Iruñeak 80 pinu-, lizar- eta arte-ale berri gehitu dizkio gaur goizean hiriko zuhaitz-masari. Iruñeko eta Iruñerriko Lanbide Heziketa Bereziko zortzi ikastetxetako ikasleek eta irakasleek landatu dituzte, Basogintzako Ikastetxe Integratuko ikasleek lagunduta, jardunaldi hau ingurumena sustatzeko hezkuntza proiektu integral baten barruan antolatu baitute. Aukeratu den lekua Mendebaldeako disuasio-aparkalekuaren ondoan dagoen zelaia izan da, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eta Nafarroako Liburutegiaren atzealdean.
Borja Izagirre Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkaria jardunaldian izan da Iruñeko Udalak ingurumenarekin eta ikasteko zailtasunak dituzten eta Lanbide Heziketa Berezia egiten duten ikasleen prestakuntza integralarekin duen konpromisoaren erakusgarri gisa. Ekimena hezkuntza-proiektu integral baten parte da. Proiektu horrek ikasleei landare, zuhaixka eta zuhaitzen haziak ekoizten eta landatzen irakastea bilatzen du, baita ingurumen-heziketa eta komunitaterako zerbitzua sustatzea ere. Era berean, Basogintzako Ikastetxe Integratuaren jardueraren berri zabaltzen da bikaintasun-zentro gisa, ikasleengan ingurumen-jarrerak eta -ezagutzak sustatzen dira, eta ikasleen prestakuntza pertsonala eta zeharkako gaitasunak hobetzen laguntzen da, haien hezkuntza arruntaren barruan.
Jardunaldia 09:00ak aldera hasi da. Basogintzako Ikastetxe Integratuan landareak bildu eta Mendebaldeako landaketa-punturaino kamioi batean eraman dira. 10:00ak aldera, Basogintzako Ikastetxe Integratuko ikasleak zelaigunera iritsi dira landareak eta materialak (aitzurrak, eskorgak, palak) prestatu eta banatzeko. Goizean zehar, Iruñeko Udaleko lorezaintzako langileen babesa eta laguntza izan dute. 11:00ak aldera, eta eguerdira arte, Iruñeko eta Iruñerriko Lanbide Heziketako hainbat ikastetxetako 150 ikasle eta irakasle bertaratu dira, eta hainbat ale landatu dituzte. Horien bidez, hiriak zuhaitz-masaren azalera handitzen jarraituko du.
Maria Ana Sanz ikastetxeko, CENIFEReko, Burlata Ikastetxe Integratuko, Cuatrovientos Ikastetxe Integratuko, Isterria Hezkuntza Bereziko Ikastetxeko, Hezitzaileen Eskolako Ikastetxe Integratuko eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasleek eta irakasleek parte hartu dute. Jardunaldia antolatzen duen Basogintzako Ikastetxe Integratuaren aldetik, Lorezaintzako eta Nekazaritzako Laguntzaileen Lanbide Heziketa Bereziko eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueren Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak izan dira. Zehazki, 30 lizar landatu dituzte (fraxinus excelsior eta fraxinus angustifolia), 2 eta 3 metro arteko altuerakoak; 30 arte (quercus ilex), 1,5 metroko altuerakoak; 15 laricio pinu-ale (pinus nigra), 1 metroko altuerakoak, eta 5 halepo pinu (pinus halepensis), 2 metroko altuerakoak.
Hezkuntza-proiektu integrala
Zuhaitzak landatzea hezkuntza-proiektu integral baten bost faseetako bat da, eta honako hauek barne hartzen ditu: landareak ekoiztea, horiek birlandatzea eta kontserbatzea edo garraiatzea eta aleak kokatuko diren eremua prestatzea. Horrez gain, ingurumen-hezkuntzako jarduerak ere biltzen ditu, besteak beste, Iruñeko Udalaren Lorategi Zerbitzuak hirian landaketak egiteko orduan jarraitzen dituen ingurumen-irizpideak ezagutzeko.
Lehenengo fasean, ikasleek haziak bildu, hautatu eta prozesatu dituzte ernamuintzeko beharrezkoak diren prozesu ezberdinen bidez; hazi horiek erein dituzte Basogintzako Ikastetxe Integratuko edukiontzi egokiak hautatuz, eta landareak birlandatu eta berraldatzeko prozesua egin dute, hainbat ekoizpen-eremutatik igaroz (berotegia, itzalgunea, loreontzietan hazteko lursailak, eta, azkenik, lurrean hazteko gunea). Landareak hiru urtez zegokien bezala ureztatu, berraldatu eta ongarritu dira.
Ondoren, bigarren fasean, landarea birlandatu, kontserbatu eta garraiatu da. Ikasleek sustrai biluzian atera dute landarea baliabide mekanikoen edo eskuzkoen bidez, mintegi-guneak prestatu dituzte eta landareak behar bezala kargatu dituzte garraiatzeko. Hirugarren fasea landarearen landaketa prestatzean datza, bitarteko mekanikoak edo eskuzkoak erabiliz zuloak egitean. Ikasleek landaketa-eremua mugatu eta seinalatu dute, eta landareak banatu dituzte.
Laugarren fasea prestaketa eta landaketa da, ostegun honetan egin dena. Basogintzako Ikastetxe Integratuko ikasleek landaketa nola egin erakutsi diete gainerako ikasleei. Aurrez mugitutako lurra erauzi dute, landarea altuera egokian jarri, hautatutako materialarekin bete, eusteko tutoreak eta gomak ipini eta pinu-azala jarriz amaitu dute. Bosgarren fasea sentsibilizazioarekin lotuta dago, hiriko floraren eta ingurumenaren zaintzaren garrantzia nabarmentzeko jarduerekin.