Labrit pilotalekuan eraikinaren energia-efizientzia hobetzeko lanak egiten ari dira. Horretarako, instalazio termikoa berritu dute, energia berriztagarria ekoitzi eta energia berreskuratzeko. Lanak irailean hasi eta urtea amaitu baino lehen bukatuko dira. Dena den, bi edo hiru hilabete itxaron beharko dugu pilotalekuan pilota-txapelketak berriz egiteko.
Iruñeko Udaleko Lehendakaritza Batzordeko kideek gaur goizean bisitatu dituzte lanak. Instalazio termikoaren lanak amaitutakoan, beste obra batzuk abiatuko dira eta inguratzailearen konponketari amaiera emateko polikarbonatozko estalkia eta dorreak berrikusiko dira, hala zehaztu baitute teknikariek. Halaber, makina-gela berria xafla zulatuzko itxitura batekin estaliko da, eraikinaren fatxadan txertatzeko. Lanek 1.045.000 euroko kostua dute, eta horietatik 283.257,10 euro Next Generation EU Europako funtsetatik heldu dira, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.
Zehazki, instalazio termikoaren makina-gela frontoiaren estalkietako batean birkokatzea aurreikusten du proiektuak. Hori dela eta, egungo estalkian ere arituko dira lanean. Instalazioen areto berria pilotalekuaren estalkian kokatuko da, hego-mendebaldeko fatxadan, Joan Labritekoa aldaparen ondoan. Nafarroako Pilota Federazioaren bulegoen klimatizazio-makineria ere bertan jarriko dute, egun kanpoaldean baitago, kantxaren hormaren gainean. Makinak eta instalazioak birkokatu ahal izateko beharrezkoa da eutsiko dituzten estalkiko egiturak egiaztatzea eta eremua iragazgaitza dela bermatzea.
Orain arte, lanek isurkiaren egituraren berrikuspena eta iragazgaiztea izan dituzte ardatz, bertan instalatuko baitira instalazio termikoaren makina berriak. Lan horiek ezinbestekoak ziren urtea amaitu aurretik instalazio termikoa bukatu ahal izateko. Izan ere, datozen asteetan energia-sorkuntza berriztagarriko eta efizientzia handiko ekipamenduak instalatzea aurreikusten da. Horri guztiari esker, eraikinaren energia-kontsumoa zein CO2 emisioak murriztuko dira, sorkuntza termikoko instalazioen deskarbonizazioaren bitartez.
Ondoren, polikarbonatozko estalki inklinatua eta hiru dorreen teilazko estalki inklinatuak berrituko dira, iragazgaiztea hobetzeko. Halaber, txapazko estalkiko eremu jakin batzuetan dauden itogin-arazoei helduko zaie. Azkenik, aurretik aipatutako inguratzaile edo ‘kutxa’ eraikiko da, eta bertan gordeko dira teilatuan kokatuko diren instalazioak.
Lan horiek guztiak otsailera arte luzatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera. Hori dela eta, kirol-txapelketak ezinen dira berriz egin datorren urteko martxora arte.
Labrit pilotalekua, 'La Bombonera' ere deitua, Iruñeko kirolaren sinbolorik handienetakoa eta euskal pilotaren erreferentea da. 1952an inauguratu zen, duen gertuko giro kartsuagatik nabarmentzen da eta 1.200 lagun ingururendako edukiera dauka, ikusleek partida bakoitza intentsitate osoz bizi dezaten. Lehen mailako txapelketak egiteaz gain, kultur jarduera ugari ere egin dira bertan, hiriaren bihotzean dagoen gune dinamiko gisa finkatuta. Hilabete hauetan egindako lanek bermatuko dute jarduerarekin baldintzarik onenetan jarraitu ahal izatea eta Iruñeak pilotaren munduko hiriburu gisa duen funtsezko azpiegitura hori zaintzea. 