Laugarrenez, ‘Erraiak’ kultur bitartekaritzako programa eginen dute Ziudadelan, eta beste orainaldi posible batzuk irudikatzen saiatuko dira

Laugarrenez, ‘Erraiak’ kultur bitartekaritzako programa eginen dute Ziudadelan, eta beste orainaldi posible batzuk irudikatzen saiatuko dira
Arte-praktiken bitartekaritzako programa bat da, eta ‘Utopia bat, potentzia bat’ lelopean, hainbat jarduera eskainiko dituzte ekainaren 6an eta 7an
Fitxategi
erriak

 

Datorren ostiralean eta larunbatean ‘Erraiak’ arte-praktiken bitartekaritza programa eginen dute Ziudadelan, artea askotariko adierazpenen bidez ikusaraztea helburu. Laugarren urtez eginen dute, eta Utopia bat, potentzia bat leloa izanen dute ardatz aurten: artearen bidez utopiak irudikatu eta aktibatzeko aldarria da. Hala, ‘Erraiak’ programaren xedea irudimena arterako tresna dela zabaltzea da.

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak eta Iñigo Gómez Eguíluz alor horretako zuzendariak ‘Erraiak’ programa osoa aurkeztu dute, Lara Molina Lapeña Keinu Plataforma de Arte Situado elkarteko presidente eta bitartekaritzarako jardunaldien antolatzailearekin batera. Keinu elkartearen eginkizuna, hain zuzen ere, abangoardiako kultura zabaldu eta gizarteratzea da.

‘Erraiak’ programari esker, diziplinak, formatuak eta interes artistikoak uztartuko dituzte bi egunez, non eta Ziudadelan. Arma Aretoa eta Ziudadelako lorategiak topaleku bilakatuko dira egun horietan; izan ere, lantegiak, performanceak eta esperientzia artistikoak eskainiko dituzte, eta elkarrekin bazkaldu eta afaltzeko aukera ere izanen da. Jarduera horien helburua elkarrizketa piztea da, jendeak elkarri entzutea eta parte-hartzaileen artean harremanak sortzea. Ez da artistendako bakarrik: artea egitea posible den eta desiragarri den horren akuilu moduan ulertzen duten pertsona edo kolektiboek ere zabalik dituzte ateak.

Aurten, irudimena eta utopia izan dira ardatz azken asteetan egindako lanean, eta lan horixe aztertuko dute ostiraletik aurrera elkarrekin. Utopiak "jada badauden asmoak dira, hobeagoa den zerbaitera bidean gida gaitzaketen potentziak”. Funtsean, utopia bizitza amankomuna eta eguneroko praktika berriz pentsatzeko gonbidapena da, elkarrekin egon eta irudimena dantzan jartzera bultzatzen gaitu, aukera berriak eta taldea egiteko beste gune batzuk sortzeko.

Ostiralean abiatuko da programa, hilaren 6an, eta hasteko, etorkizunera begirako lantegi bat eginen dute gaur egungo eta etorkizuneko kulturari buruz modu kolektiboan hausnartzeko. ‘Futurible’ deitu diote lantegiari, eta 17:00etan hasiko da. Alba Fernández sortzaile, bitartekari eta ikertzaileak gidatuko du saioa, Idoia Zabaletak AZALA taldearen barruan sortutako ‘Futurible’ metodologiaren bidez. Gaur egungo egoeraz modu kolektiboan hausnartzea izanen da xedea, elkarrekin pentsatzea nola aldatu edo hobetu egoera hori, eta bertako artearen testuinguruan eginen dute gogoeta hori.
 
Larunbatean, egun osoko lana
Behin martxa hartuta, larunbata egun biziagoa izanen da ‘Erraiak’ programaren barruan; izan ere, egun osoko programa bat prestatu dute egun horretarako, eta hainbat jardunaldi eginen dituzte goizetik hasi eta goizaldera arte: artearekin, musikarekin eta antzerkiarekin loturiko jarduerak alde batetik, eta bazkari eta afari herrikoiak bestetik.

