LaBajera Enpresari Gazteen Elkartearen erakusleihoan jaiotza ekintzaile bizidun bat dago. Aktoreen tamaina errealeko irudiz irudikatutako fikziozko hamar pertsonaia daude ikusgai Udalak Kale Nagusiko 59. zenbakian lagatako espazio horretan. Ekimenak egungo gizartean dauden egoerak, errealitateak eta enpresaburuak ikusarazi nahi ditu. Jaiotza abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra egonen da ikusgai.
Enrique Maya Iruñeko alkatea jaiotzaren inaugurazioan izan da. Bertan, edozein pertsonak bere eginen lituzkeen zenbait istorio pertsonal agertzen dira. Hamar profil horiek kuadrilla bat osatzen dute, eta LaBajeran elkartzen dira, hiriaren erdigunean, beren proiektuak sustatzeko. José, María, Patxi, Lucía, Oier, Angel, Lorea, Antxon, Ane eta Maitek osatzen dute kuadrilla.
Jaiotza berezi honen protagonistak honako hauek dira: José, aparejadorea da eta familia-aroztegi baten buru Baztanen; Maria, Mendigorrikoa da eta kontabilitate-aholkularia, bere koadrila osoaren diru-kontuez arduratzen da; Maite, ingeniaria da eta ikuztegi industrial bat sortu du Alesbesen; Angel, komunikazioan aditua, mundu guztiari kontatzen ari zaio kide berri bat iritsi dela taldera; Lucía, fisioterapeuta da Lizarran; Loreak ekitaldiak egiteko negozio bat du Zangozan; Patxi Arbizukoa da eta Iruñean coworking bat sortu du; Antxon, Zaraitzun ekologikoan ekoizten duen nekazari-abeltzaina; Anek, coaching-ean dihardu Nafarroako Erriberan; eta Oier, komunikazioaren, marketinaren eta merkataritzaren arloan aritzen da Tafalla aldean.
Enpresari gazteen kanpaina honen helburua profil horien istorioak kontatzea da, tokiko negozioen eta enpleguaren aldeko apustuan bultzada eta babesa behar baitute. Jaiotzak ikus-entzunezko edukia ere badu, eta elkartearen www.labajera.com webgunean eta sare sozialetan ikus daiteke.
Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartea irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta 140 enpresa gaztek baino gehiagok osatzen dute. 21 urte daramatza enpresa gazteek Nafarroako ekonomia- eta gizarte-ehunaren garapenean duten eginkizuna babestu eta aitortzeko lan egiten. Kalkuluen arabera, sortzen diren negozioen ia % 90 ez dira 5 urtera iristen; horregatik, laguntza eta aholkularitza profesionala behar dira ekintzailetza errazteko.