Kultur eskubideak demokraziaren osasunaren funtsezko zutabe gisa eztabaidagai Kondestablen eginen diren jardunaldian

Kultur eskubideak demokraziaren osasunaren funtsezko zutabe gisa eztabaidagai Kondestablen eginen diren jardunaldian
Udalak eta Eusko Ikaskuntzak datorren ostiralerako antolatu dute ‘Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak’ jardunaldia
Eusko Ikaskuntza

 

Kondestablearen jauregian eginen da maiatzaren 27an, ostiralarekin, 10:00etatik 13:30era, ‘Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak’ programaren lehen jardunaldia, Eusko Ikaskuntzak Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatuta. Ekimen horren xedea kultura eskubideen azterketan sakondu eta haren zabalkundean laguntzea da, osasun demokratikoari eutsi eta hura defendatzeko funtsezkoak direla kontuan hartuta. Jardunaldietara bertaratzea librea izanen da, aldez aurretik izena emanda www.eusko-ikaskuntza.eus webgunean. ‘Eskubide Kulturalak: zer, nola, zertarako?’ jardunaldia hiriko kultura-sarea osatzen duten kolektibo eta pertsonei zuzenduta dago, haien posizioa edozein delarik eta edozein sektorekoak direlarik ere: sorkuntza, kudeaketa, antolaketa, sustapena, prestakuntza eta abar.

Jardunaldia María García-Barberena Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariaren, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren eta Oskia Ugarte Artearen Historian lizentziadunaren eta kultura ekoizpenean aditu unibertsitarioaren ongietorriarekin abiatuko da. Ondoren, bi hitzaldi izanen dira. Nicolás Barbierik (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) eskubide kulturalen esparru teorikoa zehaztuko du eta Maider Marañak (Baketik) eskubide kulturalek ingurune digitaletan dituzten erronkei buruz hitz egingo du.  Hitzaldien ondoren elkarrizketarako tarte bat irekiko da. Jardunaldiaren bigarren zatia mahai-inguru baten bueltan eginen da, eskubide kulturalen esparrua praktikan jartzeko bideen inguruan. María Camino Barcenillak (Nafarroako Gobernua), Amagoia Gurrutxagak (Lanartea) eta Terexa Lekumberrik (EKE) parte hartuko dute, eta moderatzailea Oskia Ugarte izanen da.

Iruñeko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak lau urterako lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, eta bi erakundeek adierazten dute lankidetzan jardun nahi dutela ezagutza sor dezaketen proiektuak garatzeko eta Iruñeko gizartearendako zein, oro har, Nafarroakoarendako baliozkoak izan daitezkeen proposamenak egiteko. Hitzarmenean ezarritakoarekin bat, Eusko Ikaskuntzak urtero hedapen-ekitaldi bat antolatuko du (jardunaldia, mintegia, sinposiuma, hitzaldi-zikloa...), hirirako interes berezia izanen duena.

¿Te ha sido útil esta página?