Kultura-, natura-, kirol- eta familia-turismoa udako hilabeteetan Iruñea hobeki ezagutzeko

Kultura-, natura-, kirol- eta familia-turismoa udako hilabeteetan Iruñea hobeki ezagutzeko

foto

Iruña sanferminetatik haratago ezagutzea, bere kultura-aberastasuna, ondarea, berdeguneak eta lorategiak, jolas- eta kirol-proposamenak, hori da Iruñeko Udalak eskaintza turistiko anitzaren bidez udako hilabeteetan erdietsi nahi duena. San Saturnino kalean eta Udaletxe plazaren ondoan dagoen Iruñeko Turismo Bulegoak proposamen osatua du hiria eta inguruak familian, lagunekin edo bakarrik ezagutzeko, kultura-, natura-, kirol- eta familia-turismoa egiteko, bisita gidatu eta jokoen bidez.

Zehatz esanda, udako hilabeteetarako hamar bat bisita gidatu antolatu dira, asteko egun ezberdinetan, Hiriko Alde Zaharra, parke eta lorategiak, katedrala, Iruña historikoa, eta batez ere sanferminak, entzierroa eta Hemingway ardatz hartuta, oinez, bizikletaz eta are, scooterrez egiteko. Kasu orotan, beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea, batzuk https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/eu webgunearen bidez eta beste batzuk Turismo Bulegoan bertan. Bisiten salneurria hautatutako jardueraren araberakoa da. Ordutegi zehatza www.pamplona.es/eu/promocionesturismo webgunean ikusten ahal da.

Bisita gidatuez gain, Iruñeak kultur-eskaintza zabal eta askotarikoa du, horien artean Kontuen Ganberaren eraikina, hiriko gotiko zibilaren adibide bakarra dena; edo Errege Artxibo Nagusia, Nafarroako Erregeen jauregia izandakoa eta XII. mendekoa, Rafael Moneok 2003an birgaitu zuena. Ziudadela ere bai, XVI. mendeko gotorlekua, eta hiriko Alde Zaharra inguratzen duten harresiak. Iruñeko kulturaren aberastasunaren parte dira elizak, besteak beste, katedrala eta San Nikolas, San Saturnino eta San Lorentzo elizak, eta Nafarroako museoa zein Kondestablearen jauregia, erakusketa gune ere badena. 

Hala ere, hiriak badu alderdi berde bat ere, parke eta lorategiei eta naturarekiko harremanari estu lotua. Izan ere, Iruña berdegune gehien dituen hirietako bat da, eta hori agerian uzten dute  diseinu japoniarreko Yamaguchi parkeak, Media Luna parkeak, Gaztelugibelek edo Takonerako lorategiek, Argaren bazterreko ibai-parkea ahantzi gabe. Kirol eta abentura jarduerak nahi dituztenek hainbat aukera aurkituko dituzte Iruñean, hala nola ibaian ibiltzeko kayaken alokairua, bizikletaren maitaleendako Trinitariosko parkeko Pump track pista; Antoniuttiko skate pista eta patinodromoa, baita eskalada eta salting egiteko hainbat alternatiba ere hiriaren inguruetan. Hori guztia Iruñeko kirol izarretako bat ahantzi gabe: pilota, Labrit pilotalekuan ikusi eta hirian zehar banatuta dauden frontoi publikoetako edozeinetan jolasten ahal dena. 

Egun batzuez Iruñeko kaleetan familiartean gozatu nahi duten bisitariek eta bizilagunek joko eta jarduera ludikoen bidez egiteko aukera izanen dute hiriko historia eta ondarearekin elkar eraginean arituz txikienen interesa era dibertigarri eta entretenigarrian pizteko. San Bartolome gotorlekua da familiarteko jardueren epizentroa udako hilabeteetan. Media Lunako lubanarroetan dago eta gotorlekuan familia-gynkanak, bisita gidatuak eta antzara-jokoa ere programatu dira, bisitari gazteenak erakarri eta hirian egonaldi atsegina pasarazteko. 
Horiendako, Iruñeak Trenaren parkea ere badu, trena interpretatzeko gunea; bertan familiek benetako tren-makinen eskalako erreprodukzioekin tren-ibilaldi batez gozatzeko aukera dute, hiriko trenaren historia ezagutzen duten bitartean. Gainera, hiriko kaleak zeharkatzen dituzten aire zabaleko hainbat ihes-joko daude, Sanferminak eta entzierroaren ibilbidea ardatz dituztenetatik hiriko historia ezezagunak ezagutarazten dituztenetara. 

Iruñeko Turismo Bulegoak jarduera horiei guztiei buruzko informazioa eskaintzen du eta tokiak erreserbatzeko aukera ematen du; horrez gain, turismoko teknikariek bisitari bakoitzaren interesen arabera zer ikusi eta zer egin aholkatzen dute. Gakoa, dena den, nola edo hala hiriaz gozatzea da eta historia, gastronomia, kultura eta jendea ezagutzea. 
 

¿Te ha sido útil esta página?