La Pamplonesaren kontzertua, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera nahiz dianak kaleetan barna dira Udalak Aldapako San Fermin jaiei egindako ekarpenak

La Pamplonesaren kontzertua, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera nahiz dianak kaleetan barna dira Udalak Aldapako San Fermin jaiei egindako ekarpenak
Konpartsa larunbat arratsaldean eta igande goizean aterako da; La Pamplonesaren kontzertua larunbatean izanen da, 19:00etan, Udaletxe plazan

Asteburu honetan Aldapako San Fermin jaiak ospatuko dira, irailaren 27tik (ostirala) 29ra (igandea). Iruñeko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu larunbat eta iganderako, herritarrek parte har dezaten. Larunbat arratsaldean La Pamplonesak Udaletxe plazan joko du; larunbat arratsaldean ere eta igande goizean Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa aterako da; eta bi egun horietan goizez dianak ibiliko dira Alde Zaharrean barna.

Larunbatean, 09:00etan, Udalaren gaitari eta txistulariak Alde Zaharreko kaleetan barna ibiliko dira beren musikaz egunaren lehen orduak girotzeko. Udaletxe plazatik aterako dira eta bi ibilbide ezberdin eginen dituzte, berriro Udaletxeko atera itzultzeko. Gaitariek hainbat kaletan joko dute (Kale Berria, Aduanako zokoa, Kale Nagusia, Eslava kalea, San Frantzisko plaza eta Ansoleaga); eta txistulariek, beste batzuetan (Calceteros, Pozo Blanco eta Comedias kaleak, Sarasate pasealekua, San Gregorio, San Migel, Zapatería eta Pozo Blanco). Igandean, 09:00etan ere bai, dianak berriro, gaitariek eta txistulariek ibilbidea trukatuko dutelarik.

Larunbat arratsaldean, 17:00etarako dago aurreikusita Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera autobus-geltokitik. Hortik Alde Zaharrera joanen dira, honako ibilbidetik: Bake plaza, Yanguas y Miranda, Gartzia Ximenez, Orreaga, Karlos III.a eta Ahumada Dukearen kalea. Behin Alde Zaharrean, honako ibilbide hau eginen dute: Estafeta, Telleria, San Agustin, Calderería, Curia, San Jose plaza, Redín, Zaldi Zuria, Barquilleros, Jauregiko Aldapako kalea, Aldapa, Jauregiko Aldapako kalea, Merkatuko kalea eta San Domingo, Udaletxe plazaraino. Konpartsaren irudiak Iruñeko Udaletxeko ezkaratzean gordeko dira igande goizera arte.

Udaletxe plazan, 19:00etatik aurrera izanen da dagoeneko Aldapako San Fermin jaietan ohikoa den kontzertua, La Pamplonesa Udalaren musika-bandaren eskutik. Musika atari zabalean, non askotariko lan-sorta hautatua joko baita: pasodobleak eta martxak, beren musikagile nagusien –Manuel Turrillas eta Silvano Cervantes– lan ezagunenetako batzuk, eta beste pieza batzuk, esaterako, Iruñeko Udalaren Maestro Turrillas pasodoble-konposizioko I. Lehiaketako irabazlea. Kontzertuan Jesús Garísoain izanen da zuzendari.

 

Gigantes


Igandean ere, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, eta Udalaren dantzariak

Dianekin goizean goiz altxatu ostean, igande goizean berriro aterako da Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, San Ferminen ohorezko prozesioan parte hartzeko. Udaletxeko ateak 11:00etan irekiko dira, konpartsa atera dadin, eta jarraian honako ibilbide hau eginen dute: Zapatería, Kontseiluko plaza, Kale Berria, Udaletxe plaza, San Domingo, Merkatuko kalea, Jauregiko Aldapako kalea eta Maiatzaren Biaren kalea, Corazonisten elizaraino. Nabarreria burgu zaharreko kaleetan barnako prozesioan parte hartu ostean, autobus-geltokira itzuliko dira gero. Itzulera-ibilbidea, hauxe izanen da: Carmen kalea, Navarrería, Curia, Compañía, Merced, Telleria, Estafeta, Ahumada Dukearen kalea, Karlos III.a, Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua, Alondegi kalea, Tutera, Gartzia Ximenez, Yanguas y Miranda eta Bake plaza.

Udalaren dantza-taldeak, 11:30ean, banderari eraginen dio Arrotxapeko zubian (Zamargileen zubia); ondoren, kalejiran joanen dira San Domingoko aldapan gora, Aldapako San Fermin elizara. Bertan santuaren ohorez eginen dute dantza eta prozesioa lagunduko dute, La Pamplonesa eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin batera.

Gero, 13:15ean gutxi gorabehera, Udalaren dantza-taldea Udaletxe plazara joanen da, ezpata-dantza dantzatzeko. Dantzariek ezpata-sareta bat osatuko dute kapitainaren lepoaren inguruan (irudi horri lepogabetua deritzote). Behin sareta osatuta, kapitaina metro eta erdi goratuko dute, banderari Udaletxerantz begira eragiten dioten bitartean, agur gisara. Horien atzetik, azkendariek zortzikoa dantzatuko dute berriro, kapitaina lagun dutelarik, ezpata goratuei eragiten dieten bitartean.