Lehen zortzi egunetan 4.408 pertsonak bozkatu dute sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko, azken bederatzi urteetako parte-hartzerik handiena

Lehen zortzi egunetan 4.408 pertsonak bozkatu dute sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko, azken bederatzi urteetako parte-hartzerik handiena
Iruñean erroldatuek apirilaren 30a arte bozkatu ahal dute, www.pamplona.es-n, zazpi Civivoxetan eta 010 edo 948420100 telefonoan

Gaurko 12:00ak arte 4.408 pertsonak bozkatu dute aurtengo sanferminak iragarriko dituen kartela hautatzeko, azken bederatzi urteetako parte-hartzerik handiena erakusten duen kopurua delarik, bozketako lehen zortzi egunetan. Zortzi kartel finalisten aurkezpena apirilaren 16an izan zen, asteartearekin, eta orduan hasi zen bozketa. Iruñean erroldatuek apirilaren 30eko 19:00ak arte hartu ahal dute parte kartel irabazlea hautatzeko, www.pamplona.es-n, zazpi Civivoxetan eta 010 edo 948420100 telefonoan.

Iaz epe berean 4.124 boto jaso ziren, 2017an baino % 55,6 parte-hartzaile gehiago zena, orduan 2.651 boto jaso baitziren. 2016an 3.299 boto izan ziren; eta 2015ean, 2.550 boto. Parte-hartzerik handiena jaietako kartela hautatzeko herri-bozketako lehen urteetan izan zen: 2008an –lehen urtean–, 8 egunetan 4.144 boto zenbatu ziren; eta 2009an, 5.449.

Nola eman botoa
Iruñean erroldatuek webgunean, aurrez aurre edo telefonoz bozkatu ahal dute. Botoa ematean, izena eta lehen abizena eta NAN, AIZ edo pasaporte zenbakia eman beharko dira, horrela datuen egiazkotasuna eta botoaren baliozkotasuna baieztatzeko.

www.pamplona.es webgunearen hasiera-orrian nabarmendutako bost gaien artean esteka bat gaitu da, xede horretarako. Hortik botoa emateko orrira iristen da, non zortzi kartelen irudiak agertuko baitira, bai eta botoa emateko argibideak ere. Karteletan klik egiteko aukera egongo da, horiek handitu eta xehetasunak arretaz begiratu ahal izateko. Halaber, www.sanferminoficial.com-tik ere bozka daiteke.

Bozketa 010 edo 948420100 telefonoan ere irekita dago. Zerbitzuaren ohiko ordutegian bozkatu ahal da; astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era. Azkenik, zazpi Civivoxetan abiatu da bozketa: Kondestable, Zabalgunea, Iturrama, Juslarrocha, Mendillorri, Milagrosa eta Sanduzelai. Udalak prestatutako txartelak eskuragai daude guztietan. Hauxe da Civivoxen ordutegia: astelehenetik larunbatera 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Gainera, Kondestablen ordenagailu bat jarri da, Interneten bidez ere bozkatu ahal izateko.

Maiatzaren 2an jakingo da kartel irabazlea zein den
Hautatutako kartelak Kondestablearen jauregiko patioan daude ikusgai, eta bertan egongo dira hautaketa-egunera arte. Bozketaren emaitza jakitera emango da maiatzaren 2an, ostegunarekin, behin emandako botoak zenbatu eta gero. Lehiaketaren oinarriekin bat, lehiaketa-prozesua egiten den bitartean ezin izango da, inoiz ere, jendaurrean jakitera eman kartelaren egilea nor den.
Apirilaren 16an ezagutzera eman ziren 8 artelanak hilaren 5ean hautatutako 20ren artean aukeratu dira, behin euskarri fisikoan aurkeztuta. Aurten Udalak berritasun bat sartu zuen lehiaketan: parte-hartzaileek hasieran kartela jpg formatuan aurkeztu behar zuten, eta, aukeran, lanaren azalpen teoriko batez lagunduta. Aurten 277 kartel aurkeztu dira.

Hauek dira zortzi finalistak:

1. zk. 37 – Artea kalean dago
2. zk. 90 – Bateratasuna
3. zk. 105 – Atzo uztailaren 6ren batekin amestu nuen
4. zk. 143 – Zure atzetik
5. zk. 217 – Sentimendu-uholdea
6. zk. 233 – Zerumuga
7. zk. 234 - Zaldiko
8. zk. 270 - Txist-jazz,Yeah!

 

SANFERMINETAKO KARTELEN LEHIAKETA. BOZKETAREN BILAKAERA, LEHEN 8 EGUNETAN


•    2019: 4.408
•    2018: 4.124
•    2017: 2.651
•    2016: 3.299
•    2015: 2.550
•    2014: 1.649
•    2013: 2.465
•    2012: 2.995
•    2011: 4.369
•    2010: 3.726
•    2009: 5.449
•    2008: 4.144

¿Te ha sido útil esta página?