Anari Alberdi euskal abeslari eta musikagilea larunbatean iritsiko da Iruñera, bere taldearekin, Sanduzelaiko Civivoxean kontzertua eskaintzeko, Udalak eta Civivox sareak antolatutako lauhileko programazioan. Emanaldia 20:00etan hasiko da. Sarrerak 6 euroan daude salgai, Civivox sarean eta www.iruna.eus zein www.pamplonaescultura.es udal-webguneetan.
Kontzertuari eta ibilbideari buruz Anarik berak idatzi duenez “kasualitateak kausalitatea ekartzen du askotan, eta horixe da nire kasua; kasualitatez hasi banintzen musika munduan, kausalitatez gertatu da ondorengo dena: lanak, kontzertuak, musikari lagunak… Bakarrik jaio eta bidean lagunak hartu; Mikel Abrego (BAP, Negu Gorriak, inoreneroni) Xabier Olazabal ‘Drake’ (BAP, inoreneroni) eta Borja Iglesias (Purr, Hotel, inoreneroni) artisten eskutik noa; bihotzetik hala ere, Xabi Strubell (Dut, ZURA), Jon Oiartzun (BAP) edo Maite Arroitajauregi. Denek egiten dute Anari gu. Bakardade anitza.” “Sonoritateari erreparatuz, oraindik egiten darraien erreka da, iturri desberdinetatik edaten duena; azken finean iturri oro dira ura, rocka. Batzuetan leuna, bestetan gogorra, beti bustia. Jan berriz, hitza. Aho bete hitz, ikusiak, ikasiak, bilatuak, ez aurkituak, lapurtuak…. Errekaren gainean doan paperezko batela; errekak behar du, berak erreka haina “, Anarik esaten jarraitu duenez.
Anarik 1997an hasi zuen bere ibilbide artistikoa; eta urte asko eman ditu, aldi berean, Gaztelania eta Literaturako zein filosofiako irakasle, Bigarren Hezkuntzako institutu batean. Musikan, Psych Out taldean bateria-jotzaile eman zituen lehen urratsak (Akauzazteko kide batzuekin), letrak ingelesez zituztela.
Euskara adierazpide izatea erabaki zuen, eta 1997an debuta egin, bere izena zuen diskoaz (Anari), bertan Mikel Abrego, Xabi Strubell eta ondoko diskoetan ere lagun izango dituen euskal musikariek parte hartuta. Horrezkero, beste lan hauek sortu ziren: Habiak, Zebra, Irla izan, Zure aurrekari penalak eta Epilogo Bat, kritikaren aldetik horietako batzuk, oso arrakastatsuak. Anarik agertokian edo musika sortzean sentitzen duen ziurtasunik ezak haren agerpenak mugatu ditu, bai zuzenean bai estudioan.
Anari Alberdirekin (ahotsa eta gitarra), Sanduzelaiko Civivoxeko agertokian izango dira haren taldearen gainontzeko kideak: Xabier Olazabal, ‘Drake’, baxuan; Ander Mujika, gitarran; Mariano Hurtado, teklatuetan; eta Mikel Txopeitia, baterian.