Larunbatean Hezurbeltzak taldeak lehen diskoa aurkeztuko du, etorkin zein etxegabetuei eskainitako abestiez, Sanduzelaiko Civivoxean

Larunbatean Hezurbeltzak taldeak lehen diskoa aurkeztuko du, etorkin zein etxegabetuei eskainitako abestiez, Sanduzelaiko Civivoxean
Jon Maia bertsolariak, Gorka Hermosa akordeoilariak eta Pitti gitarra-jotzaileak osatutako taldeak 20:00etatik aurrera joko du, sarrerak 6 euroan salgai
Irudia
Irudia

Larunbatean, Sanduzelaiko Civivoxean, Hezurbeltzak euskal taldeak izen bera duen diskoa aurkeztuko du, iaz urte bukaeran kaleratuta bere lehena dena. Musika konprometitua eta olerkiak, Jon Maia bertsolariak, Gorka Hermosa akordeoilariak eta Pitti gitarra-jotzaileak osatutako taldearen eskutik. Kontzertua 20:00etan hasiko da; eta sarrerak 6 euroan daude salgai, Civivox sarean eta www.pamplona.es zein www.pamplonaescultura.es udal-webguneetan. 

Hezurbeltzak proiektuak  ibilbide luzeko eta sona handiko hiru artista ospetsu biltzen ditu, zuzenekoetan musikatik haratago beren unibertsoa sortzen dutela. Abestiek gizarte-gaiak dituzte hizpide, hala nola etorkinak –bereziki, Euskal Autonomi Erkidegora joandako gaztelauak, extremadurarrak eta galiziarrak– eta etxegabetuak, olerki, kritika, umore eta edertasunaren bidez, attrezzo paregabeaz eta giro inguratzaile bereziaz. Gainera, estilo ezberdinak uztartzen dira, hala nola pop, kopla, rap, musika instrumentala edo are kutsu mexikarrez jotako maitasun-abestiak.  

Hezurbeltzak proposamen berdingabea da, ezohikoa, olerkia eta musika uztartuta. Hiru musikariak lehen ere batera izan ziren beste proposamen batzuetan, hala nola ELE Lauaxeta-Lorca ikuskizun berritzailean, zeina Iruñean ikusi baitzen, Gerra Zibilean fusilatuta oso gazte hildako bi olerkariek, kultura ezberdinetakoak diren Federico García Lorcak eta Esteban Urkiaga "Lauaxetak", egin zuten lana ardatz. 

Jon Maia bertsolaria abeslaria da; eta kanta-idazlea, beste talde eta abeslari batzuentzat ere bai. Maia Karidadeko Benta taldeko sortzaile eta kanta-idazlea izan zen. Gainera, idazlea eta dokumentalista da, eta hainbat komunikabidetarako egiten ditu lanak. Gorka Hermosak bitan jaso du CIA IMC-Unesco Composition saria, Akordeoi Jotzaileen Nazioarteko Konfederazioak urteko pieza onenari ematen diona. Bere lanak Washingtoneko Opera Nazionalean eta beste agertoki batzuetan entzun dira, eta Berlingo Orkestra Filarmonikoak eta horrelako taldeek jo dituzte. Pitti Jazz eta Musika Modernoan lizentziaduna da Kataluniako Goi-Mailako Musika Eskolan, non gitarra akustikoko eta elektrikoko irakasle baita. Bere lan-ibilbidean hainbat talde eta artistarekin ibili da, hala nola: Los Secretos, Celtas Cortos, La Cabra Mecánica eta Manolo Escobar.

¿Te ha sido útil esta página?