Korrikaren 24. edizioa igande honetan iritsiko da Iruñera

Korrikaren 24. edizioa igande honetan iritsiko da Iruñera
Iruñeko Udalak erositako kilometroak Udaletxe plaza eta inguruko zenbait kale zeharkatuko ditu 14:38an
Joseba Asirón porta el testigo de la Korrika

 

Korrikaren 24. edizioa asteburuan iritsiko da Iruñera, eta zenbait auzotako kaleetan barna ibiliko da euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Iruñeko Udalak ekimen hau babesten du publizitate arloko babesletza-kontratu baten bidez, Udalaren konpromisoa indartzen duena euskararen erabilera sustatzeko.

2024an bezala, Iruñeko Udalak lasterketako kilometro bat erosi du, oraingoan 776. kilometroa, hain zuzen ere Udaletxe plazatik igarotzen baita. 14.38an iritsiko da Korrika bertara. Iruñeko Udalak tarte horretan parte hartzeko deia egiten die udal-taldeei, udal-langileei eta herritar guztiei. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkatea Udalbatzako beste kide batzuekin batera joanen da. 
Korrika San Saturnino kaletik iritsiko da Udaletxe plazara, eta lekukoa hurrengo erreleboari eman ondoren, San Domingoko aldapatik jaitsi eta eskuinera joko du Hezkuntza Departamentuaren aurretik pasatzeko; segituan, berriz igoko da Aldapa kalearen hasieraraino. Kilometroa hiru minututan eginen da, gutxi gorabehera. 

Lasterketa herrikoi honek Iruñeko beste auzo eta eremu batzuetan ere izanen du eragina. Igandean Korrika Etxabakoitzera iritsiko da 05:04an, eta 05:22an hiritik aterako da, Landaben aldetik. Goiz erdian, 11:26an, Txantrea auzotik itzuliko da Iruñera, eta 12:04an berriz aterako. 12:59an berriz ere sartuko da hirian Erripagañatik, eta 16:29an utziko du behin betiko Iruñea Landabenetik, ibilbidea Nafarroako beste herri batzuetatik jarraitzeko. 

Iruñeko Udalak publizitate arloko babesletza-kontratu bat sinatu du Korrikaren antolatzaileetako bat den Euskaraz Koop S erakundearekin. Kontratua 7.260 eurokoa da. Babesletza horrek, 776. kilometroaren erosketaz gain, barne hartzen ditu Udalaren presentzia instituzionala Korrikari lotutako publizitate-euskarrietan eta erositako kilometroaren ikus-entzunezko grabazioa. 

¿Te ha sido útil esta página?