Bihartik (ostiraletik), Monika Aranda Castellanos artista iruindarraren Panoptikoa instalazioa Ziudadelako Labean egongo da jendaurrean ikusgai. Bizi garen mundu digitalaren inguruko hausnarketa; eta egileak berak artearen inguruan egindako hausnarketa, bere sorketari bizitza emateko teknika ezberdinak erabili baititu. Panoptikoaren sekretuak ekainaren 30a arte ikusi ahalko dira.
Instalazioak bost besoko panoptikoa birsortu du, besoek proposamen bana eskaintzen dutela, aro digitalean pertsonek jasaten dituzten kontrola eta behaketa zein egoera horren ondorioak ardatz. Bost proposamenetako bakoitza plastika-hizkuntza ezberdin batez sortu da. Margolanak, argazkiak, instalazioa... ikusgai, bertaratuek behatxulo batzuetatik begira aurkituko dituzte. Panoptikoak egungo munduaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du, jakin-minari eta ezustekoari deika, aldi berean arte-adierazpen guztiak aldarrikatu nahian.
Goizean Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako zuzendariak eta Monika Arandak berak aurkeztu dute arte-sorketa hau. Instalazioa Ziudadelako Labean izango da ikusgai, honako ordutegi honetan: asteartetik ostiralera (18:30 – 21:00), larunbatetan (12:00 – 14:00 eta 18:30 – 21:00) eta igande zein jai-egunetan, bakarrik goizez (12:00 – 14:00).
Artea beti hortxe
Monika Aranda Castellanos (Iruña, 1976) arkitekto teknikoa eta eraikingintzako ingeniaria da, bere bizitzan artea beti hortxe egon bada ere. Arkitekturan ziharduenean artea zaletasuna zuen; gero, interiorismoarekin batera ere bai; eta, gaur egun, bere bizimodua du, izan ere, marrazkigintza eta margolaritzan haur eta nerabeendako irakaslea da. Gainera, sortzen eta hainbat arte-ekimenetan parte hartzen jarraitzen du.
Maiatzean eta ekainean, artista iruindarrak, Ziudadelako Labeko instalazioarekin batera, Gayarre antzokiko Figuranteak erakusketa ere badauka ikusgai, bertan itzal-antzerkiak hizkuntza gisa erabiliz antzerkia omenduta. Azken urteotan, hainbat talde-erakusketatan eman ditu bere lanak, hala nola: Bartzelonan, Fábrica de las Gomas-en, Ormolú galerian edo Reciclarte aretoan, Iruñean, Zizur Nagusiko Kultur Etxean eta Atarrabiako San Andres errotan. Horrez gain, Batean kale, bestean... esku-hartzea egin zuen, Iruñeko Zezen-plaza hondartza handia bilakatuz. 2017an, bakarkako bi erakusketa hauek egin zituen: Desartikulatuak, Lanbroan, (Iruña) eta Artikulatuak (Zizur Nagusia).