilboko Jatorki Abesbatza eta Baionako Enara– eta beste bi gizonek osatuak –Donostiako Ozenki eta Iruñeko Gizonok–. Azaroan, beste lau hitzordu izanen dira: hilaren 15ean, ostiralarekin, Jesusen Bihotzaren parrokiako abesbatzaren kontzertua, Iturramako Civivoxean; 16an, larunbatarekin, Lesakako Abesbatzaren emanaldia Juslarrocha Civivoxean; 24an, igandearekin, Londresko Blossom Street Singers, Mendillorriko Civivoxean; eta 30ean, larunbatarekin, Tubala Uxoa abesbatzaren emanaldia, hura ere Mendillorrin.  

Azken bi kontzertuak abenduan eta urtarrilean izanen dira. Abenduaren 13an, ostiralarekin, Sanduzelaiko Civivoxean, Oibarreko Aritza Abesbatza arituko da, eta urtarrilaren 12an, igandearekin, Iruñeko Ganbera Abesbatzaren Haur eta Gazte Koruak buru emanen dio zikloari, Kondestablen.

 

ABESBATZAK SAREAN. NAFARROAKO ABESBATZEN ELKARTEAREKIN ELKARLANEAN
  • Urriak 5, larunbata. 19:30. Mendillorriko Civivoxa
    • LEITZAKO JEIKI ABESBATZA
    • Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapena hartuta
  • Urriak 13, igandea. 12:30. Kondestable Civivoxa
    • III. OTXOTE JAIALDIA (NAFARROAKO ABESBATZEN FEDERAZIOA)
      • BILBOKO JATORKI ABESBATZA OTXOTEA (emakume-ahotsak)
      • DONOSTIAKO OZENKI OTXOTEA (gizon-ahotsak)
      • BAIONAKO ENARA OTXOTEA (emakume-ahotsak)
      • IRUÑEKO GIZONOK OTXOTEA (gizon-ahotsak)
    • Sarrera librea
  • Azaroak 15, ostirala. 19:30. Iturramako Civivoxa
    • IRUÑEKO JESUSEN BIHOTZAREN PARROKIAKO ABESBATZA
    • Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapena hartuta
  • Azaroak 16, larunbata. Juslarrocha Civivoxa
    • LESAKAKO ABESBATZA
    • Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapena hartuta
  • Azaroak 24, igandea. 12:30. Mendillorriko Civivoxa
    • LONDRESEKO BLOSSOM STREET SINGERS
    • Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapena hartuta
  • Azaroak 30, larunbata. 19:30. Mendillorriko Civivoxa
    • TAFALLAKO TUBALA UXOA ABESBATZA
    • Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapena hartuta
  • Abenduak 13, ostirala. 19:30. Sanduzelaiko Civivoxa
    • OIBARREKO ARITZA ABESBATZA
    • Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapena hartuta
  • Urtarrilak 12, igandea. 12:30. Kondestable Civivoxa
    • IRUÑEKO GANBERA ABESBATZAKO HAUR ETA GAZTE KORUA
    • Sarrera librea
¿Te ha sido útil esta página?