Lankidetzaren I. Plan Zuzentzailea izango du Iruñeak, 6 jarduketa-ildorekin eta 31 helburu estrategiko zein adierazlerekin

Lankidetzaren I. Plan Zuzentzailea izango du Iruñeak, 6 jarduketa-ildorekin eta 31 helburu estrategiko zein adierazlerekin
Garapenaren aldeko Lankidetzara bideratutako aurrekontua handituko du Udalak hurrengo 4 urteetan, Udalaren aurrekontuaren % 0,8a jo arte
Fitxategi

Iruñeko Udalak Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzaren lehen Plan Zuzentzailea egin du, Udalak arlo horretan egindako ibilbidea jasotzen duen agiri bat, jarraitutasuna eman eta erronka berriei heltze aldera. Sei jarduketa-ildorekin eta 31 helburu estrategiko zein adierazle dituen agiri bat da, eta horien bidez Udalak garapenaren aldeko lankidetza-politika sakonean landu eta zabaldu nahi du, hurrengo lau urteetarako ezarri den estrategia-esparruaren barruan.

Gizarte Ekintzako Alorreko zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok, Alorreko zuzendari Marisol de la Navak eta lankidetzako udal-teknikari Javier Gazteluk gaur goizean, prentsaurrekoan, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako agiria aurkeztu dute, zeina 2017ko bigarren erdialdean abiatutako prozesu partizipatibo baten fruitu baita, non parte hartu baitute Iruñeko Garapenaren aldeko Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) eta Nafarroako GGKEen koordinakundeak (CONGDN), Hegoaldeko tokiko kideek, Garapenaren aldeko Lankidetzako Udal Kontseiluak, Udaleko alorrak, Nafarroako Gobernuak, instituzioek, gizarte-plataformek, sektore akademikoak (NUP), Garapenerako Lankidetzako Nafarroako Toki Funtsak, eta Iruñeko beste entitate batzuek.

Udaleko Garapenaren aldeko Lankidetza Programaren gaineko urte eta erdiko hausnarketa-prozesuaren eta lanaren ondorio da Plana. Emaitza plan adostu, garden eta malgu bat da, zeinak Udalak 1996. urteaz geroztik esparru horretan egindako lana jaso eta sistematizatzen baitu. Plan hau egitea bultzatu duen azken helburua izan da Udalari ematea orain arte egindako lana finkatu eta sistematizatzeko tresna bat, aldi berean oinarri gisa erabil daitekeena etorkizun hurbileko erronka berriak planteatzeko. Hori horrela, lan-metodologia estrategiko baten aldeko apustua egiten da, agintaldiaren epe-mugak gainditzen dituena, nazioarteko lankidetza bezain espezifikoa den jarduketa-eremu batek eskatzen duen moduan. Ikuspegi honek azpimarratzen duen ideia da, beste arlo batzuetan gertatzen den bezala -klima-aldaketa, kontsumo arduratsua, etab.-, tokian tokiko inplikazioa ekintzarako tresna eraginkorra eta ezinbestekoa dela.

Plana ardatz-agiri bilakatuko da, eta haren bidez azken hogei urteetan lankidetza arloan egindako lana finkatu nahi da, eta Udalak arlo horretan duen jarduna hobetu. Urtero, Iruñeko Udalak Udaleko Garapenaren aldeko Lankidetza Programara aurrekontuaren % 0,7 inguru bideratzen du; 2018an 1.557.526 euro, hots, % 0,76. Kopuru horrek biztanle bakoitzak 7,66 euroko ekarpena egiten duela esan nahi du. Plan Zuzentzaileak kopuru hori pixkanaka handitzea proposatzen du, 2021. urtean Udaleko Garapenaren aldeko Lankidetza Programara bideratutako kopuruak Udalaren aurrekontuaren % 0,8 jo arte.

