Larunbatean, 18:00etan, Iruñeko hamaikagarren Udalbatza osatzeko osoko bilkura egingo da; ekitaldi horretan ere, alkatea hautatuko da, eta hura karguaz jabetuko. Aurreikusitakoaren arabera, ekitaldiak 30 minutu inguru iraungo du.
Udaletxean, 27 zinegotziak ez ezik agintariak eta gonbidatuak (hiru, zinegotzi bakoitzeko) egongo dira, Udalbatza-aretoan eta Harrera-aretoan banaturik (bi aretoak lehen solairuan daude), eta bertatik jarraitu ahal izango dute ekitaldia, telebista-pantaila batean. Saioaren nondik-norakoen berri emateko akreditazioa duten komunikabideek Prentsa-aretoan (2. solairua) jarraitu ahal izango dute ekitaldiaren bilakaera, neurri handiko monitore batez eta soinu- zein bideo-banatzaileez horniturik egongo baita.
Horrez gain, interesa duten pertsonek zuzenean ikusi ahal izango dute saioa, Interneten, www.pamplona.es udal-webgunearen bidez. Ekitaldiaren ostean, saioaren bideoa webgunean gordeta geratuko da.
Desfilea, protokolo-ekitaldi ofizialaren parte
Udalbatza eratzeko ekitaldi formala desfile batez hasiko da, udaletxearen barrualdean; hala egiten da Batasunaren Pribilegioaren garaiko (1423) tradizio bati jarraikiz, zeina joan den mendeko 80ko hamarkadan berreskuratu baitzen. Gaur egun, karguaz jabetzeari buruzko kontuak –desfilea barne– Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko erregelamenduaren 7. artikuluan daude jasota.
Hasieran, Udalbatza berria Harrera-aretoan biltzen da, Udaletxeko lehen solairuan, eta gela horretatik abiatzen da desfilea, Udalbatza-aretorainoko korridorean barna, binakako ilaran, hiru mazolari buruan. Desfilatzeko hurrenkera ordena alfabetikoarekin bat zedarritzen da, eta hori horrela, Joxe Abaurrea eta Carmen Alba izango dira lehenak. Amaieran izango dira Adin Mahaiko kideak, zeinek eraketa-bilkuraren burutza-lanak egingo baitituzte: Silvia Velasquez Manrique, zinegotzi nagusiena, eta Xabier Sagardoy Ortega, eratuko den Udalbatzako kiderik gazteena.
Korridorea tinbalari eta klarinete-jotzaileek lagunduta eta galaz jantzitako udaltzainen aurrean zeharkatu ostean, zinegotziak Udalbatza-aretora sartuko dira, eta bertan izango dituzte zain, zutik, saiora etorritako ikusleak.
Adin Mahaia, hasierako bilkura zuzentzeko
Behin aretoan, ordezkaturik dauden alderdi politiko guztietako zerrendaburuak elkarren ondoan eseriko dira, bilkura zuzentzen ari direnen eskuinean, lortutako boto kopuruaren arabera ordenaturik, boto gehien lortu dituenetik gutxien lortu dituenera, kanporago dagoen aulkitik hasita erdialdera. Gainerako zinegotziak aretoko ohorezko aulkietan jarriko dira, hurrenkera alfabetikoan, sarrera-atearen ezkerraldetik hasita, erloju-orratzen noranzkoan, aulki-lerroaren amaierara arte.
Adin Mahaiak gidatuko du saioa, hots, aurrez hiru tokiak legez finkatuta dituen Mahaiburutzak: erdian Silvia Velasquez Manrique (1958/01/09) eseriko da, zinegotzi nagusiena baita; horren eskuinean, Xabier Sagardoy Ortega (1992/02/21), oraingo Udalbatzaren kiderik gazteena izaki, eta haren ezkerretara, Javier Horcada, Osoko Bilkurako idazkaria.
