Langabezian zeuden zortzi lagun ari dira Alde Zaharreko Auzo Unitateko lanak egiten, maiatzean zabaltzen duten arte: Jarauta kalean izanen du sarrera aurrerantzean, eta instalazioak berritzen ari dira

Langabezian zeuden zortzi lagun ari dira Alde Zaharreko Auzo Unitateko lanak egiten, maiatzean zabaltzen duten arte: Jarauta kalean izanen du sarrera aurrerantzean, eta instalazioak berritzen ari dira
Lehendakaritza Batzordea gaur goizean izan da lanak ikusten: gizarte-enpleguko egitasmo baten parte dira, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu ditu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Maiatzean zabalduko dute Alde Zaharreko Auzo Unitatea: instalazioak goitik behera berritzen ari dira, eta gune egokituak sortzen ere bai, herritarrei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko. Jarauta kaleko 43.enean izanen du sarrera aurrerantzean. Gizarte enpleguko egitasmo baten barruan ari dira gune hori moldatzen, joan den irailetik. Trenkadak kendu, eta gunea beste modu batean banatu dute: arreta emateko beste bi bulego jarri eta itxarongela eta bilera-gela handituko dituzte.     Mugikortasun murriztua dutenendako egokitu dituzte bai harrera-gunea eta bai komunak. Halaber, hainbat neurri ezarri dituzte langileen segurtasuna hobetzeko, bai bulegoetan (komunikatuta egonen dira), bai harrera-gunean. Gainera, leihoen kanpoko erlaitzak kendu dituzte, zaborrik ez pilatzeko, eta sarrerako atea tokiz aldatu dute, Jarauta kalera. Kanpoko aldea zementuzkoa da, eta auzoko bizilagunek egindako horma-irudi batekin apainduko dute, haiek ere parte hartu dezaten eraikina mantentzeko lanetan.

Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordea lanak ikusten izan da gaur goizean: arkitekto tekniko bat, arduradun bat, hiru ofizial eta igeltserotzako hiru peoi ari dira lanean, eta gizarte-enpleguko proiektu baten bidez kontratatu dituzte. Kontratuek 136.573,49 euroko kostua izan dute orotara, eta horietatik 49.200 euro Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatu ditu, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza-deialdi bat dela medio: tokiko erakundeei zuzendua da deialdi hori, eta langabezian daudenak kontratatzea du helburu interes orokor edo sozialeko lanak egin eta zerbitzuak eskaintzeko. Gainera, Udalak beste 300.000 euro inbertituko ditu materialetan.

Herritar kalteberak: langileak eta zerbitzuaren hartzaileak
Udal-proiektuan zehaztu zutenez, egitasmo horrek modua ematen du Iruñeko herritar kalteberekin bi bidetatik lan egiteko: alde batetik, lanerako aukera ematen die langabezian zeuden edo kalteberak diren zortzi laguni, eta bestetik, herritarrendako gizarte-arretarako zerbitzuen instalazioak hobetzen dira.

Hona hemen kontratatu dituzten langileen profilak: langabezian dagoen 55 urtetik beherako emakume bat arkitekto teknikoaren lanetan; langabezian dagoen 55 urtetik gorako lagun bat lanen arduradun; errenta bermatua jasotzen ari diren herritarrak igeltserotzako ofizial, eta errenta bermatua jasotzen ari diren herritarrak edo langabezian dauden 55 urtetik gorakoak igeltserotzako peoi.

Martxoan amaituko dituzte lanak, sei hilabeteko kontratuaren ondoren. Lan horiek amaituta, margotu, elektrizitatearekin lotutako lanak egin, eta altzariak jarriko dituzte. Gizarte-enpleguko programaren bidez eginen ditu Udalak lan horiek ere, eta horiek eginda, maiatzean zabalduko dute Auzo Unitatea. Ordura arte, Navas de Tolosa kaleko 25.ean emanen dute zerbitzua, lehen solairuan.

Auzo Unitatearen zerbitzuak
Udalaren auzo-unitateen sareko zaharrena da Alde Zaharrekoa. 20 urte baino gehiago ditu lokalak, eta zaharkituta zegoen. Antzeko lanak egin zituzten gizarte-enpleguko deialdien barruan Arrotxapeko (2016-2017 eta 2018) eta Donibaneko (2019) auzo-unitateetan. Herritar kalteberenei gizarte-arreta emateko zerbitzuak dira auzo-unitateak, eta Udalaren Gizarte Zerbitzuen sistemarako sarbidea ere bai. Beraz, ekintza horiek guztiak helburu handiago baten parte dira: hirian gizarte-arreta eskaintzen duten gune guztiak hobetzea. Auzoz auzo banatuta daude Iruñeko Udalaren auzo-unitateak, eta Gizarte Zerbitzuen sistemarako sarbidea dira, lehen aipatu bezala. Herritarrei bide ematen diete Lehen Arretako lau programetarako sarbidea eskuratzeko, bai eta Nafarroako Gobernuaren laguntzak lortzeko ere. 

Programa horietako bat Harrerako eta gizarte-orientazioko programa da: herritarren arazoei lehen erantzun bat emateko balio du, gizarte-babeserako sistemek eskaintzen dituzten laguntzetarako sarbidea ematen baitu, eta beharrezkoa denean, baita Lehen Arretako edo Arreta Espezializatuko gainerako programetarako sarbidea ere. Norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasuna dutenei arreta emateko programa da beste bat: Gobernuaren Mendekotasunerako programa kudeatzen du, eta hor sartzen dira Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eta adinekoendako udal-apartamentuak. Haurrei eta familiei laguntzeko programara ere auzo-unitateen bidez iristen da, bai eta Gizarteratzeko programara ere. 

2024an, Alde Zaharreko Auzo Unitateak 4.747 kasu artatu zituen orotara. 1.606 laguni eman zieten ordua Harrerako programarako; 1.259 laguni Gizarteratzeko programarako: 797ri Haurrei eta familiei laguntzeko programarako, eta beste 568 laguni mendekotasunarekin lotutako kontuetarako. Gainerako 494 kasuak sailkapenerako zerbitzuan artatu zituzten.
Alde Zaharreko Auzo Unitateak 108 familiari ematen die zerbitzua familiei laguntzeko programaren barruan; 171 adingabe daude haurrei laguntzeko programan, eta 166 gizarteratzeko programan. 2024an, larrialdietarako 153 laguntza eman zituzten Alde Zaharrean: 63.171,72 euro guztira. Halaber, larrialdietarako 21 ezohiko laguntza tramitatu zituen, eta errenta bermatua eskuratzeko 672 eskaera ere bai, besteak beste.

 

¿Te ha sido útil esta página?