Lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten 60 pertsona gizarte- eta osasun-laguntzako eta garbiketa-lanei buruzko prestakuntza jasotzen ari dira Udalak sustatutako ikastaroen bitartez

Lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten 60 pertsona gizarte- eta osasun-laguntzako eta garbiketa-lanei buruzko prestakuntza jasotzen ari dira Udalak sustatutako ikastaroen bitartez
CNAI-Ikasketa Integraleko Nafarroako Zentroarekin egindako hitzarmen bati esker, IWERren lokaletan ematen zaie prestakuntza gizarte-zerbitzuetan izena emanda dauden pertsonei
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten 60 pertsona guztira, bi prestakuntza-ekintzatan parte hartzen ari dira,  gizarte- eta osasun-laguntzari eta garbiketa-lanei buruzko ezagutzak eskuratzeko. Iruñeko Udalak bultzatutako bi ekintza horiek Arrotxapeako IWER eraikineko lokaletan egiten ari dira, CNAIrekin elkarlanean —Hezkuntza departamentuaren menpeko Nafarroako Gobernuaren erakunde publikoa da CNAI—. 

Laneratzeko zailtasunak dituzten herritarrei lan-kontratu bat lortzeko aukera ematea da ekintza horien helburua. Izatez, jasotako prestakuntza egiaztatzeko modu bat izan daiteke Profesionaltasun Ziurtagiri bat eskuratzeko orduan. Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeak bi prestakuntza-ikastaroetara egin du bisita, eta parte-hartzaileen lan-bizitza bideratzeko ematen diren irakasgaien berri jaso du.

Prestakuntza-proposamenetako bat  mendekotasun egoeran edo desgaitasunen bat duten Pertsonak erakundeetan artatzeko dauden pertsonei arreta emateko ikastaro bat da. Bertan, 40 pertsonak parte hartzen dute, bi taldetan banatuta. IACTIMA giza baliabidetako aholkularitza-enpresak ematen du ikastaroa, enpresa hori izan baitzen kontratuaren adjudikazioduna. Prestakuntza hori Europako Next Generation EU funtsek finantzatzen duten Reskillig-Upskilling lanbide-kualifikazioaren deialdiaren ondorioz sortu da, eta horren bidez, biztanleria aktiboaren lanbide-kualifikazioa hobetu nahi da, arreta berezia eskainiz bazterketa-arriskuan dauden pertsonei.

Bestea Garbiketa-ikastaro bat da; 20 pertsonak parte hartzen dute, eta Formación Continua enpresak ematen du. Jarduera hori Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak INTRO proiektua abian jartzeko duela hilabete batzuk sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker gauzatu da. Proiektu horren bidez, zaurgarritasun-egoeran dauden migratzaileei lan-aurreko prestakuntza eta gaikuntza eman nahi zaie.

Hori dela eta, ikastaro horietan parte har dezakete, bai egoera erregularrean, bai egoera irregularrean dauden pertsonek ere. Kasu gehienetan emakumeak dira parte-hartzaileak. Gizarte- eta osasun-laguntzako ikastaroetan, 36 emakume eta 4 gizon ari dira prestakuntza jasotzen. Bestalde, garbiketa ikastarora 16 emakume eta gizon bat joaten dira. Adin-tarteen arabera, jarduerak 20 urtetik gorakoendako dira. Hala ere, parte-hartzaile gehienak 30 eta 50 urte bitartekoak dira. Gehienak egoera erregularrean daude, baina erdiak ez du familiaren babesik Iruñean. Horrexegatik, hain zuzen ere, bi ikastaroak goizez ematen dira, parte-hartzaileek familia eta lana uztartzeko aukera izan dezaten. 

Profesionaltasun-ziurtagiria
Prestakuntza horren bitartez, Udalak laneratzea errazteko gaitasunak eta tresnak eskaini nahi dizkie pertsona horiei. Izan ere, bi ikastaroak egiaztagarriak dira Profesionaltasun Ziurtagiri bat lortzeari begira, prestakuntza ez-formalaren bidezko gaitasun profesionalak aitortzen baitituzte.

Mendekotasun Egoeran edota Desgaitasunen bat duten Pertsonak Erakundeetan Artatzeko ikastaroak 370 prestakuntza-ordu ditu, eta ekainaren 3an hasi ziren eta azaroaren 19an amaituko dira. Prestakuntza horretan parte hartu dutenek mendekotasuna duten pertsonekin eguneroko ekintzetan jarduteko teknikak eta moduak jorratu dituzte, besteak beste, elikagaiak ematekoak, higiene- eta garbitasun-zereginak eta lehen sorospenak. Prestakuntzan sartzen dira halaber, banakako zaintza-planak egitea, mendekotasuna duten pertsonen behar bereziak —mobilizazioa eta lekualdatzea, esaterako— eta gizarte animazioa, besteak beste. Era berean, erakundeetan dauden mendeko pertsonekin komunikatzeko teknikak irakasten dira ikastaroan. 370 orduko prestakuntza horrek guztiak 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko gaitasuna egiaztatzen du.

Garbiketa-ikastaroarekin, parte-hartzaileek 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiri bat eskuratu ahal izanen dute eraikin eta lokaletako oinarrizko garbiketa-lanetan. Ikastaroa irailean hasi zen eta abenduaren erdialdean amaituko da. Guztira, 190,5 orduko prestakuntza teorikoa eskainiko du, eta horiei praktiketako beste 40 ordu gehitu beharko zaizkie. 

Garbiketa- eta mantentze-lanak ikasteaz gain, parte-hartzaileek zeharkako beste gaitasun batzuk ere lantzen dituzte, hala nola komunikaziorako, gatazkak konpontzeko, denbora kudeatzeko eta talde-lanerako gaitasunak, besteak beste. Era berean, gaitasun digitalei buruzko oinarrizko ezagutzak jasotzen dituzte, hala nola, telefono mugikorraren erabilera lana bilatzeko edo administrazio publikoekin izapide digitalak egiteko. Azkenik, prestakuntzaren barruan, lana aktiboki bilatzen irakasten zaie. Azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran eginen dituzte praktikak, beharrezko ezagutza teknikoak eskuratutakoan. 


 

logos next educación

¿Te ha sido útil esta página?