Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailako 150 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte STEM diziplinak sustatzeko Bizilabe programa erakusteko saioetan

Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailako 150 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte STEM diziplinak sustatzeko Bizilabe programa erakusteko saioetan
Iruñeko eskolaz kanpoko jarduera berria da Bizilabe, Elhuyarrek sustatua, eta helburu du 10 eta 14 urte bitarteko gazteak zientziara eta teknologiara hurbiltzea
Irudia
Irudia
Irudia

Ekainean, programa erakusteko saioak egiten ari dira, baina irailean talde egonkorrak sortu nahi dituzte. Bizilabe programak zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa zabaltzen du gazteen artean, eta datorren ikasturtean Iruñean parte hartzeko aukera izanen da, Elhuyar fundazioaren eta Iruñeko Udaleko Gazteria Unitatearen arteko elkarlanari esker. Ingurumen Hezkuntzako Museoan egiten dituzte programa erakusteko saioak, eta irailetik aurrera ikastaroak  ere hor eginen dituzte. 

Bizilaberen xedea da hiriko gazteak STEM lanbideetara hurbiltzea (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) sektore horretako enpresek gidatutako esperimentuen eta proiektuen bidez. Halaber, sektore horretako enpresak eta STEM diziplinetako langileak ezagutuko dituzte, emakumeak nagusiki. Ikastaroak praktikoak dira ia osoki: praktika horiek sektoreko enpresek gainbegiratuko dituzte, baliozkotzeko, eta mentoretza-saioak ere izanen dituzte.

Irailean hasiko dituzten eskolaz kanpoko ikastaro horietarako amu gisa, Iruñeko ikastetxeei aukera eman zaie ekainean Ingurumen Hezkuntzako Museora joan eta ikastaro horietan zer ikasiko den erakusteko saioetan parte hartzeko. Hala, hil honetan Calasanz Escolapios eta Bernart Etxepare ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailako 175 ikasle ari dira 2025-2026ko ikasturteko ikastaro horiek nolakoak izanen diren ikusten.

Ikastaroetan eginen dituzten esperimentu zientifikoen eta erronka teknologikoen adibideak erakusten dituzte saioetan, eta STEM jarduera bat ere egiten ari dira. Jarduera horretan, zirkuitu elektriko sinpleak sortzen dituzte zinta itsasgarri eroaleak, bateriak, LEDak eta oinarrizko beste osagai elektroniko batzuk erabiliz. Hala, elektronikako oinarrizko kontzeptuak ikasten dituzte modu praktikoan eta sormena erabiliz, esperimentazioa eta berrikuntza lantzen duten bitartean.

Datorren ikasturterako izena emateko epea, zabalik
Dagoeneko zabalik dago programan izena emateko epea. Datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailan egonen diren ikasleek hartzen ahalko dute parte, Iruñean erroldatuta badaude edo Iruñeko ikastetxeren batean ikasten badute betiere. Programa ele bitan egiten dute, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, eta 15 ikaslerendako tokia eskaintzen dute talde bakoitzean. 

Ingurumen Hezkuntzako Museoan izanen da ikastaroa, astelehenetan edo asteartetan, 17:00etatik 18:30era edo 20:00etara, mailaren eta hizkuntzaren arabera. Astelehenetako saioak euskaraz izanen dira, eta astearteetakoak, gaztelaniaz; 17:00etan LHko 5. eta 6. mailako ikasleen txanda izanen da, eta 18:30ean, DBHko 1. eta 2. mailakoena.

Orotara 60 ikaslerendako tokia dago programan, eta Bizilaberen webgunean eman behar da izena. 12 urtetik gorakoek 35,70 euro ordaindu beharko dute , eta 12 urtetik beherakoek, berriz, 30,60 euro. Bi adingabe matrikulatzen dituzten familiek % 20ko deskontua izanen dute guztizko prezioan, eta % 30ekoa hiru adingabe edo gehiago badira.

¿Te ha sido útil esta página?