Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 700 ikaslek baino gehiagok bertsolaritza-eskolak jaso zituzten iaz, Iruñeko hamar ikastetxetan

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 700 ikaslek baino gehiagok bertsolaritza-eskolak jaso zituzten iaz, Iruñeko hamar ikastetxetan
Tokiko Gobernu Batzarrak ikasturte honetarako kontratua luzatzea onetsi du, 40.000 euroan

Tokiko Gobernu Batzarrak gaurko bilkuran onetsi du Nafarroako Bertsozale Elkartearekiko kontratuaren bigarren luzapena, ikasturte honetarako, 40.000 euroan. Joan den 2018-2019ko ikasturtean, bertsolaritza-eskolak jaso zituzten, udal-programa honen bidez, Iruñeko hamar ikastetxetako 700 ikaslek baino gehiagok, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetakoek. Ekimenaren bidez bertsolaritzaren oinarrizko teknikak ezagutarazi nahi zaizkie ikasleei, ahozko adierazpena landu dezaten.

Joan den ikasturteko lehen lauhilekoan ikastetxe hauetako ikasleek parte hartu zuten: Patxi Larrainzar IPko bi talde, Hegoalde Ikastolako bi, Etxepare IPko bi, Jaso Ikastolako bat eta San Frantzisko IPko beste bi. Otsailetik ekainera, ikastetxe hauetako bina talderi eman zitzaizkien eskolak: Amaiur Ikastola, Elorri IP, Sanduzelai IP, Mendigoiti IP eta Buztintxuri IP. Guztira 345 ikastordu eman ziren, 19 taldetan.

Nafarroako Bertsozale Elkarteko bost irakasle espezialista arduratu ziren bertsolaritzaren hasi-masiak irakasteaz eta batik bat ahozko adierazpena lantzeaz, gaitasun komunikatiboak eta sozialak ere jorratuz. Talde bakoitzak astean behin izan zuen saioa, programako irakasleetako baten eskutik, eskola-orduen barruan eta 15 ordu bete arte.

Bertsolaritza: hizkuntza, kultura, musika eta gaitasun pertsonalak zein sozialak

Bertsolaritzari lau arlotatik heltzen zaio: hizkuntza, kultura, musika eta gaitasun pertsonal zein sozialak. Programaren oinarria bideo eta entzunezkoez lagundutako Mundu bat bertso liburua eta joan den ikasturtean abiatutako www.bertsoikasgela.eus webgunea dira.

Bertsolaritza irakaskuntzan programarekin bertsolaritzaren oinarrizko printzipioak ezagutarazten dira (historia, doinuak, metrika, errimak...) ariketa eta jolasen bidez, eta bertsoak idazten zein bat-batean kantatzen dira. Testuingurua ludikoa izaten da beti, eta hizkuntzaren erabileran sakontzen da, hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak ardatz harturik. Hori horrela, mahai gainean jartzen diren ariketen bidez gaitasun ugari lantzen dira (Lehen Hezkuntzako curriculumean aipatzen dira): ahozkotasuna, talde-lanean aritzeko gaitasuna, norberarekiko konfiantza, sen kritikoa, ekimena, interesa, sormena eta lanak jendaurrean azaltzeko gaitasuna, besteak beste.