Ez bakarrik irakurtzen ikastea baizik eta irakurritakoa ulertzea, garrantzitsua bigarren mailakotik ezberdintzea, irakurmeneko jarraibideak ezartzea eta, batez ere, irakurketaz gozatzea dira Lecxit (Hezkuntza-arrakastarako irakurketa) proiektuaren atzean dauden helburuak. Hezkuntza ekimen hori irakurtzeko zailtasunak dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrei laguntza ematera bideratuta dago. Proiektuak ikasturte honetan bederatzi ikastetxetako (zazpi publiko eta bi itundu) 23 haurri eman die laguntza, hala gaztelaniaz nola euskaraz.
Lan hori boluntarioen lanari esker izan da posible, proiektuaren funtsezko atala baitira. Proiektuan funtsezko lau eragile daude: ikasleak, boluntarioak, ikastetxeak eta familiak. Izan ere, boluntariorik gabe ez baitago proiekturik. Zorionez, urtero gero eta pertsona gehiago daude prest irakurketa eta idazketa arazoak dituzten ikasleei laguntzen denbora emateko. Ikasturte honetan 23 boluntariok parte hartu dute, eta ‘Pamplonistas’ boluntarioak babesteko Iruñeko Udalaren ekimenean dagoeneko 60 boluntariok eman dute izena datorren ikasturterako.
Lexcit 2016-2017ko ikasturtean abiatu zen Iruñean, Kataluniako ereduari jarraiki, non proiektua bost urte lehenago abiatu baitzen. Ekimenak zailtasunak dituzten ikasleek irakurmena hobetzea ahalbidetzen du, boluntarioek eskola-ordutegitik kanpo ematen dieten laguntzari esker. Ikastetxeek funtsezko eginkizuna dute proiektu horretan, haiek baitira zailtasunak dituzten ikasleak detektatu eta proiektuan parte hartzeko proposatzen dituztenak.
Ikasle bakoitzari boluntario bat esleitzen zaio, eta harekin irakurmena modu ludiko eta entretenigarrian lantzen du astean ordubetez. ‘Eskola partikular’ horiek gehienetan ikastetxean bertan ematen dira, auzoetako udal-liburutegietan eta Nafarroako Liburutegietan ere ematen badira ere. Azken batean, irakurketa-eskaintza zabala dagoen edozein tokitan, non haurrari gehien erakartzen dioten gai eta estiloak hautatzeko aukera baitago, bere gustuen bidez irakurzale bihur dadin. Izan ere, boluntarioek eta ikastetxeek irakurketarekiko jarrera-aldaketak antzeman dituzte parte hartzen duten haurrengan, irakurketa gozatu eta ulertzen dute, eta horrek, emaitza akademikoak hobetzeaz gain, autoestimua ere handitzen du.
‘Pamplonistas’ eta Lecxit
Programa Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorrak koordinatzen duen arren, boluntarioak aurkitzea ‘Pamplonistas’ Udalaren boluntarioendako programa berriak egiten du. Bertan, gizartearekin modu batean edo bestean lankidetzan aritu nahi duten pertsonek eman dute izena, beren denbora, ezagutza eta borondatea egoera ezberdinetan dauden haurrekin, adinekoekin eta gazteekin egindako elkartasunezko eta lankidetzako proiektuetara bideratuz. Proiektuak ingurumenarekin, lan-esparruarekin eta teknologiarekin lotuta daude, besteak beste.
Lecxit Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen irakurmena hobetzeko laguntzako proiektuan, zehazki, 60 boluntario daude erregistratuta, haurrei laguntzeko prest. Emakume baino gizon gehiago daude (37 emakume eta 23 gizon), 40 eta 60 urte bitartekoak dira gehienak, eta beren denbora eta ezagutza txikienekin partekatu nahi dute beren bizitza akademikoan arrakasta izan dezaten. Pertsona horiek dituzten ikasketei dagokienez, erdia baino gehiago (34) unibertsitateko tituludunak dira; hala ere, hamar bat pertsonak Batxilergoa dute eta hogeik, Lanbide Heziketa. Dena den, ‘Pamplonistas’ ekimenetik azpimarratu dute prestakuntza ez dela ezinbesteko eskakizuna. Nahikoa da irakurketa gogoko izatearekin eta laguntzeko gogoa izatearekin ekimen horrekin bat egiteko. Gainera, Hezkuntzako Alorrak prestakuntza-ikastaro bat ematen die aurretik Lecxit proiektuan boluntario izan behar dutenei.
Ekimen horren bidez, Udalak irakurketaren bitartez bi belaunaldiren arteko lotura sortzea du xede, hala, nagusiek txikiei irakurmenaren inguruan dituzten arazoak, beldurrak eta gabeziak gainditzen laguntzeko, eskola arrakastaz bukatzeko lehen pauso gisa, baina, batez ere, irakurketak bizitza osoan lagun diezaien.
‘PAMPLONISTAS’ BOLUNTARIOENDAKO UDAL PROGRAMA
• Helburua: hiriaren alde inplikatu nahi duten eta beren ekarpena egin nahi duten pertsonak erakartzeko boluntarioendako programa.
• Baldintzak: 16 urtetik gorakoa izatea, edo 12 urtetik gorakoa, baimenarekin. Interesa dutenek formulario bat bete beharko dute, noiz dauden libre, beren gustuak eta esperientzia akademikoa edo lan-esperientzia zehazteko. ‘Pamplonista’ gisa prestakuntza, orientazioa eta laguntza jasoko dute boluntario-funtzioak modu egokian betetzeko
• Nola eman izena eta argibideak eskatu
o www.pamplonistas.es/eu webgunean
o 948 420 493 telefonora deituta
o Aurrez-aurre, Descalzos kaleko 72. zenbakiko udal-eraikineko beheko solairuko bulegoan.