No sé, voy a masticarlo (Ez dakit, hausnartuko dut) lantegiarekin hasiko dute eguna, 12:00etan: ariketak egin eta mokadutxo bat janen dute, eta helburua izanen da pentsamendua piztea zaporea duten gauzen bidez. Valeria Mata ikertzaile eta antropologoa arduratuko da saioa gidatzeaz, janariaren alderdi politiko eta kulturala hausnarketa kritikoekin uztartzea helburu. Balbina García Ricart sukaldari eta sommelierra izanen du laguntzaile. Mokadutxoaren ondoren, 14:00etan, bazkari herrikoia eskainiko dute, Dar Etxea kolektiboak antolatuta: kale gorrian dauden migratzaile gazteei laguntzen aritzen dira.

Arratsaldean, Nicolás Otero antzezle eta dantzariak performance bat eginen du, Peregrinatio: bidaia paregabea eginen du hainbat kulturatan eta hainbat garaitan barna. 16:30ean izanen da hori, eta ikus-entzule orori irekia izanen da ekitaldia. Handik ordubetera, Entretejides esperientzia-lantegiak hartuko du protagonismoa: ingurunearekin harremanetan jartzen ikasiko dute, Ziudadelako landareekin eta beste izaki bizidunekin harremanak sortzen. Inder Bhatti Azkoagak esperientzia du lantegiak ematen, eta hark zuzenduko du saioa, Inés Alba irudigile eta artistarekin batera.

20:00etan indarberritzeko parada izanen dute berriz. Bálsamos para la utopía (Utopiarendako gozagarriak) afari berezia izanen da, osagai eta zapore jakin batzuk dastatuko baitituzte, indar sinboliko eta emozional handia dutelako hautatuak. La Bissneríako Iranzu Gárriz Fernándezek prestatuko du otordu bitxi hori: Espainian, Guatemalan eta Mexikon barrena ibili da bidaian, toki horietako sukaldaritza eta kultura ezagutu nahian, egunerokotasuna eta sinbolismoa uztartuz.

Bitartekaritza-jardunaldiak amaitzeko, musika
Musika izanen da bitartekaritza artistikorako jardunaldien azken katebegia. 21:30ean, Eddi Circa musikagile, gitarra-jotzaile eta abeslari madrildarraren musikaz gozatzen ahalko da Ziudadelan. En el bosque un claro (Argigune bat basoan) jarri diote izena kontzertuari, eta Circak ordezkatzen duen joera kontrakulturalaren adierazpen bikaina izanen da. Musikagileak argitaratutako lehen LPak ere horrelaxe du izena: hamasei abestik osatzen dute diskoa, eta olerkiak ez ezik, pozaren, ikaskuntzaren eta soinu fin eta freskoei buruzko filosofiaren hausnarketak biltzen ditu.

Azkenik, Set Plazeratua + Megane Mercury disko-jartzaileek girotuko dute Ziudadela 23:00etatik aurrera: lorategian izanen da festa; Anne Aramendia arduratuko da eszenografiaz, eta Joshy J argiez. Modu kolektiboan dantzatu eta bizitza ospatzeko gonbidapena izanen da. Plazeratu Iruñeko queer kolektiboarekin elkarlanean antolatu dute kontzertua.


PROGRAMA

  • Ekainak 6, ostirala

    • Futurible etorkizunera begirako lantegia. Gaur egungo eta etorkizuneko kultura modu kolektiboan irudikatzeko topaketa. 17:00etan. Izena eman behar da.

  • Ekainak 7, larunbata

    • Pentsatzeko ariketak eta hamaiketakoa: No sé, voy a masticarlo (Ez dakit, hausnartuko dut). 12:00etan. Izena eman behar da. 

    • Bazkari herrikoia Dar Etxeak antolatuta: kale gorrian dauden migratzaile gazteei laguntzen aritzen dira. 14:00etan. Izena eman behar da.

    • Peregrinatio performancea. 16:30ean. 

    • Entretejides esperientzia-tailerra. 17:30ean. 

    • Bálsamo para la utopía (Utopiarendako gozagarriak) afaria. 20:00etan. Izena eman behar da

    • En el bosque un claro (Argigune bat basoan) kontzertua. 21:35ean. 

    • Festa Set Plazeratua + Megane Mercury disko-jartzaileekin. 23:00etan. 

¿Te ha sido útil esta página?