Larunbatean bueltan izanen da Basotxoa, bertako produktu artisauen azoka Iruñeko Basotxoan

Larunbatean bueltan izanen da Basotxoa, bertako produktu artisauen azoka Iruñeko Basotxoan
Hogeita hamar bat postu jarriko dituzte 10:00etatik 14:00etara: hurbileko elikagaiak, artisau-produktuak, ehunak, bitxiak eta arte grafikoekin egindako produktuak izanen dira, besteak beste
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Basotxoa, bertako artisau-produktuen azoka Iruñeko Basotxoan eginen da berriz abuztuaren 9an, larunbatarekin, tokiko ekoizleen salgaiak eskaintzeko. 10:00etatik 14:00etara askotariko produktuak eskuratzeko aukera egonen da, hala nola gazta, eztia, zukuak, meloia eta baratxuriak, bitxigintzako eta serigrafiazko artisau-produktuak eta tokiko artisauek egindako opariak. Merkatua egiten den hirugarren aldia da, Basotxo kalean , Taconera parkearen ondoan.

Iruñeko Udalak antolatzen du azoka, beste erakunde batzuekin elkarlanean: Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuarekin (INTIA-Reyno Gourmet), Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (CEPAEN-NNPEK), Nafarroako Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin eta Bizilur elkartearekin. Aurreikuspenen arabera, hogeita hamar bat postu egonen dira, azoka batetik bestera txandakatuko dira eta gutxienez postuen % 25 berriak izanen dira. Merkatua egiten den bakoitzean denboraldiko produktu bat saltzen duen postu bat dago, eta oraingoan Olite Taintaren nekazaritza-ekologikoko Faltzesko baratxuriak izanen dira.

Basotxoaren hirugarren hitzordu honen xedea da aire zabaleko merkatua ohiko hitzordu gisa finkatzea, bai bertakoendako bai bisitariendako, zeinek aukera izanen baitute kalitatea egiaztatua duten, hau da, dagokien kalitate-zigilua eta ziurtagiri ofiziala duten, askotariko produktuen artean aukeratzeko. Halaber, Basotxoa produktuak modu jasangarrian eta tokian-tokian ekoiztea sustatzeko erreferentziazko toki izan dadin lortu nahi dute.

Tokiko produktuak
Faltzesko baratxuriek leku garrantzitsua izanen dute larunbatean, eta artisauek txirikordak nola egiten dituzten erakutsiko dute, hobeto kontserbatzeko zurtoina txirikordatuta. Nafarroako meloia, freskagarria eta elikagarria, izanen da ere protagonista, Juan Simón Murchanteko baratzezainaren eskutik. Artisau-erlezain profesionalen eztiak, argizariak eta propoliak ere eskainiko dira.

Artzain-, ardi- eta ahuntz-gaztak dira beste produktu izarra. Horietako bat Iruñeko Txantrea Gaztandegia da, ardiak Ezkaba mendian eta Orikain inguruan zaintzen ditu, eta ardi horiei suhiltzaile deitzen zaie larreak jan eta inguru horretan suteak gertatzea saihesten dutelako. Honako produktu hauek osatuko dute eskaintza: ahate-produktuak, Nafarroako olioa eta ardoa, arrautzak, artisau-gozokiak, hestebeteak, ogia, lekaleak, garagardoak, frutak eta barazkiak.

Jateko produktuak ez direnei dagokienez, honako hauek eskaintzen dira merkatuan: Irunberriko kotoi organikoko arropa, Bearingo artisau-produktu energetikoak, Iruñeko artisau-opariak eta bitxiak, Cascanteko olibondo eta ezpel egurrezko artisau-produktuak eta Ziordiako artisau-serigrafia. 

Irailean ez da azokarik eginen, izan ere, Iruñean Erdi Aroko Azoka Handia eginen da Batasunaren Pribilegioa ospatzeko. Urrian ere ez da eginen, Gazteluko plazan Artisau Produktuen Azoka eginen baitute, ezta abenduan eta urtarrilean ere, Eguberrietako programazioa eginen delako.
 

ABUZTUAREN 9KO MERKATUKO POSTUAK
•    Lorez lore (eztia, argizaria eta propolia)
•    El capricho de Remiro (Eulateko ardi-gazta, Urbasa mendia)
•    Juan Simón (Murchanteko meloi ekologikoa)
•    Ekosagar (zukuak, sagar-zuku ekologikoa) 
•    Kapalilua (artisau-serigrafia artistikoa eta ekologikoa) 
•    Lurmendi (artisau-marmelada ekologikoak)
•    Atekoa (Iragiko ardi-gazta, Esteribar)
•    Ecológicos Aranda (Arroizko olio ekologikoa eta Faltzesko arbekina oliba-olioa)
•    Urrutia pastak (Uxueko artisau-goxokiak)
•    Magalean (ehunak, kotoi organikoz egindako sorkuntzak, Irunberri)
•    Axuribeltz (Urbasa-Andiako parke naturaleko ardi latxa gazta)
•    Miel Andiaga (Uxueko eztiak)
•    El Puente Viejo (Caparrosoko fruta eta barazki ekologikoak)
•    Otxokain (Otsakaingo ahuntz-gazta)
•    Olite Tainta (Faltzesko nekazaritza ekologikoko baratxuriak)
•    Miel Baigorri (Zangozako eztiak, gozokiak, propoliak eta erle-argizari birjina)
•    La Espiral (Bearingo artisau-produktu energetikoak)
•    Elkea (Bakedanoko (Ameskoabarrena) eta Artaxoako olioa, lekaleak eta garagardoa)
•    Lakabe (Lakabeko ogi integrala, Artzibar)
•    El Bordon (Vianako hestebeteak)
•    Txantrea Gaztandegia (Txantreako ardi-gaztak)
•    Artisai handmade (Arrotxapeko artisau-opariak)
•    Erlandere (Arbeitzako eztia eta marmeladak, Lizarraldea)
•    Katealde (ahateetatik ateratzen diren Altsasuko artisau-produktuak)
•    Atelier 17 (Iruñeko artisau-bitxigintza)
•    Ekollaondo (Goldarazko ahuntz-gazta eta ekoizpen ekologikoko arrautzak, Imotz ibarra)
•    Dulces Virgen de Ujué (Uxueko gozokiak)
•    Artesanía Hnos. Orta (Cascanteko olibondo egurrezko artisau produktuak)
•    Mendiko (Oibarko ardoa eta olioa)
•    Loperena Gaztak (Egozkueko ardi latxa beltzen gazta)

 

¿Te ha sido útil esta página?