Lehen aldiz Iruñean, eVenti Verticali konpainia italiarrak Quadro on wall aurkeztuko du, ikuspegi-jolasa oinarri duen lana, Harresiak dantzan ikuskizunen barruan

Lehen aldiz Iruñean, eVenti Verticali konpainia italiarrak Quadro on wall aurkeztuko du, ikuspegi-jolasa oinarri duen lana, Harresiak dantzan ikuskizunen barruan
Sarrerek, txarteldegian, Turismo-bulegoan eta www.entradascajarural.com-n, 16 euro balio dute, pintxo bat zein edari bat barne
Irudia

Ostiralean, abuztuak 9, eVenti Verticali konpainia italiarrak Quadro on wall aurkeztuko du, lehen aldiz Iruñean; ikuskizunean, lau dantzari harresiko horma-atalean mugituko dira jauzi akrobatikoak eta airean mantendutako hegaldiak eginez, plano horizontalak eta bertikalak nahasten dituen ikuspegi-jolasean murgilduz. Horrela, eVenti Verticalik Guadalupeko bastioiko horma-atala 90°-z biratutako agertoki bilakatuko du, non dantzariak lasterka, jauzika eta dantzan arituko baitira, kontakizun bat osatuz.

Hauxe da Harresiak dantzan izeneko Dantza Bertikalaren VIII. Nazioarteko Jaialdiak eskainiko duen jarraipena, abuztuko hiru ostiraletan aurkezten ari diren aireko dantza bertikaleko ikuskizunetan. Sarrerak salgai daude jada, 16 euroan, pintxo bateko dastaketa eta garagardo edo freskagarri bat barne. 12 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira barrutira. Sarrerak Turismo-bulegoan eta www.entradascajarural.com webgunean eros daitezke, baita ere ikuskizuna izango den ostiralean bertan barrutiko sarrera ondoko txarteldegian.

Iruñeko Udalak eta Global Servicios Culturales-ek Harresiak dantzan ikuskizunak antolatzen dituzte Guadalupeko bastioian, jaialdiko hiru egunetan bakarrik berariaz ikusleentzat irekirik, Harresietako Jaialdiaren kultur programazioaren barruan. Harresiak dantzan ere edalontzi berrerabilgarriaren alde daude oraindik; 1 euroan eskura daiteke edalontzia, barrutian, eta hori itzulitakoan berreskuratuko da euroa. Edalontzia jasotzeko gunean pintxoaz zein edariaz gozatzeko tiketa emango da.

Herrialde askotako jaialdietan izan den konpainia
Andrea eta Luca Pialliniren eskutik jaio zen eVenti Verticali, 2006an; eVenti Verticalik bere lanak ekoiztu ez ezik, gune arkitektoniko ezberdinetarako ikuskizunak ere sortzen ditu berariaz. Pialini anaiei umetan sortu zitzaien gune bertikalekiko grina, aita eskalada librea irakasten hasi zitzaienean. Hazi ahala, bide ezberdinak hartu zituzten, hainbat diziplinetan, hala nola atari zabaleko antzerkian, akrobazian eta zirku garaikidean. 2003an bat egin zuten Sardinian, konpainiak egoitza duen hirian; orduan, bertikaltasuna eta antzerkia nola uztartu hasi ziren aztertzen, eta dantza bertikala aurkitu.

Horrezkero, ikerketak hizkuntza komikora zein ikusizko komediara eta bideora zein ekoizpen handietara hedatu dituzte. Bide hau 2010ean estreinatu zuten, Quadroz; garabi batek altxatutako aire-egiturak hegan egiten du ikusleen gainetik, 80 metroko altueran, eta hortxe gauzatzen da ikuskizuna. Bidean, Cuboz jarraitzen zuten; kubo hegalaria da, eta zirku-artisten zein dantzari bertikalen euskarria, argi-proiekzioen artean, 50 metroko altueran mugitu eta jauzi egiten dutelarik. 2017tik konpainia Estatu Batuetara bidaiatu ohi da. Honako herrialde hauetan ere izanak dira, jaialdietan: Kroazia, Belgika, Frantzia, Polonia, Espainia, Suitza, Erresuma Batua, Txina, Hego Korea, Kolonbia, Kanada eta Errusia. eVenti Verticaliren 500 ikuskizun baino gehiagotan 1.000.000 ikusle inguru egon dira.

DJ-musika eta magia, bertoko artisten eskutik
Jaialdiko hiru saioetan bertoko artistendako tartea gorde da; hiru DJ-rentzat, adibidez. Aste honetan DJ Netanyahuk bere musika-nahasketez gozatuko du barrutia, irekieratik, 20:30etik, ikuskizunak hasi arte, eta horiek bukatuta, itxiera arte, 00:30a arte gutxi gorabehera. Dantza bertikaleko ikuskizunen aurretik, magia- eta ilusionismo-saioak ere badaude programatuta, 21:30etik aurrera. Hodei magoa izango da aste honetako protagonista.

¿Te ha sido útil esta página?