Zinema eta ingurumeneko Ecozine jaialdia Iruñera etorri da lehenbiziko aldiz, eta horren barruan zenbait proiekzio egingo dira, maiatzaren 8tik 19ra, Golem Baiona zinematokietan eta Iturramako Civivoxean. 2008az geroztik, jaialdi hori urtero egiten da Zaragozan, ingurumenarekin lotutako ikus-entzunezko ekoizpenak -hedapen urria dutenak- hedatu eta sustatzeko asmoz, horien zabalpena handitze aldera, hala Espainian nola nazioartean.
Ecozine Kultur elkarteak eta Zaragozako Udalak antolatutako jaialdiaren egoitza bihurtuko da Iruña, eta hori horrela, lau film luze proiektatuko dira atal ofizialaren barruan, eta film laburren zenbait saio egingo dira, gazteen atalean, DBHko, prestakuntza-zikloetako eta Batxilergoko ikasleendako. Atal ofizialeko saioak Golem Baiona zinematokian izango dira, maiatzaren 16tik 19ra, 20:00etan, doan, betiere gonbidapenak aurrez hartuta; gazteen atalerako, ikastetxeek aurrez eman beharko dute izena.
Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Zaragozako Udaleko Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi Teresa Artigasek, Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zuzendari Camino Jasok eta jaialdiaren zuzendari Pedro Piñerok aurkeztu dituzte Ecozine jaialdiaren edizio honek Iruñean programatu dituen jarduerak. Jaialdiari buruzko informazioa http://festivalecozine.es webgunean ere kontsulta daiteke.