Larunbatean estreinatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan Xabier Payaren “Beste Behin Batean”, 2020ko Haurrendako Antzerki Testuen Lehiaketako lan irabazlea

Larunbatean estreinatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan Xabier Payaren “Beste Behin Batean”, 2020ko Haurrendako Antzerki Testuen Lehiaketako lan irabazlea
Estreinaldia 18:00etan izanen da, eta sarrerak salgai daude, 6 euroan, NAEko txarteldegietan eta www.laescueladeteatro.com webgunean
teatro

 

 

2020ko Haurrendako Antzerki Testuen Lehiaketako sariak banatu zirenetik sei hilabete baino gehixeago pasa direnean, larunbatean estreinatuko da euskarazko modalitatean irabazle izan zen lana. Xabier Paya Ruizek idatzitako ‘Beste behin batean’ lana Nafarroako Antzerki Eskolan antzeztuko dute, 18:00etatik aurrera. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 6 euroan www.laescueladeteatro.com webgunean eta NAEko txarteldegian bertan, ikuskizuna hasi eta ordu eta erdi lehenagotik. 5 lagun edo gehiagoko taldeentzat, sarrerak 5 euroan salduko dira, pertsona bakoitzeko.

‘Beste behin batean’ antzezlanak zenbait ipuin klasikoen berrirakurketa kritikoa eta atsegina egiten du, non haien esentzia errespetatuta, gizarte-aniztasunarekin bat egokitu eta inklusiboagoak bilakatzen baititu. Lanak Rizzoren istorioa kontatzen du, 9 urteko neskarena, zeina ikastetxetik bere amonaren etxera itzultzen baita, eta ez daki nola aurre egin zeregin bati: aukeratu behar du, ipuin klasiko guztien artean, gehien gustatzen zaiona. Baina Rizzo txikiak zailtasun handiak ditu aukeraketa hori egiteko orduan, beldur baita iraingarria izan daitekeen edo ikaskide bati mina eragin diezaiokeen ipuin bat aukeratzeko. Ximona amonak – liburuzalea, oro har, eta, bereziki haur-literatura klasikoaren zalea– gidatuko du aukeraketa horretan, eta Rizzo animatuko du neskaren ideiekin bat ez datozen ipuin klasikoen zatiak aldatzera.

Antzezlanaren aurkezpenean parte hartu dute gaur goizean Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak, ekoizpenaren zuzendari Virginia Cerverak, Esti Curiel aktoreak eta Nafarroako Antzerki Eskolako María Sagüesek. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak urtero haurrendako Antzerki Testuen Lehiaketa antolatzen dute, helburu hartuta haurrei zuzendutako dramaturgia sustatzea, antzerki garaikidea sendotzen eta bultzatzen laguntzea eta haurtzarotik antzerkigintzaren aberastasun kultural eta artistikoa handitzea. Iaz 13 antzezlan aurkeztu zituzten euskaraz, 2019ko edizioan baino % 44 gehiago, orduan 9 aurkeztu baitziren.

Antzezlanaren talde artistikoa

Virginia Cervera Palacios da “Beste behin batean” antzezlanaren zuzendaria, eta aktoreak Esti Curiel, Sofía Díez eta Mónica Torre dira. Jantziak María Sagüések egin ditu, eszenaratzearen diseinua Laguruk, argiztapena Luzyferrek eta eszenografia Atornapiónek. Nafarroako Antzerki Eskolaren ekoizpena da, eta Xabier Paya Ruizek idatzitako testua du oinarri. Epaimahaiak “Beste behin batean” literatur kalitate handiko testua dela nabarmendu zuen, bertsolaritza eta literatura dramatikoa egokiro uztartzen ditu eta.

Xabier Paya Ruiz (Bilbo, 1982) bertsolaria da, gidoilaria, prestakuntzaz itzultzailea eta interpretea, eta graduondoko hainbat ikasketa egin ditu. Gidoigintza-ikasketa batzuk egin ditu, horien artean honako hauek aipagarrienak: EIKENek eta EITBk antolatutako ‘Factoría de Guión’ prestakuntza-ibilbidea, zeinaren bidez telebistarako gidoigintzan espezializatu baitzen; espezializazio-ikastaro bat komedietarako gidoigintzan, Robert McKeek Londresen emandakoa, eta SGAEk antolatutako hainbat ikastaro, Michel Gaztambide eta Patxo Telleriarekin eskutik. Eskarmentua du gidoilari gisa telebistan, antzerkian, eta literatura-lanen idazle eta itzultzaile gisa.

Virginia Cervera Palaciosek antzerki-interpretazio ikasketak Nafarroako Antzerki Eskolan hasi zituen, eta dantza-ikasketak Nafarroako Dantza Eskolan. Arte ikasketetan sakontzeko Nafarroako Gobernuaren beka bati esker Pariseko Êcole Jacques Lecoq antzerki-eskola prestigiotsuan ikasi zuen. Zenbait taldetan lan egin du, hala nola Sambhu antzerki-taldean, eta Malaspulgas sortu zuen, testu klasikoak haurrendako eta familiendako egokitzen espezializatutako konpainia. Zineman, Francisco Avizanda eta Montxo Armendárizen aginduetara lan egin du.

¿Te ha sido útil esta página?