Apirilaren 30ean bukatuko da epea Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzendutako Literaturako Eskola Lehiaketaren edizio berrirako lanak aurkezteko. Lehiaketaren xedea da Iruñean erroldatuta dauden 6 eta 14 urte bitarteko haurrek edo haien ikastetxea Iruñean duten ikasleek egindako lanik onenak saritzea.
Lehiaketak bi modalitate ditu, ipuinak eta komikiak, biak bai gaztelaniaz bai euskaraz. Ipuinen modalitatean, lau kategoria ezarri dira, ikasmailaren arabera: A kategoria, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetarako; B kategoria, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetarako; C kategoria, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetarako eta D kategoria, Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetarako. Komikien modalitatean, bi kategoria daude: A kategoria, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetarako eta B kategoria, Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetarako.
Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko, eta horiek gai librekoak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Lan bera ezin izanen da euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztu. Aurkeztutako lanek ezin izanen dute ez bultzatu ez erreproduzitu jarrera diskriminatzaile, xenofobo edo sexistarik, ezta pertsonen duintasunaren eta giza eskubideen kontra doazenik ere. Ipuinen kategorian, lanek, kategoriaren arabera, bi eta lau orriren artean izan behar dituzte, alde bakar batez idatziak, ilustrazioak barne. Komiki modalitatean, lanek lau edo bost orri izaten ahalko dituzte hurrenez hurren, kategoriaren arabera.
Eskola-material sortak sari gisa
Kategoria bakoitzak hiru sari ditu, zenbateko desberdineko eskola-material sortetan. Lehen saria: 200 euro eskola-materialetan, lan irabazlearen egilearentzat, eta 250 euro eskola-materialetan, irabazlea zein ikastetxetan matrikulatuta egon eta horrentzat. Bigarren saria 150 euro da, eta hirugarren saria, 100 euro. Lehen sariaren irabazleak Iruñetik kanpo dagoen ikastetxe batean ikasten badu, ikastetxeak ez du jasoko dagokion eskolako material-sorta.
Lanak interesdunek edo ikastetxeek aurkeztu ahal izanen dituzte, bizitokia edo ikastetxea Iruñean badute. Paperean aurkeztuko dira, Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorrera zuzenduta (Descalzos kalea 72, 31001 Iruñea). Lan bakoitza gutun-azal batean aurkeztu beharko da, honako datu hauekin: lanaren izenburua, kategoria, hizkuntza eta egilearen ikurritza edo izenordea. Halaber, gutun-azalaren barnean, lanaz gain, beste gutun-azal bat sartuko da, honako datu hauekin: egilearen datu pertsonalak, ikasmaila eta ikastetxea.