Udalbatza eratzea
Behin zinegotziak aulkietan eserita, eta guztiak bertan daudela egiaztatuta, zera izango da saioaren lehen egitekoa: idazkariak hautetsien egiaztagutunekiko adostasuna deklaratu beharko du. Orduan Silvia Velasquez Manriquek, bilkuraren buru denez gero, zinegotziei eskatuko die zutik jar daitezen deitzen zaienean, Konstituzioari men egingo diotelako zina edo promesa egiteko, aulkitik bertatik.
Dei bakarra egingo da, alfabetoaren ordenarekin bat, eta formula apirilaren 5eko 707/1979 Errege Dekretuan aurreikusitakoari lotuko zaio. Horren ostean, 27 zinegotziak beren karguez jabeturik egongo dira, eta, hori horrela, Velasquezek Iruñeko Udala ofizialki eratu dela deklaratuko du: Iruñeko 11. Udalbatza izango da.
14ko gehiengoa edo boto gehien bildu dituen zerrenda
Behin Udalbatza eratuta, zinegotziek beren lehen saioa izango dute, helburu bakarra bere artean eta bozketa bakarrean alkatea hautatzea delarik. Idazkariak bertaratuei zera gogoraraziko die: Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoarekin bat, hautagaiak hauteskundeetan Udalerako ordezkaritza lortu duten zerrendaburuak izango dira, hots, Enrique Maya, Joseba Asiron, Maite Esporrin eta Itziar Gómez, Navarra Suma, Bildu, PSN eta Geroa Bai taldekoak, hurrenez hurren.
Bozketa-prozedurak ezartzen duenarekin bat, bozketan gehiengo osoa lortzen duena, hots, aldeko 14 boto, izango da hautatua. Gehiengo hori lortzen ez bada, berez izendatuko da maiatzeko hauteskundeetan boto gehien bildu zituen zerrendako burua. Zinegotziek eskuragai izango dituzte boto-paperak, botoa idatzita emateko, eta Adin Mahaiko zinegotziek (Velasquez eta Sagardoy) areto erdian kokatutako hautetsontzia jaso eta aulki bakoitzeraino hurbilduko dute botoak jasotzeko.
Bozketa ere alfabeto-hurrenkeran egingo da, Mahaiburutzaren ezkerrean eta urrunen dagoen lekutik hasita, erloju-orratzen noranzkoan. Zinegotzi horien 25 botoen ondoren, Mahaiburutzako zinegotziek bozkatuko dute, Sagardoyek lehenik eta gero Velasquezek. Orduantxe irekiko da hautetsontzia, eta emaitzak irakurriko. Botoak zenbatutakoan gehiengo osoa badago, hautatuari kargua onar dezan eskatuko zaio. Gehiengorik ezean, galdera hauteskundeetan boto gehien bildu dituen zerrendako buruari zuzenduko zaio.
Araudiarekiko eta ikur tradizionalekiko konpromisoa
Behin datozen lau urteetan alkatea izango denak, Udalbatzaren aurrean, kargua onartuta, udal-erregidoreak zina edo promesa egingo du. Horrezkero, karguaren jabetza gauzatutzat emango da. Zinegotzi nagusienak, ordura arte saioan buru izan denak, alkateari aginte-makila, lepokoa eta intsignia emango dizkio.
Horrezkero alkatea izango da buru saioan, Velasquezekin lekua trukatuz, ordura arte Mahaiburutzan baitzegoen, eta bertatik hitz egingo du Udalbatzari zuzenduz. Hitzaldiaren ondoren, agur gisa, zinegotziei intsignia bana emango die, hiriaren armarria duena. Aurten ere, urrezkoa izango da, udal-aretoetan zeuden intsigniak berreskuratu, birgaldatu eta berriro sortu ondoren.
Azken zeregin protokolario horren ondoren, bilkurari amaiera emango zaio, eta eratu berri den Udalbatza binakako ilaran aterako da Udalbatza-aretotik Harrera-aretora, berriro tinbalariek eta klarinete-jotzaileek lagunduta. Desfileak ekitaldi formalari amaiera emango dio. Joxe Abaurrea eta Carmen Alba izango dira ilaran buru, eta segizioa alkatea izango denak itxiko du.
