
ECOZINE Zinema eta Ingurumenari buruzko Nazioarteko Jaialdia Iruñean da berriz: lau dokumental emanen dituzte doan apirilaren 7tik (astelehena) 10era (osteguna). Sail ofizialeko proiekzioak herritar orori zuzenduta daude, eta Golem Baiona zinema-aretoetan emanen dituzte, 19:30ean. Elkarrizketetarako eta gizartea eraldatzeko arte gisa hartzen du zinema nazioarteko jaialdiak. Jaialdiaren inguruko informazioa Udalaren Ingurumen Hezkuntzako webgunean kontsultatzen ahal da https://educacionambiental.pamplona.es/eu/hiritargoa/ecozine-film-jaialdia/, bai eta jaialdiaren atari ofizialean ere www.festivalecozine.es.
Lau dokumentalak sail ofizialean lehiatuko dira, eta arratsaldero, proiekzioa amaitu ostean, ikusleak filma sortu duen taldeko kide batzuekin elkartzen ahalko dira. Hala, ikusleek langileen ahotik izanen dute dokumentala egiteko esperientziaren eta zailtasunen berri, eta zehaztasun handiagoz jakinen dituzte filmatzeko prozesuaren eta postprodukzioaren nondik norakoak.
Francisco José Vaquero Robustillo zuzendariaren Vidas irrenovables (2024) filmak emanen dio hasiera aurten jaialdiari, hilaren 7an, astelehenarekin. Argi erakusten du landa-inguruaren biziraupena arriskuan dagoela erregai fosilak energia-iturri berriztagarriekin ordezkatzeko prozesua ez delako planifikatu eta gaizki kudeatzen ari direlako. Landa-inguruneko 47 protagonistaren lekukotza bildu du dokumentalean zuzendariak: trantsizio ekologikoak eragiten dizkien arazoez mintzo dira.
Koba Gómezek zuzendutako Heaven is a closed nightclub (2024) dokumentalaren txanda izanen da gero, hilaren 8an, asteartearekin. Zuzendariak bere aitaren, amaren eta ahizparen ahotsak uztartu ditu dokumentalean, aitaren etxean aurkitutako argazki-artxibo bat oinarri hartuta. Terra Mítican gertatutako sutearen argazki batzuen bidez, erresistentziazko iruditegi bat berreraikitzen dute Espainiako hiri turistikoenetako batean: Benidormen.
Hilaren 9an, asteazkenarekin, Miguel García Orive zuzendariaren Sintrópica (2024) dokumentala emanen dute. Hiru abenturazale ditu protagonista: Jaime Otero Galiziako nekazari sutsua, eta Sergio eta Diogo kideak. Hirurek odisea moduko bati ekinen diote Iberiar Penintsulan barna, jakiak ekoitzi eta aldi berean ekosistemak leheneratzeko, ingurumen-krisia eragin duten praktika konbentzionalak alde batera utzita.
Maurizio Albornoz Iniesta zuzendari argentinarraren Una canción para mi tierra (2024) dokumentalarekin amaituko da sail ofiziala, hilaren 10ean, ostegunarekin. Ramiroren bizipenak kontatzen ditu dokumentalean: musikako irakaslea da Argentinako landa-ingurunean, eta ohartuko da hegazkinek eta ongarritzeko makinek eskolen ondoan lainoztatzen dituztela lurrak, eta ikasleen osasuna arriskuan jartzen dutela. Horri aurre egiteko, komunitatea mugiaraziko duten abestiak konposatzen hasiko da, baina komunitateak errefusatu eginen du haren proposamena, eta orduan Woodstocken gisako kontzertu handi bat antolatuko du.
ECOZINE jaialdia 2007an sortu zen, Zaragozan, Ecozine kultur elkartearen ekimenez. Iruñean 2017tik ospatzen da, eta bi sail izan ohi ditu: gazteena, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleendako, eta ofiziala, herritar orori zuzendua. Aurten, martxoaren 31tik apirilaren 2ra egin dute gazteen saila, eta film laburrak ikusi ahal izan dituzte ikasleek: aurten jatorrizko bertsioan lehiatu dira lanak, eta ikastetxean lantzeko moduko material osagarria izan dute gainera. 987 ikaslek hartu dute parte gazteen sailean.
ECOZINE JAIALDIA APIRILAK 7 – 10. GOLEM BAIONA. 19:30
Apirilak 7, astelehena
Vidas Irrenovables
Espainia, 90 min, 2024. Zuzendaria: Francisco José Vaquero Robustillo
Apirilak 8, asteartea
Heaven is a closed nightclub
Espainia, 73 min, 2024. Zuzendaria: Koba Gómez
Apirilak 9, asteazkena
Sintrópica
Espainia, 104 min, 2024. Zuzendaria: Miguel García Orive
Apirilak 10, osteguna
Una canción para mi tierra
Argentina, 96 min, 2024. Zuzendaria: Mauricio Albornoz Iniesta