Lau ikastetxetako 220 ikaslek Iruñeko ibaietako dibertsitateari buruz ikasi dute laginekin eginiko jardueren bidez

Lau ikastetxetako 220 ikaslek Iruñeko ibaietako dibertsitateari buruz ikasi dute laginekin eginiko jardueren bidez
Hainbat arrain-espezieren ezaugarriak eta jokabideak aztertu dituzte, eta bizi diren ekosisteman bakoitzak zer funtzio duen ere bai
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko ibaietako fauna sakon aztertzeko xedez, lau ikastetxetako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 220 ikaslek hartu dute parte ikasturte honetan Iruñeko Udalak bultzatutako prestakuntza-programan. Nafarroako Gobernuko Basozainen babespean egin dute egitasmoa, eta Elortz, Sadar eta Arga ibaietako dibertsitatea aztertu dute. Horretarako, ornodunen laginak hartu dituzte elektrizitate bidezko arrantza erabiliz.

Teknika horrek ez die kalterik egiten arrainei: volt gutxiko korronte elektrikoa ezartzen zaie ur azpian; horrek tontotu egiten ditu apur batez, eta identifikatzeko baliatzen da tarte hori. Bertako espezieak aztertu ahal izan dituzte, hala nola amuarrainak eta zarboak, baina baita gure ibaietan bizi diren beste espezie exotiko batzuk ere. Tarte baterako arrantzatuta eta inolako kalterik eragin gabe, arrainen ezaugarriak, jokabideak eta bizi diren ekosisteman bakoitzak zer funtzio duen ikasi dute ikasleek. Identifikatu ondoren, beren habitatera itzuli dituzte berriz. Iruñeko ibaietan zer espezie eta bakoitzetik zenbat ale bizi diren jakiteak bide ematen du uretako ekosistemaren osasunaren jarraipena egin eta beharrezkoa balitz oker dagoena zuzentzeko neurriak hartzeko. 

Aurtengo ikasturtean Julio Caro Baroja BHIko 75 ikaslek, Iñaki Ochoa de Olza BHIko 40k, Jaso Ikastolako 55ek eta San Jorge HLHIPko beste 50ek hartu dute parte. Ikasleendako, naturarekin lotutako esperientzia praktiko bikaina izan da jarduera: ibaietako faunaren inguruko jakinduria landu dute, eta ingurumenaren ikerketan erabiltzen diren teknika zientifikoak ikasi ahal izan dituzte. Gainera, sentsibilizaziorako egitasmo horrek helburu du kontzientzia piztea biodibertsitatearen inguruan, eta ingurua eta ingurumena babestearen garrantziari buruz. Aurtengo azterketetan, zarboak eta amuarrainak elektrizitate bidez arrantzatuta ikusi dute ekosistema osasuntsu dagoela. Nolanahi ere, espezieak desagertzen ari dira, eta litekeena da ingurumen-arazoen ondorioz izatea hori. 

Dibertsitatea babesteko, hezkuntza-programan saiatu dira gazteek kontzientzia har dezaten gizakien ekintzek ingurumenean duten eraginari buruz; izan ere, kutsadura ez ezik, azpiegiturak eraikitzeak eragina izan dezake ibaien ibilguetan eta ekosistema horietan bizi den faunarengan. Erabakiak hartzeko orduan parte hartu dezaten lortu nahi dute, eta ekintzak egin ditzaten uretako habitatak kontserbatu eta babesteko. 

Elektrizitate bidezko arrantzaz gain, beste jarduera batzuk ere egin dituzte hezkuntza-programaren barruan. Esaterako, animalia ornogabeen eta beste ornodun batzuen laginak hartu dituzte, hala nola hegaztienak, behaketa bidez, eta ugaztunenak, argazki bidezko tranpen bidez eta aztarnen laginak hartuta. Halaber, uraren kalitatea aztertu dute ikasleekin: hiriko ibaietako uraren laginak hartu dituzte hainbat parametro aztertzeko.

Iruña Birnaturalizatzeko 2025eko proiektuko (RUNA 2025) B16 ekintzaren barruan egin dituzte jarduera horiek guztiak. RUNA 2025 proiektuak 2,7 milioi euro lortu ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Ekolur eta Ornitolan enpresek elkarlanean garatu dute B16 ekintza, eta helburu du Arga, Elortz eta Sadar ibaien Iruñeko zatian uraren kalitatea hobetzeko protokolo bat martxan jartzea.



runa

¿Te ha sido útil esta página?