Aurten ere, herri-kirolak egin dira Iruñeko Foruen plazan sanferminetan, askotariko diziplinak eta praktikatzen dituztenen balioa erakusteko. Guztira laurogeita hamar kirolarik eta zazpi klubek parte hartzen dute Nafarroako Herri Kirolen Federazioak Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatutako txapelketetan. Uztailaren 8tik igandera arte, espazio horretan txapelketak, lehiaketak eta sailkapen-probak egiten ari dira. Gainera, diziplina batzuen erakustaldiak egiten dira.
Hitzordua, egun hauetan eguerdiko hamabietan da. Orduan hasten dira txapelketak eta lehiaketak. Larunbatean Nafarroako Txinga-erute Txapelketak eginen dira, hala gizonen nola emakumeen kategorietan. Igandean, buru emateko, emakume harri-jasotzaileen San Fermin Txapelketa eta gizonen Nafarroako binakako aizkolarien eta gurdi-jasotzaileen txapelketak eginen dira.
Guztira, aurtengo sanferminetan hainbat modalitatetako Nafarroako hamaika txapelketa antolatu dira: sokatirako, motozerralarien eta emakume harri-jasotzaileen hiru San Fermin txapelketa, erakustaldiak eta proba konbinatuak. Nafarroako txapelketen barruan aizkolariak, harri-jasotzea, gurdi-jasotzea, txingak eta ingudea egin dira, besteak beste. Erakustaldien artean, bertaratutakoek Peio eta Manolo Kañamares anaien trebeziaz gozatu ahal izan dute aitzurrarekin enborra ebakitzen, bai eta fardoak altxatzeko eta aizkolarien erakustaldiez ere.
Herri-kirolen programazioaren bidez Iruñeko Udalak landa eremuan jatorria duten kirol horiek ikusaraztea du xede, zeinak duela hamarkada batzuk ez baitziren kirol baizik eta egunerokotasuneko zerbait nekazarien, abeltzainen eta landako gizon eta emakumeen bizitzan.
2024KO SANFERMINAK. HERRI-KIROLAK. FORUEN PLAZA, UZTAILAK 8 – 14, 12:00
Uztailak 13, larunbata
- Emakume aizkolarien erakustaldia, bikoteka
- Zama-jasotzaileen erakustaldia
- Nafarroako Txinga-erute Txapelketa (gizonak)
- Nafarroako Txinga-erute Txapelketa (emakumeak)
Uztailak 14, igandea
- Harri-jasotzaileen San Fermin Txapelketa (emakumeak)
- Nafarroako Binakako Aizkolari Txapelketa (gizonak)
- Nafarroako Gurdi-jasotzaileen Txapelketa (gizonak)