Hirigintza Gerentziak goizean ezagutu ditu I. Zabalguneko Hiri Jarduketarako eta Babeserako Plan Bereziko (HJBPB) diagnostikoa, aurreproiektua eta alternatibak, aurkeztutako agirian eremuko hirigintza-antolamenduaren oinarrizko alderdiak jasotzen baitira. Kontratu honen esleipenduna den Chocarro y Urmeneta SLP-ren erredakzio-taldeak azaldu ditu lanaren xehetasunak, non I. Zabalgunerako proposamen, alternatiba eta estrategiak jasotzen baitira.
Hiri Jarduketarako eta Babeserako Plan Berezia proiektu bat da, eta horren bidez 2007an egin zen antolamendua eguneratu nahi da, I. Zabalguneko eremuan sortzen ari diren behar berriei erantzunez. HJBPB agirian proposamenak lau atal hauetan banatzen dira: mugikortasuna, eraikingintza eta eremu publikoa zein pribatua; horrez gain, proposatutako esku-hartzeen bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoaren aurrerapena ere jasotzen da. Esku-hartzeak lurzoru publikoan eginen lirateke, egun eraikuntzan dauden batezbesteko prezioen arabera.
Diagnostikoa, aurreproiektua eta I. Zabalguneko HJBPBan egin daitezkeen antolamendu-alternatibak jasotzen dituen faseak prozesu partizipatibo bat ere hartzen du barne, jada hein batean gauzatu dena, inkesta batez eta hainbat informazio-saioez. 35 inkesta bete ziren, eta 200 iruzkin edo iradokizun baino gehiago jaso ziren. Interesdunei emaitzak “itzultzeko” saio partizipatiboak egin behar dira oraindik, aurreproiektua idazteko hirugarren faseari ekin baino lehen, non izapidetzeko agiria jendaurrean jarriko baita.
I. Zabalgunearen erradiografia
HJBPB agirian jasotakoarekin bat, I. Zabalgunean 1.827 biztanle daude, 835 gizon eta 992 emakume. 1991n egon zen biztanle-kopuru handiena, 2.466, eta, horrezkero, 2019a arte, eremuan % 25 txikiagoa da biztanle-kopurua. I. Zabalgunean tipologia arkitektoniko ezberdinak nahasten dira, eta bi unitate formal mantentzen dira: alde batetik, Julián Arteaga arkitektoak XX. mendearen hasieran egindako lehen diseinuaren hiri-egitura; bestetik, jatorrizko Zabalgunearen eta Armada etorbidearen artean zegoen eremua, militarren instalazioek okupatua, non haiendako etxebizitzak eraiki baitziren.
Navas de Tolosa kaleak bitan banatzen du aldea: iparraldeko eremua –hasierako egitura mantendu duena, bizitegi-erabilerako sei etxe-uhartez osatua– eta hegoaldeko eremua, militarren kuartelak eta instalazioak kendu eta bizitegi-eraikin berriak zein Biltzar Jauregia eraikitakoan eraldatua. Etxe-uharte handiak dira, eta egun eraikingintza-tipologia ezberdinak daude aldi berean, eta kale publikoetako gune libreak zein aparkalekuak eta gune pribatuak tartekaturik.
I. Zabalgunean bizitegi-erabilerako 23 eraikinak daude; etxebizitza ertain-handiak dira, eta okupazioa % 97,5 eta 98,5 bitartekoa da. 2,27 pertsona etxebizitzako da etxebizitzaren okupazioaren ratioa. Etxebizitza horien % 42k 150 m2 edo gehiago dituzte. Hamabi ataritan ez dago igogailurik, eta horrek 136 etxebizitzari eragiten dio (auzoan daudenen % 16,39ri). Etxebizitza eta lokalen % 59k E motako energia-ziurtagiria dute. Auzoko ekipamendua instituzionalak dira batez ere, eta nagusiki publikoak. I. Zabalgunean jarduera profesionalak, zerbitzuko ekonomia-jarduerak eta merkataritza-jarduerak dira nagusi. Eraikinen beheko solairuetan egoten dira gehienak, eta, batzuetan, lehen solairuetan eta solairuartean.
