Labriteko pasabidea berriz ere ireki da oinezkoendako eta ziklistendako, Labriten bastioia eta Media Luna parkea lotzen dituen azpiegitura hori indartzeko eta konpontzeko obrak amaitu ondoren. Azpiegiturak- karga dinamiko eta estatikoko probak gainditu zituen abenduan, 300 kg/m2-ra arte, eta horrek haren segurtasuna bermatzen du.
Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideek, Enrique Maya Iruñeko alkatearekin batera, gaur bisitatu dute azpiegitura hori, zeinetan joan den martxoaz geroztik hobetze-lanak egin baitira. Lanak luzatu egin dira konponketak aurrera egin ahala detektatzen ziren gabezia berriak zirela eta. Zentzu horretan, joan den ekaineko txosten batean, konponketa-proiektua eragin zuten Nafarroako Ingeniarien Elkargoak antzemandako akatsak alde batera utzita, pasabidearen altzairuzko sarean eta osatzen duten atal desberdinen soldaduran eraikuntza-gabeziak adierazi ziren. Gabezia horiek lana eta hori egiteko denbora asko areagotzea zekarten eta hasierako proiektuan aurreikusitako sendotze-lanei gehitu zitzaizkien.
Hala, soldaduran gabeziak detektatu ziren, kanpoko xaflen (zutoinak) eta zuakerren eta egituraren goiko eta beheko nerbioak deitutakoen artean. Gabeziak zeuden, halaber, beheko luzetarako nerbioen gaineko xaflen arteko soldaduretan eta pasabideko korapiloko zuakerretan. Akats hori gainerako goiko xafletara hedatzen zen egituraren luzera osoan behealdea zuinkatzen zuten tiradera itxietan. Era berean, pilotalekuaren egituraren gaineko pasabidearen tarte laburrari eusteko ataria indartu behar izan zen, eta, geroago, euri-urak Media Luna parkeko eta Jito Alaiko zubi-branken euskarrietatik urruntzen saiatu, berrurbanizazio-obren eta urak bideratzeko obren bidez. Txertatu diren mota guztietako sendogarriek 40 tona altzairu ordeztu dituzte eta soldadurak % 30ean areagotu dira egituraren atalak finkatzeko.
Hilabete hauetan egindako lanek ardatz izan dute xaflak mailaka altxatu eta mozterakoan detektatutako gabezia horiek guztiak konpontzea, bai eta proiektu-fasean detektatutako lanei aurre egitea ere, denboraren joanak eragindako korrosioa urez kentzea eta pasabideko azaleran iragazgaitzeko prozesu bat egin zaion zoladura irristagaitz bat instalatzea barne hartzen zutenak.
Lanak bukatutakoan, horien tamaina eta kostua ezagutu eta hasierako eraikuntza-lanetan aurkitutako gabeziak egiaztatu ondoren, Udalak gastuen ordainketa erreklamatzeko asmoa du proiektuaren, zuzendaritza teknikoaren, obra gauzatzearen eta hainbat azterketaren erantzukizunak eskatzen zaizkien aldeei.
Indartzeko eta konpontzeko lanek 807.214 euroko kostua izan dute, eta horiei gehitu behar zaizkie 2016tik gaur egun arte enkargatutako azterketa- eta lan-teknikoak, konponketa-proiektua, ikuskapenak eta aldamioak jartzea, bai eta azpiegituraren inguruko beste esku-hartze batzuk ere, guztira 1,4 milioi euroko gastura iritsita. Udalak orain kopuru hori erreklamatuko die prozesuan parte hartu duten aldeei –proiektuaren idazketaren eta gauzatzearen arduradunei eta zuzendaritza fakultatiboari– erantzukizuneko prozedura baten bidez. Horretarako, ekainean jada notario-akta bat enkargatu zen, konpontzeko lanei esker aurkitu eta dokumentatu ahal izan diren kalte guztiak islatzeko.
2010eko abenduan inauguratu zen
Pasabidea Labrit aldaparen gaineko bi harresi-tarteen arteko 7,14 metroko desnibela gainditzeko irtenbide praktiko eta estetiko gisa planteatu zen. Izan ere, bide hori ibilgailuen trafikoaren hirirako sarbide garrantzitsuenetako bat da, eta harresi-barrutiko oinezkoen jarraipena eteten duen oztopo bat da, Barbazan Apezpikuaren ingurabidearen eta Labrit bastioiaren eta San Bartolome gotorlekuaren artean, Media Luna parkean. Hura saihesteko “Y” formako 73 metro luzerako eta 3,5 metro zabalerako pasabide bat eraiki zen, eta 2010eko abenduan inauguratu zen.
Lehenengo arazoak 2016an detektatu ziren, altzairuzko xafletako batzuen oxidazio- eta narriadura-arazoengatik. Hainbat aldiz unean-unean mantentze-lanak egiteko itxi ondoren, pasabidea oinezkoendako behin-behinean itxi zen 2016ko uztailaren 5ean eta behin betiko urte bereko irailean.