Gaur eguerdian ekitaldi bat egin dute hiriko tradizioan errotuta dauden bi arteren arteko lotura aitortzeko: flamenkoa eta euskal pilota. Flamenco On Fire jaialdia eta NAPIKE - Nafarroako Pilota Jokoen Kultura Elkartea eta Gaz kaló Nafarroako Ijitoen Erakundeen Federazioa erakundeak Mañueta kaleko pilotalekuan elkartu dira Iruñeko Udaleko ordezkariekin. Hiriaren erdigunean dagoen pilotalekuak osagai sinboliko nabarmena du, Agustín Castellón Campos, Sabicas ezizenaz ezaguna, jaio zen kalean baitago. Sabicas gitarra-jotzailea Iruñean jaio zen 1912an eta New Yorken hil, 1990ean, eta rol garrantzitsua izan zuen flamenkoa internazionalizatzen.
Ekitaldia lau pilotari nafar eta ijitoei egin zaien omenaldia izan da, euskal-pilotaren barruan pertsona enblematikoak baitira edo izan baitziren: Chichan, David Arbizu, Iban García eta Abraham Antimasbeheres. Haiengan bi munduren historia partekatua aitortu nahi izan da; izan ere, desberdintasunak gora behera, funtsezko balioak dituzte komunean, hala nola, errotzea, sormena eta ahozko transmisioa. Txapela jaso dute, halaber, Xabier Martínezek,Napikeren izenean,eta Ricardo Hernándezek, Gaz kalóren izenean.
Pilotalekuan lau pilotariek eta haien senideek Nafarroako kirol eta kultura ondareari egindako ekarpena aitortzen duen oroitzapen-txapel bana jaso dute. Omenaldian, halaber, pilota- eta flamenko-erakustaldiak egin dira, kulturen arteko hartu-emanaren aberastasuna ospatzeko. Hasteko, kirola: esku-pilota erakustaldi bat Lagunak Pilotaren (Barañain) eskutik; eta ondoren, artea, Domingo Rubichi jereztarraren gitarra-ikuskizunarekin.
Jaialdiak berak justizia-sinbolikoko ekitaldi bihurtu nahi izan du topaketa hori, ijitoen memoria bizia aldarrikatzeko, Iberiar Penintsulara iritsi zireneko 600. urteurrenean; bai eta euskal pilotaren historian eta foru-kulturan duen presentzia aldarrikatzeko ere, tradizioek integraziorako eta aniztasunerako eramaile gisa duten balioaren erakusgarri.