La Pamplonesak beste lau kontzertu eskainiko ditu larunbatean, Ziudadelan, pasa den asteko leku-kopurua bikoiztuta

La Pamplonesak beste lau kontzertu eskainiko ditu larunbatean, Ziudadelan, pasa den asteko leku-kopurua bikoiztuta
Izena eman daiteke asteazkenean eta ostegunean, hilak 24 eta 25, 010ean, eta ostiralean eginen da 280 sarrera bikoitzen zozketa
Irudia
Irudia



La Pamplonesa udal-musika bandak beste lau kontzertu eskainiko ditu larunbatean, Ziudadelan, bertako zelaietako bi eremu mugatu eta bereizitatan. Aldi berean joko dute bi agertokietan, eta haietako bakoitzean, errepertorio bereko bi saio emanen dituzte, ondoz ondokoak, bat 19:00etan eta bestea 20:15ean. Hauxe da La Pamplonesaren bigarren larunbat musikala, eta COVID-19aren krisiak eragindako alarma-egoera amaitu denetik, lehena.
 

Distantzia fisikoak behartuta formatu txikiko kontzertuak izan behar dutenez, Iruñeko Udalak sarrerak zozketa bidez esleitzea erabaki du. Lau kontzertuetako batera joateko 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan (948 420100) eman behar da izena, asteazkenean eta ostegunean, hilak 24 eta 25, 08:00etatik 19:00etara. Zozketa ostiralean izanen da, ekainak 26, eta zoridunei SMS bidez jakinaraziko zaie. Ekainaren 20an egin zen lehen emanaldia eta eduki zuen harrera ikusita, Udalak erabaki du toki-kopurua bikoiztea, eta hortaz, 280 sarrera bikoitz zozketatuko dituzte (70 sarrera bikoitz emanaldi eta agertoki bakoitzeko).
 

Programazio berezi honek, formatu txikikoa izanagatik ere, askotarikoa izan nahi du, eta ikus-entzule guztiendako diseinatuta dago. 1. agertokian, J. Vicent Egeak zuzendutako kontzertua emanen du metal- eta perkusio-taldeak, bandarako jatorrizko obrez eta moldaketez osatua; errepertorioaren lehen zatia fanfarrietara eskainia izanen da, eta bigarrena, askotariko estilo eta egileren dantzetara. 2. agertokia zinemari eskainia izanen da, eta Jesús Garisoain arituko da zuzendari zur-haizeko bi talderekin. Lehen zatian jatorrian zinemarako konposatutako obren sorta bat interpretatuko dute, guztiontzat ezagunak diren doinuez –Harry Potter, Star Wars eta Frozen, besteak beste–, eta gero, bigarren zatia marrazki bizidunen musikari eskainiko diote. Agertoki honetako emanaldiari Turrillas maisuaren konposizio batez emanen diote buru.
 

Kontzertu-gunera sartu ahal izateko NANa erakutsi beharko da, eta eremu bakoitzerako sarbidea baimendutako edukieraren arabera kontrolatu eta arautuko da. Musikarien eta ikus-entzuleen kokapena urruntze sozialaren arauekin bat eginen da, eta bertaratzeko, segurtasun-tarteak gorde beharko dira sarbideetan, eta maskara jantzita sartu. Behin ikus-entzuleak eserita eta betiere elkarren artean segurtasun-tartea gordeta, maskara erabiltzea gomendagarria izanen da.