Planaren helburuak

Lankidetzaren Plan Zuzentzaileak hurrengo lau urteetan jarraitu beharreko ildoa ezartzen du, Udalaren jardunaren bide-orri eta erreferentzia-esparru gisa balio du, garapenaren aldeko lankidetzaren eta hezkuntzaren arloan. Plan horrekin, Udalak baditu helburu eta adierazle zehatz batzuk, epe ertainean neurtu daitezkeenak. Horrek betetze-maila, eraginkortasuna eta inpaktua ebaluatzen lagunduko du, eta gardentasuna eta kontu-ematea bermatu.

Planak orain arte egindako lanari jarraipena eman nahi dio, GGKEk oso positiboki baloratu duten lana, alegia. Prozesu partizipatiboaren emaitzek jasotzen dutenaren arabera, Iruñeko GGKEen % 87k uste du Udalaren Garapenaren aldeko Lankidetza Programaren funtzionamendua, 20 urte hauetan zehar, "ona" edo "oso ona" izan dela. GGKEek bereziki baloratu dituzte alderdi hauek: Udalaren aurrekontuaren % 0,7a mantentzeko konpromisoa eta ahalegina, baita duela gutxiko krisi garaietan ere; Udaleko teknikarien malgutasuna, gertutasuna eta profesionaltasuna; diru-laguntzen ikuspegi errealista eta praktikoa; zein herrialdetan jardun erabakitzeko irekitasuna eta malgutasuna; eta elkarrizketarako eta informazioa emateko guneak izatea.

Lankidetzaren Plan Zuzentzailearen sei ildo estrategiko nagusiak honako hauek dira: apustu egitea Hegoaldean egiten diren lankidetza-jardueren jasangarritasun eta koherentzia handiagoaren alde, tokikoan enfasia jarrita; garapenaren aldeko hezkuntza eta sentsibilizazio indartzea, funtsezko estrategia gisa; Udalaren Lankidetza Programak babestutako ekintzen kalitatea hobetzea, GGKEak indartuta eragile giltzarri gisa; beste entitate eta ekimen batzuekiko koordinazioa eta osagarritasuna indartzea; herritarren eta Udaleko beste Alor batzuen arteko ezagutza eta gardentasuna areagotzea; eta Garapenaren aldeko Lankidetzako Udal Kontseilua suspertzea, Iruñeko eragile giltzarrien arteko eztabaidarako eta informazio trukaketarako oinarrizko foro gisa.

Ildo estrategiko horietako bakoitzak helburu zehatzak ditu, hauek besteak beste: Hegoaldeko toki-entitateekin hainbat urtetarako programen pisua areagotzea; garapenaren aldeko hezkuntzako ekintzak sustatzea hainbat urtetarako; heziketa- eta sentsibilizazio-jarduerak indartzea eta gizarte-entitateak zein -plataformak nahastea haien garapenean; jarduketen ikusgaitasuna handitzea online tresnak eta sare sozialak erabilita; programa eta ekintzen ebaluazioak egitea; lankidetza instituzionala hobetzea; eta Udaleko Garapenaren aldeko Lankidetza Programaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko osagarritasuna sakontzea, gai honi dagokionez.

Plan Zuzentzaileak jasotzen dituen 31 helburu estrategiko horietako bakoitzarendako jomuga zehatzak, adierazleak eta ekintzak ezarri dira, datozen lau urteetarako. Zentzu horretan, Hegoaldeko toki-entitateekin hainbat urtetarako programen aurrekontua % 9tik % 12ra igotzea planteatzen da, edo onartzen diren proiektuen % 40k tokiko entitateak indartzeko elementuak benetan txertatuta izatea.

Urteko plan operatiboak

Plan Zuzentzailea urteko plan operatiboen bidez gauzatuko da. Orokorrean, jarduketa modalitateak ez dira aldatzen orain arte egiten zirenei dagokienez: lankidetza Hegoaldean, garapenaren aldeko sentsibilizazioa eta hezkuntza, laguntza humanitarioa eta larrialdietako laguntza, eta beste ekintza osagarri edo lagungarri batzuk.

