Labrit pilotalekuan erremonte-txapelketa bat eta jarduera gastronomiko eta kulturalak eginen dira hamar jaialditan, ostegunetan, urtea amaierara arte

Labrit pilotalekuan erremonte-txapelketa bat eta jarduera gastronomiko eta kulturalak eginen dira hamar jaialditan, ostegunetan, urtea amaierara arte
Ekimena IRHUBI proiektuaren parte da, EGEF funtsen bidez finantzatuta dago eta euskal pilotaren sustapen kultural eta turistikoaren alde egiten du
remonte

 

Urriaren 15ean, ostegunarekin, abiatuko da Labrit pilotalekuan erremonteko hamar pilota-jaialdiz osatutako programazioa: erremonteaz gain, euskal pilotako beste modalitate batzuetako erakustaldiak eta jarduera gastronomiko eta kulturalak eginen dira. Proiektu pilotu bat da, IRHUBI pilota proiektuaren barruan dago eta kirol- eta turismo-proposamen bat diseinatu du euskal pilotan ohikoak ez diren beste modalitate batzuetara jendea erakartzeko asmoz; horretarako, astero eskaintza bat prestatu da urriko, azaroko eta abenduko ostegunetan.

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin zuen jaialdi horiek antolatzeko laguntza teknikoko kontratuaren adjudikazioa, 40.000 euroan, elkarrekin parte hartzen duten hiru entitate hauen alde: Euskal Herriko Pilota Konfederazioa, Labrit Multimedia eta Berriozar Jai Alai. Jaialdi bakoitzean erremonte partida bat jokatuko da, eta horren aurretik erremintako beste espezialitate bateko erakustaldi bat (zesta-punta, xarea, goma-paleta edo larru-paleta), jarduera parte-hartzaileen erakustaldi bat (lagun-taldeen arteko trebetasun-erronkak, zehaztasun txapelketak) eta jarduera gastronomikoak eginen dira. 

Jaialdiak ostegunetan eginen dira: urriaren 15, 22 eta 29an; azaroaren 5, 19 eta 26an, eta abenduaren 3, 10 eta 17an. Erremonte-txapelketaren finala abenduaren 20an izanen da, igandearekin, Labrit pilotalekuan. Ekimenean Nafarroako erreminta-klubek eta lehen mailako erremontistek parte hartuko dute, baita beste espezialitate batzuetako pilotariek ere. Jaialdietara doan sartzen ahalko da.

IRHUBI Pilota proiektua
IRHUBI Pilota mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren xedea da euskal pilotaren inguruko ondarea ustiatzea ikuspegi kultural eta turistiko batetik abiatuta. Iruñeko Udalak gidatzen du proiektua, eta Uharteko eta Biarritzeko udalek, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak, Iparraldeko Pilota Batzordeak eta Biarritz Athletic Clubek ere parte hartzen dute. Proiektuak 3.602.895,50 euroko aurrekontua du, eta % 65 EGEF funtsekin finantzatu da, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bitartez.

2024ko urtarrilean abian jarri eta 2026ko abenduan amaituko den proiektuaren barruan euskal pilota dinamizatzeko ekintzak egiten ari dira elementu historiko kultural horren erakargarritasuna indartzeko eta mugaz gaindiko harremanak hobetzeko. Era berean, mugaz gaindiko produktu turistiko bat garatzen ari da kirol horren inguruan, lurraldeko eskaintza turistikoa dibertsifikatzen eta urte osora zabaltzen lagunduko duen elementu turistiko bat sortzeko.

¿Te ha sido útil esta página?