Babestutako 16 eraikin daude guztira, 2. edo 3. mailakoak. Indarrean dagoen babes-katalogoak “barruti”-kategorian sartzen du Eraikin Singularraren ondoan dagoen lubanarroa –hiriko harresi-barrutiak barne hartzen duena–, eta “osagaietan”, hiru pieza apaingarri –horietako bi Navas de Tolosa kalean daudenak eta hirugarrena Ziudadela kalean–.
Lurpeko aparkalekuak
I. Zabalgunerako dauden helburuetako bat da ibilgailu-kopurua murriztu eta hiriguneak herritarrek erabil eta goza ditzaten egokitzea. Auzoen artean oinezkoendako loturak bultzatuko dituen mugikortasunaren alde egiten da, I. Zabalgunean iparretik hegora doazen zeharkako bi ardatzez, Julián Arteaga kaletik eta Chinchilla Jeneralaren kaletik, Ziudadela eta Alde Zaharra Iturramarekin lotzen baitituzte. Era berean, Donibanetik Alde Zaharrera –Navas de Tolosatik eta Basotxotik– doan oinezkoen ardatza ere indartuko da. Jasangarritasunaren alde egiteko, eremu publikoa (kaleak eta plazak) berreskuratu behar da, jarduketen bidez hiri- eta ingurumen-kalitatea emanez, auzoaren barneko oinezkoen ibilbideak bultzatu eta hobetu behar dira, eta garraio kolektiboaren zein txirindulariendako ibilbideen erabilera bultzatu.
Mugikortasuna hobetzeko hiri-jarduketak osatzeko, lurpeko aparkalekuak aurreikusten dira, eta lur gaineko aparkalekuen murrizketa. Egun, I. Zabalgunean aparkatzeko 1.369 toki daude (506 lur gainekoak, eta 863 etxebizitzei lotuak). HJBPBn lur gaineko aparkalekuak 140ra murriztea proposatzen da, eta, galera orekatzeko, lurpeko aparkaleku berriak sortzea. Balizko lau kokapen hauek aipatzen dira: Julián Arteaga kalea, Sandoval kalea, Navas de Tolosa kalea eta 2. poligonoko 1151. lurzatia (jabego pribatuko lurzatia).
Eraikigarritasuna eta etxebizitzen zatitzea
Eraikigarritasunari dagokionez, hainbat neurri proposatzen dira energia-eraginkortasunaz, etxebizitzen zatitzeaz eta jarduera profesionalerako bulkadaz bezainbatean. Hutsik dauden lokalen kopurua murriztu eta auzoan jarduerak ugaritzeko, jarduera profesional berriak bizitegi-erabilerako eraikinetako beheko solairuetan jartzea proposatzen da. Halaber, proposatzen da baimenik ez ematea bulego edo langela profesionalak bizitegi-eraikinetako goiko solairuetan jartzeko, salbu eta tokiak erabilera horretarako sortu badira, hala nola solairuartekoetan.
Eraikinen eraginkortasuna eta eragingarritasuna hobetzeko jarduketak ere baimenduko dira, fatxadetan –nagusietan zein barnekoetan– esku hartuz, betiere azalera eraikia handitzen ez bada eta lerrokatzeak aldatzen ez badira. Zuzenean gauzatzeko jarduketak izan ahalko dira, xehetasun-azterlana izapidetu beharrik gabe. Zehaztapen hori ez da aplikatuko babestutako eraikinen fatxada nagusietan, horien araudia Katalogoan ezarriko baita.
Era berean, etxebizitzak zatitzeko aukera islatzen da; izan ere, I. Zabalgunean, non etxebizitzen % 40 baino gehiago 150 m2 baino gehiagokoak baitira, 240 etxebizitza gehitzen ahalko zaizkio eskaintzari neurri horren bidez, egungoen baino % 30 gehiago. Halaber, eraikigarritasuna eta eraikinen bolumen eraikia handitzeko aukera ere proposatzen da, jabekideen erkidegoek horrela proposatuz gero. Helburua da etxebizitzen inguratzaile termikoa, bizigarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea, eta horrela inguruneko hiri-paisaia zaharberritzea.