Lankidetza Hegoaldean modalitatea izan da historikoki jardunaren ardatza (urteko aurrekontuaren % 80-85arekin). Plan Zuzentzailearekin herrialde eta esparru geografikoen inguruko malgutasuna mantenduko da, Giza Garapenaren Indize baxua edo oso baxua duten komunitate eta udalerriei laguntza emanez, eta ardatz hartuta oinarrizko gizarte-premiak asetzea (hezkuntza, osasuna, ura eta saneamendua, etxebizitza, etab.), herritarrengandik ahalik eta gertuen, eta tokiko gobernuak eta gizarte zibila indartzea. Modalitate hau batez ere GGKEei emandako diru-laguntzen bidez gauzatuko da, izan urtekoak izan hainbat urtetarako, baina hitzarmenen bidez, funtsetara ekarpenak eginez eta beste jarduera batzuen bidez ere bideratu ahal izango da.

Plan Zuzentzaileak garapenaren aldeko sentsibilizazioa eta hezkuntza indartzea aurreikusten du, zeinera aurrekontuaren % 10 inguru bideratzen ari baita. Hezkuntza eta sentsibilizazioa herritartasun globala eraikitzeko tresna gisa hartuta antolatuko da, non landuko baitira garapen jasangarria, bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua. Modalitate hau GGKEei emandako diru-laguntzen bidez gauzatuko da -unean uneko, urteko zein hainbat urtetarako ekintzetarako-, baita hitzarmen zuzenen bidez -batez ere Nafarroako GGKEen Koordinakundearekin- eta udal programaren ekintza propioen bidez ere.

Laguntza humanitarioari eta larrialdietako laguntzari dagokienez, Plan Zuzentzaileak modalitate horren eraginkortasuna, bizkortasuna, malgutasuna, koordinazioa eta osagarritasuna hobetzea bilatzen du. Lehentasunez garatuko da, GGKEei emandako diru-laguntzen bidez.

Lankidetza Programaren 20 urteen balantzea

Plan Zuzentzaileak Udaleko Garapenaren aldeko Lankidetza Programaren 20 urteetako datu eta estatistika nagusiak ere jasotzen ditu. Datu horien arabera, lankidetzarako urteko deialdietara aurkeztutako 10 proiektuetatik 6 babestu izan dira gutxi gorabehera, eta joera horrek gora egin du urteek aurrera egin ahala (lehen urteetan % 50 baino gutxiago zen, eta azken urteetan % 65-70era heldu da). GGKEei dagokienez, lankidetzarako urteko deialdietako entitate eskatzaileen % 70ak udal programaren babesa jaso du.

Banaketa geografikoari dagokionez, Giza Garapenaren Indize baxuena duten Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako herrialdeak lehen postuetan daude: Peru, El Salvador, Nikaragua, Guatemala, Kolonbia, Bolivia eta Ekuador. 1996-2006ko epean babestutako proiektuen banaketa aztertuz gero, antzeko banaketa bat ikusten da, herenetan egina, hiru eskualderen artean: Hego Amerika (% 37); Mexiko, Erdialdeko Amerika eta Karibe (% 30); eta Afrika (% 28, goranzko joerarekin).

Sektorekako banaketari buruz, nabarmentzekoa da oinarrizko premiak asetzearena, nagusiki hezkuntza eta osasuna, barne hartuta herritarrak eta ugalketa-osasuna (diruz lagundutako proiektuen % 40). Horiei gehitzen zaizkie urarekin eta saneamenduarekin zerikusia dutenak, elikadura-laguntza, eta beste zerbitzu eta azpiegitura sozialak (% 20). Oinarrizko gizarte premiak asetzearekin batera, badira, baina neurri txikiago batean, ekoizpeneko eta garapen ekonomikoko proiektuak, batez ere nekazaritzara zuzenduak (% 8). Halaber, zeharkako beste bi sektore babestu dira, baina esanguratsuak garapenaren aldeko lankidetzaren arloan: gizarte zibila indartzea; eta emakumea eta garapena.

¿Te ha sido útil esta página?