UDALBATZAREN BANAKETA
Navarra Suma: 13 zinegotzi
Enrique Maya Miranda 1959-04-07
Maria Echávarri Miñano 1976-05-28
Ana Elizalde Urmeneta 1968-07-19
Javier Labairu Elizalde 1962-08-15
Maria García Barberena Unzu 1980-04-03
Carmen Alba Orduna 1967-06-29
Fernando Sesma Urzaiz 1964-05-30
Maria Caballero Martínez 1963-06-22
Fernando Aranguren Reta 1981-05-21
Juan José Echeverría 1959-10-07
Arturo Lecumberri Martínez 1988-02-23
Cristina Martínez Dawe 1990-05-17
Fermín Alonso Ibarra 1982-06-25
Bildu: 7 zinegotzi
Joseba Asiron Sáez 1962-04-14
Maider Beloki Unzu 1978-07-24
Joxe Abaurrea San Juan 1965-02-14
Marian Aldaia Gaztelu 1973-05-18
Amaia Izko Aramendia 1971-11-03
Eva Aranguren Arsuaga 1976-05-10
Endika Alonso Irisarri. 1974-09-30
PSN: 5 zinegotzi
Maite Esporrín Las Heras 1959-04-12
Elma Saiz Delgado 1975-12-02
Xabier Sagardoy Ortega 1992-02-21
Juan Luis García Martín 1971-09-04
Silvia Velasquez Manrique 1958-01-09
Geroa Bai: 2 zinegotzi
Itziar Gómez López 1965-01-29
Patxi Leuza García 1980-01-30
UDAL-ERAKUNDEAREN AUTORITATEAREN IKURRAK
Ia lau mendeko zeremoniala: Ceremonial: Formulario de los actos y funciones que acostumbra celebrar la M.N y M.L. Ciudad de Pamplona 1738ko liburuak, Udal Artxiboan gordeak, jasotzen zuen, alkatea karguaz jabetzen zenean, Udaletxean, lehen erregidoreari, lepoan, Hiriaren Domina jartzen ziotela. Halaber, zilarrezko zigilua ematen zioten, oraindik gordetzen dena, hiriko armak dauzkala; eta saioan aginte-makila erabiltzen zen.
Alkatearen domina: Udalbatzako gainontzeko kideenak bezala, Karlos III.a Prestuak Batasunaren Pribilegioa aldarrikatu zuenetik Iruñearen ikurra den lehoia dauka alde batean, eta bestean, Kristoren Bost Zaurien irudia, 1599ko martxotik azarora hiriak jasan zuen izurritean jatorria duena. Orduantxe egin zizkioten otoitzak San Fermini, San Sebastiani eta San Rokeri, eta Bost Zaurien ospakizuna egiten hasi zen.
Liburuan esaten denez “Hiriko lehendakariak, gizabidezko hitzetan, (...) hautaketa on eta pozgarria egin dela adieraziz, (alkateari) domina jartzen dio lepoan, jabetzaren ikur, eta hiriko armak dauzkan zilarrezko zigilua eman, igorri beharreko hornidura zigilatzeko”
Aginte-makila
Lehen aipatutako liburuan, alkateak, karguaren jabetzan, zin egiten du, eta “autoritate-makila” jaso (ikur horixe mantentzen da, hiriko aginte-makilaz). Makila, metro bat ingurukoa, egurrezkoa da, eta eskutokia zein muturra metalezkoak, eskubanda-lantegiko txirikorda txiki bat duela. Bost aginte-makila daude: alkatearena, hiru alkateordeena eta Udaltzainburuak eramaten duena.
Halaber, liburu horretan zera esaten da, alkateaz eta hiriko lehendakariaz arituta: “Elkarri kortesia-keinuak eginez (...) aretotik ateratzen dira (...) eta Entzun-aretoa igaro ostean agur esaten diote akonpainamenduari Udaletxeko atetik; gero, Kontsulta-aretora itzulitakoan, makila goratuta, lehen tokia eta gailenena hartzen du, hori baita dagokiona”.