Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak ‘Antzerki-lantegiak Haur eta Lehen Hezkuntzako Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduetan’ udal-programa antolatu eta garatzeko kontratazioa onetsi du. Kontratua urteko 98.040 euroko aurrekontuarekin lizitatuko da, eta lau aldiz luzatzen ahalko da. Irailaren 1a ezarri dute hasiera-datatzat, baina hezkuntza-jarduera noiz berrabiatu eta horren menpe egonen da –egun etenda dago covid-19a dela eta–, bai eta Administrazio Publikoek egoerari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien menpe ere.
Programa honen oinarrian jolas dramatikoa eta dramatizazioa daude, horiek ulertuta haur guztien sormen-adierazpen librea ahalbidetzera zuzendutako kontzeptu gisa, eta xede harturik hezkuntza-baliabideak ematea zenbait adierazpide integratzen dituen esperientzia baterako. Giza baliabideak zein baliabide materialak garapen indibidual eta kolektiboaren zerbitzura jartzean datza, garrantzia emanez prozesuaren hezkuntza-kalitateari eta ez amaierako emaitzari, nola eta antzerki-programazioa hezkuntza curriculumarekin bateratuz. Amaitzear dagoen ikasturte honetan 1.978 ikaslek parte hartu zuten programan, 99 taldetan banaturik. Talde horietako 66 Lehen Hezkuntzako 1. mailakoak ziren (43 ikastetxe publikoetakoak, 23, itunduetakoak), eta, 33, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoak (guztiak ikastetxe publikoetakoak).
Antzerkiaren hezkuntza-dimentsioa lagungarria da hezkuntzan garrantzizkoak diren zenbait gaitasun eta helburu lortzeko, esate baterako, gorputzaren, ezagutzaren eta emozioen garapenerako, eta balio zein portaerekin batera doan elkarreragin sozialerako; halaber, baliabide dramatikoak erabiltzea ikasteko jarduera osagarri eta lagungarria da, zeharka. Asmoa da ikasleen esperientzia-esparrua oparoago bihurtzea eta haien bizitza eta harremanak hobetzea, askotariko egoeren bidez, lotsak, beldurrak eta konplexuak gaindituz, leku eta denbora jakin batean, sentikortasuna eta behatze- zein entzute-gaitasunak areagotzeko eta sormen-adierazpena garatzeko, betiere arlo honetako espezialisten laguntzarekin, haur guztiek modu integralean garatu dezaten beren nortasuna.
86 ikasle-talde
Kalkulatutakoaren arabera, datorren ikasturtean 86 ikasle-taldek izanen dute aukera programan parte hartzeko, ikastetxe itunduetako 39 taldek eta ikastetxe publikoetako 47k. Ikastetxe bakoitzak hautatzen ahalko du zein mailatako ikasleek parte hartuko duten (Lehen Hezkuntzako 1. mailakoek edo 5.ekoek). Parte hartzen duen talde bakoitzak 30 saio izanen ditu gehienez ikasturte osoan zehar, eta hala, saioak guztira 2.580 izanen dira. Gehieneko saio kopuru horren barruan daude sarturik irakasleen prestakuntza eta ebaluaziora bideratutakoak. Saioak gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez izanen dira, parte hartzen duten ikastetxeek eskatzen dutenaren arabera.
Izan Lehen Hezkuntzako 1. mailakoentzat edo 5 mailakoentzat, ‘Jolas didaktikoa/Dramatizazioa’ didaktika programa irakasleen eskola-ordutegian emanen da, astean behin, 50 minutuko saioetan, parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleekin koordinaturik. Saioak hastean zenbait kontu azalduko zaizkie irakasleei: garatuko den programa, antzerkiak berezko dituen metodo eta tekniken erabilpen didaktikoa beste ikasgai batzuk irakasteko eta jolas dramatikoa zein dramatizazioa baloratzeko irizpideak.