Eremu publikorako eta pribaturako proposamenak
HJBPBn islatzen da oinezkoen pasabide bat sortzeko aukera, Julián Arteaga kalearen aurrean dagoen Ziudadelako lubanarroaren eta lubanarroko harresiaren inguruan itxuragabetuta dagoen eremuaren arteko lotune gisa; gainera auzoen artean oinezkoentzat lotura hobea bultzatuko luke. Egun zakurrendako eremu gisa erabiltzen den Ziudadelako lubanarroan kultura- eta aisia-erabilerak zein jarduerak abiatzen badira, hiriko ondare arkitektonikoari balio handiagoa ematen ahal zaio. Badagoen maldari esker harmaila bat sortzen ahal da, udako zinema edo antzoki gisa erabiltzeko eta kontzertuak egiteko; horrela topagune bat sortzen ahal da bertan, kultur jarduerak egitera bideratua.
Eremu publikorako proposamenetan lurpeko aparkaleku berriak aipatzen dira berriro. Lehen aipatu diren balizko lau aparkalekuak proposatzen dira, erdian errei bat eta horren bi alboetan aparkatzeko tokiak dituela, horrela, badauden zuhaitzak mantentze aldera. Aparkaleku horien bidez 693 toki sortuko lirateke, I. Zabalguneko eta ondoko auzoetako biztanleentzat berariaz bideratu edo txandakatze-tokiekin bateragarri egin litezkeenak. Lurpeko aparkaleku horiek sortzean, lur gaineko aparkalekuak kenduko lirateke, oinezkoen mugikortasunaren eta eraberritutako eremu publikoaren alde.
HJBPB agirian Padre Moret kalea auzoko ardatz gisa berreskuratzeko asmoa jasotzen da, espaloiak zabalduz eta gune libreak birdiseinatuz, aisialdirako gune berriak eta berdeguneak txertatzeko. Bi diseinu-alternatiba planteatzen dira: kalea eraldatzea, oinezkoak eta ibilgailuak batera ibiltzeko, erdian ibilgailuetarako errei bat eta alboetan oinezkoendako guneak jarriz; edo jarduketa puntualak egitea espaloiak zabaltzeko, oinezkoendako guneen eta galtzadaren artean egun dagoen bereizketa mantenduta, eta bidegurutzeetan zoladura ezberdinak jarriz.
Sandoval kalean, ez ibilgailuei baizik eta oinezkoei lehentasuna emateko guneak berreskuratzea proposatzen da, eta hiri-eremuen erabilera zuzen banatzea, egun desorekatuta baitago. Julián Arteaga kalea oinezkoendako lotura-ardatz gisa planteatzen da, Ziudadelaren eta Alde Zaharraren arteko lotune gisa, Basotxo kaletik. Horrela, bi berdegune handien artean –Ziudadelaren eta Taconeraren artean– lotura sortuz, oinezkoen mugikortasuna hobetu nahi da eta auzoan denda zein jarduera berriak sortzea ahalbidetu. Era berean, Navas de Tolosa kalerako eta Taconera kaleko biribilgunerako hainbat alternatiba planteatzen dira. Hor alternatiba batzuk islatzen dira, hala nola oinezkoek zeharkatzeko ibilbideak edo prestazio altuetako autobus bat, puntu horretan biribilgune txikiago bat zeharka dezan.
Eremu pribatuari dagokionez, proposatzen da militarren etxebizitzetako etxe-uharteko aparkalekuak lur azpian jartzeko aukera eta eremu hori berreskuratzea, aisialdiko erabilera publikoa eta berdegunea izateko. Eremu horretako edozein jarduketa baldintzaturik egonen da Iruñeko Ziudadelako hondakin arkeologikoak agertzen badira.